Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Elorri Arcocha Mendinueta
Giza eta Gizarte zientzien doktorea

«XIX. mendeko 300 bat gutun ikertu ditut, emigranteek eta soldaduek Zuberoara, etxera, bidalitakoak»

Doktoretza tesia osatzeko historia behetik josi nahi zuen, herritar xumearen zapatetatik eta horretarako informazio iturrietan jarri behar da kontu berezia. Horrela iritsi da XIX. mendetik Lehen Mundu Gerrara bitartean Zuberoako etxeetan jasotako gutunak ikertzera.

Elorri Arcocha Mendinueta, elkarrizketarako ateratako argazkietan.
Elorri Arcocha Mendinueta, elkarrizketarako ateratako argazkietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zuberoan etxea utzi eta etorkin edo soldadu joan behar izan zutenek etxekoei eta lagunei bidalitako gutunak ikertu ditu Elorri Arcocha Mendinuetak (1991) doktoretza tesian, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. XIX. mende amaieratik Lehen Mundu Gerrara bitartean, etxetik urrun zeudenek Zuberoako beren bazter maiteetara bidalitako hitz horiek gauza asko kontatzen dituzte.

Gutuneria ikertu duzu zure lanean, 300 eskutitz inguru. Nolatan hartu duzu bide hori?

Askotan gertatzen den bezala, doktoretza ikerketa ideia batekin abiatu nuen eta, azkenean, iturriek pixka bat bideratu ninduten eta beste bide bat hartu nuen. Masterrean hau landu nuen: Ipar Euskal Herrian, hirugarren Errepublikaren pean, eskolaren eraginez eta maila apalagoan armadaren bidez, nola saiatu ziren bertakoak Estatu frantsesaren kultura nagusiaren edo ofizialaren barruan txertatzen, hau da, frantses herritarrak sortzen.

Doktoretzan ildo hori jarraitu nahi nuen, historia behetik egiten, jende arruntaren edo populazioaren ikuspuntutik. Horretarako iturri mota desberdin asko behar dira. Jendearekin hitz egiten, gutun fondo benetan erraldoi batera iritsi nintzen. Gero beste gutun sorta bat ere utzi zidaten, Maulen dagoen historialari elkarte batekin harremanetan jarri nintzen eta haiek ere utzi zizkidaten Lehen Mundu Gerrako soldadu baten gutunak... Azkenean, 300 gutunetik gora irakurtzen amaitu nuen eta ikusi nuen sekulako materiala nuela eta zerbait egin behar nuela. Gutun horiek ikertu ditut, garaiko gizarteari buruz zer esaten diguten ikertu nahi izan dut.

XIX. mendeko gutunak dira, gehienak bigarren erdialdekoak eta badaude Lehen Mundu Gerrako soldaduenak ere. Nik landutako gutunek Zuberoan dute jatorria, nahiz eta ez dauden bakarrik Zuberoako jendeen gutunak. Baina gehienak zuberotarrenak dira.

Migranteen eta Lehen Mundu Gerrako soldaduen gutunak dira.

Emigranteak Zuberoatik alde egin zutenak dira, gehienak Ameriketara. Baina badira tartean Madrilera edo beste leku batzuetara joandakoak ere, Bordelera edo Estatu frantseseko beste hiri batzuetara. Baina egia da XIX. mende hartan gehienak Ameriketara abiatzen zirela. Eta ikerketan badaude Lehen Mundu Gerrako soldaduen gutunak ere.

Ikertu ditudan gutun guztiek dute Zuberoarekin lotura, denak dira Zuberoan jasoak eta gehienak zuberotarrek idatziak dira. Emigratu zutenek edo gerrara joandakoek etxera bidaltzen zituzten gutunak dira. Ameriketatik Zuberoako familiek jasotako gutunak, frontetik jasotako gutunak eta badira Zuberoan bertan edo Nafarroa Beherean bizi zen jendeak igorritakoak ere.

Gutun horietan euskarak badu presentzia, ezta?

Horrelako ikerketa bat abiatzen duzunean, lehendabizi gaiaren inguruan dagoen literatura zientifikoa irakurtzen hasten zara. Topatu dut oraindik bizirik dagoen euskaldunei buruzko topiko bat: euskaldunek ez zuten idazten eta amorrua zioten alfabetatu eta idazteari. Ez zuten idazten eta are gutxiago, euskaraz. Aldiz, nik euskaraz idatzitako gutun mordoa topatu dut. Eta emigrazioa ikertzen duten beste ikerlari batzuek gauza bera esango dizute, batez ere Iparraldetik joandako emigranteen artean. Euskara hori batez ere familiarteko edo lagunarteko komunikazioa mantentzeko erabiltzen zen. Horretan ere fokua jarri nuen, topiko horiek deseraiki nahi nituelako edo, gutxienez, ñabardurak jarri.

Horrek esan nahi luke euskaldunek idazteko eta euskaraz idazteko gaitasuna zutela. Eta euskara etxeko hizkuntza zela.

Egia da, garai hartan, Iparraldea, Estatu frantseseko beste herrialde batzuekin konparatuta -adibidez Biarnorekin, mugan baitago- alfabetatze mailan -hori esaten dugunean frantsesezkoaz ari gara, euskaraz ez baitzegoen alfabetatzerik- atzeratuta zegoela. Gero Iparraldean bertan badira desberdintasunak kostaldean izan edo barrualdean. Baina, oro har, atzeratuta zegoen alfabetatze mailan. Horrek ez du esan nahi inondik inora ere euskaldunek ez zutenik idatzi nahi. Askotan esaten da euskaldunek ez zutela idatzi nahi eta uko egiten ziotela idatzi eta alfabetatzeari. Gutunen bidez ikusi daiteke hori ez dela egia. Batetik, euskararen erabilera ikusten delako eta, bestetik, gutunetan ikusten delako frantsesez idazten ere ahalegintzen zirela. Kontuan hartu behar da klase altukoek bazekitela frantsesez idazten eta alfabetatuak zeudela. Lehenak izan ziren euskara baztertzen. Baina behe mailako klasekoak ahalegintzen ziren frantsesez idazten konturatzen zirelako frantsesak gero eta garrantzi handiagoa zuela gizarte horretan. Ez bakarrik eskolagatik, armadara joateko gutxienez sinatzen jakin behar zuten eta administrazioko edozein izapide egiteko ere jakin behar zuten frantsesez idazten. Eta, gero, batez ere landa eremutik eta landa eremuko bizi baldintza gogorretatik hirietara alde egiteko, frantsesa ezinbestekoa zen. Ez zioten uko egiten frantsesa ikasteari.

Elizaren inguruko irakurketa egiten duzu ikerketan. Ondorioztatu daiteke Elizak garrantzia izan zuela euskararen gordailu bezala.

Sakontzeko moduko gai bat da. Elizak garrantzi handia izan zuen euskara gordetzearen eta euskara idatzia zabaltzearen rol horretan. XVII. mendetik aurrera beraiek ‘ororen eskolak’ deitzen zituztenak sortu ziren. Hasieran protestantismoari aurre egiteko sortu ziren. Orduan, behe klasekoei erakusten zieten irakurtzen euskaraz. Euskara beti izan da beraien ikuspegitik fedearen eta balio kristauen bermatzailea eta sustatzailea, eta Elizak zabaldu zuen irakurtzeko gaitasun hori.

Nire hipotesia da, eta hori planteatzen dut tesian, irakurtzeko gaitasun horrek bidea eman ziola idazteko gaitasunari. Hala nola idazteko, ez dut esan nahi euskara landua idazten zutenik, baina lagundu zuen jendeak euskaraz idazten ikas zezan.

Kaligrafia desberdinak ulertzeko begiak trebatu behar izan dituzu, ezta?

Gutunak transkribatzeko laguntza jaso dut. Batez ere, zubererazkoak transkribatzeko, XIX. mendeko zuberera baita eta ez baita batere erraza. Jende askok ez zuen batere loturarik edo ezagutzarik idatziarekin, ez zuen idazteko ohiturarik eta kaligrafiari dagokionez, ahal zuten moduan idazten zuten. Batzuetan idazkera oso fonetikoa edo silabikoa da. Gainera, kontuan izan behar da garai hartan oso zabalduta zegoen praktika bat; jende askok beste norbaiti eskatzen zion gutunak idazteko. Hirugarren pertsona horri esaten zioten zer idatzi nahi zuten eta hark idazten zuen. Gutunen bitartez oso zaila da jakitea nork idatzi zuen, baina oso zabalduta zegoen praktika bat zen.

Gazteleraz idatzitako gutunak ere badaude.

Bai. Batez ere, Hego Amerikara eta Erdialdeko Amerikara joandako emigrante askok txertatzen zituzten pasarteak gaztelaniaz, familiak ikusteko moldatzen zirela hizkuntza horretan. Beste batzuetan gaztelaniaz bidaltzen zituzten gutunak ez zutelako inor aurkitzen euskaraz idazteko. Beraiek ezin zutenez, norbaiti eskatzen zioten gutunak gaztelaniaz idazteko, eta horrela bidaltzen zioten familiari.

Baina, Iparraldean eta Zuberoan gaztelania gertuko hizkuntza bat zen, emigrazio masiboagatik. Ulertu behar da mugan dagoela, eta Nafarroatik edo Aragoitik joaten ziren Ainarak izeneko emakumeak. Urrian-azaroan joaten ziren Mauleko espartin industrian lan egitera eta udaberri aldera bueltatzen ziren beren herrietara. Erronkarikoak eta... baziren euskaraz egiten zuten, baina nahasten baziren Aragoiko neskekin, gaztelaniaz egiten zuten hala nola, ahal zuten bezala. Azkenean, gaztelania ez zen erabat arrotza bertakoentzat. Nahiz eta ez jakin gaztelaniaz egiten, pasiboki, bai, entzuten zuten hizkuntza hori eta inguruan erraza zen gaztelaniaz zekien norbait aurkitzea. Pentsatzekoa da haiengana jotzen zutela, gutunak iristen zirenean, itzulpena egiteko eskatzeko, deszifratzeko.

Frantsesak bere tokia hartu zuen. Baina euskaldunek, neurri batean, eutsi egin zioten beren hizkuntzari.

Bai. Xabier Erize soziolinguista nafarraren tesian oinarritu nintzen hori behatzeko orduan. Ikertu zuen zergatik eutsi zioten euskaldunek euskarari toki zehatz batzuetan. Garrantzitsua da ulertzea norbere hizkuntza baztertzeko prozesua ez dela lineala. Herritarrek beren estrategiak edo taktikak garatzen dituzte hizkuntza mantentzeko, hizkuntza horrekin dituen loturak dauden bitartean. Lotura hori mota askotakoa izan daiteke, praktikoa, sentimentala... Orduan, nahiz eta frantsesa nagusitzen joan, garai hartan euskara ez zen berehala baztertu.

Kontuan izan behar da XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran kokatu dudala ikerketa. Gero kontuan izan behar da Bigarren Mundu Gerra etorri zela, telebista eta irratia garatu zirela... eta horrek beste ondorio garrantzitsu batzuk ere ekarri zituen eta aldatu zuen substantzialki euskararen egoera. Baina nik ikertu dudan garaian jendeak eutsi egin zion euskarari.

Eskutitzetan garai hartako jendartearen pistak topatu dituzu.

Emigranteen kasuan, ez zuten beren errealitatea argi eta garbi kontatzen. Etxekoei gauza batzuk kontatzen zizkieten; norbait ezkondu zela, heriotzaren bat, zein lan mota topatu zuten... Baina normalean ez zuten asko sakontzen haien bizitzaz. Gutunetan imajinario moduko bat sortzen da eta beren helburua da familiarekin harremana mantentzea. Hasten baziren bizi zuten errealitateari buruz gauza asko kontatzen, familia komunikazio horretatik kanpo geratuko zela pentsatzen zuten.

Adibidez, Argentinan bazeuden eta hango berri ematen hasten baziren, familia komunikaziotik aparte geratuko zen, ez baitzuen batere ezagutzen Buenos Airesko bizitza eta oso urrunekoa egiten baitzitzaien. Beraz, gutunen helburua ez zen hori, baina pistak ematen dituzte eta jende horren idiosinkrasian eta pentsatzeko moduan ere sartzen gaituzte, haientzat zer zen garrantzitsua eta zer ez, zer nahiago zuten ez kontatu. Gutunetan, askotan, esaten denak bezainbesteko garrantzia dauka esaten ez denak, zehazki esan gabe ulertzera eman nahi dutenak. Batzuetan are interesgarriagoa da parte hori asmatzen saiatzea.

Galdera batzuk erantzun nahian abiatu eta beste pila bat sortu. Lanaren amaieran aipatzen dituzu ikertu beharreko bideak, sakondu beharreko hipotesiak.

Gutunen fondo baten ikerketa sistematikoa egiteak aukera ematen dizu familia baten sare soziala egiteko. Ez bakarrik ahaideen loturak, baita lagunenak ere. Eta horrek beste sakontasun bat ematen du. Gainetik egin nahi nuen ikuspuntu orokor bat, gutun horiek orokortasunean ikertu nahi nituen, baina horrek beste bide asko zabaldu dizkit. Ederra da gutunetan topatu daitekeena.

Harrapatu zaituen istorioren bat izango da.

Bai, badago neska bat, Marguerite Caset Carricaburu, Madrilera lanera joan zena. Ez zekien idazten, bidaltzen zituen eskutitz denetan kaligrafia desberdina zen eta hortik ondoriozta daiteke beste norbaitek idazten zizkiola. Ez dakit zergatik joan zen Madrilera, baina badakit neskame lan egiten zuela han. Interesgarria da eskutitzen bidez bere bizia ikustea. Saiatu zen negozio bat martxan jartzen beste batekin, gaizki atera zitzaion, epaiketa batean sartu zen, dirua zor zuen... ematen du hiriak beste aukera batzuk eman zizkiola, Zuberoan bere herri txikian geratu izan balitz izango ez zituenak. Negozio bat muntatzen saiatzea, adibidez.

Eta bada beste gauza interesgarri bat. Nik irakurri ditudan bere gutunetan, denak gazteleraz daude, bat izan ezik. Madrilen egonda ez zen erraza izango euskaraz idazten zuen norbait topatzea. Baina bada gutun bat euskaraz idatzia dagoena. Berezia da gutun hori. Gazteleraz idatzita daudenak formalagoak dira. Gutun horietan berak mesedeak eskatzen dizkio pertsona bati; dirua eskatzen dio, bere bataioko agiria eskatzen dio... baina euskaraz idatzitako gutuna oso intimoa da, ez dauka zerikusirik gaztelaniaz idatzitako gutunekin. Horrek niri pista ematen dit, ahal izanez gero beraiek nahiago zutela euskaraz idatzi edo, gutxienez, gai batzuk transmititzeko nahiago zutela euskara, errazagoa egiten zitzaiela. Gutun horiek 1870eko hamarkadakoak dira.

Garai hartan emakume bat negozio bat irekitzen saiatzea ez zen ohikoa izango.

Bai, horregatik iruditu zitzaidan interesgarria emakume hori. Historialariek ikertua daukate hiri handiek zer nolako aukerak ematen zizkieten emigranteei eta emakumea bazinen, askoz gehiago. Ezkondu gabe haurdun geratzen ziren emakume askok alde egin behar izaten zuten herrietatik. Tristea da, baina hala zen. Eta normalean hirietara edo herri handiagoetara joaten ziren emakume horiek.