Aroztegi tradizionala berreskuratzeko mugaz gaindiko ekimena Dantxarinean
Baserriberri proiektua Dantxarinean dago kokatua. Peio Martikorena Fundazioak bultzatuta, Nafarroako, Ipar Euskal Herriko eta EAEko administrazioen babesa dauka eta Europak diruz laguntzen du. Aroztegi tradizionalaren ofizioa, eskualdean garrantzitsua izan dena, berreskuratzeko ahalegina da; lehen izandakoa gero ere izan dadin.
Astelehenean hasiko dira Baserriberri proiektuko eskolak, Dantxarinean, 12 ikaslerekin. Eskualde hartako aroztegi tradizionala berreskuratzeko Peio Martikorena Fundazioak abian jarri duen mugaz gaindiko ekimena da; Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko administrazioek sustatuko dute, eta Europak diruz lagundu. Irakasle, orientatzaile eta beste, jo eta su aritu dira lanean, euskarri pedagogikoa sortzen. Helmuga, behar handia duten eskualdeko gazteei ogibide bat erakustea, etorkizunean baserriak berritzeko ofizioan jarduteko aukera izan dezaten. Iraganean lanbide izan zelako, eta etorkizunean izatea nahi dutelako.
Dantxarineko errepide bazterrean dago Tomasenea baserria (Nafarroa), zaharkitua eta itsustua. Peio Martikorena Fundazioa da baserriaren jabea, eta Fundazioko kideek etzi baserri ondoan atondu duten eskola eta tailerrean ikusiko dituzte dozena bat ikasle, eskolak hartzen; luze prestatu eta landutako ekimena jarriko da martxan, azkenean. Baserriberri proiektua aspaldi ernatu zen norbaiten buruan; osatu eta idatzi egin zuten ondoren, eta argia ikusiko du irailak 23 egun dituela.
Amaia Rekarte uztariztarra da ekimeneko koordinatzailea. Peio Martikorena Fundazioko kidea da eta Baserriberri ekimenaren helburuaz mintzatu zaigu: «Peio Martikorena eskualde honetako eragile eta ekintzailea izan zen. Hainbat enpresa sortu zituen, bizirik zela, baita hainbat pertsona lagundu ere, bere ingurua, eskualdea eta bertako jendea biziki maite zituelako. Hainbat proiektu garatu ditu, kulturgintza edo enpresa arlokoak izan. Bere familiak nahi izan du Peiok abiatutako bide horri segida ematea: muga inguruko proiektuak garatzeko, jendea laguntzeko, baina betiere baserriko ikuspuntutik».
Baserria lantegi txiki baten moduan hartzen du Fundazioak, hainbat ofizio bere egiten dituen baserria. Peio Martikorena bera iturgintzan trebatu zela gogoratzen du Rekartek: «Arrantzalea ere izan zen itsasoan, eta etxera etorrita benta Iturri sortu zuen, baserrietako merkataritza saila garatuz eskala handiagoan. Baserrian denek zekiten aroztegi jarduna egiten, beste hainbat gauza egiten. Baserria lantegi txiki bat zen, ingurunean, paisaian txertatua, eta baserriaren ideiaren luzapena da ekimena».
Aroztegi jarduna aipatu du Rekartek, aroztegi tradizionala baita Baserriberri proiektuko makulua. Ofizioa erakutsiko diete ikasleei, bi arlotan: teorikoa eta praktikoa. Ikasturteak Tomasenea baserriko teilatu berrikuntzan izango du helmuga, ikasleek egingo dute lan hori. Ikasturtea osatuta, mugaz gaindi, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan homologatua den titulua eskuratuko dute ikasleek, eta ofizioa ikasi ondoren euren bidea egiteko aukera izango dute.
Astelehena gertu dago, baina ekimena aspaldi hasi zen garatzen, «hiru urte atzera bai», Rekarteren ahotan: «Alor askotan aritu gara eta ari gara lanean proiektua gauzatzeko: lau ikastetxetako irakasleak aroztegi tradizionalaren euskarri pedagogiko eta didaktikoa sortzen aritu dira; euskarri bateratua, hiru hizkuntzatan: gaztelania, frantsesa eta euskara». Oraino ez zegoen tamainako euskarririk, eta Compagnons Ipar Euskal Herriko formazio federazioarena baliatu dute, «ondoren irakasle bakoitzaren jakintzarekin aberasteko». Hego Euskal Herriko eskoletan ez da, dagoeneko, aroztegi tradizionalaren eskolarik irakasten, eta arotz hiztegiaren lanketa egiten saiatu dira, «ez delako emankorra».
Hainbat arlotako langileak
Rekartek proiektua garatzen lagundu duten hainbat arloren lan isila gogorarazi nahi izan du: «Irakasleak bakarrik ez, orientatzaileek ere lan handia egin dute, ekimenaren nondik norakoak azaltzen, eta interesa eduki dezaketen ikasle gazteak erakartzen saiatzen. Izan Oiartzualdean, Oiartzunen egin zuten jardunaldi batekin, izan gazteak laguntzen dituen Ipar Euskal Herriko Mission Locale Pays Basque elkartean, gazteak lanbide jakin batzuetara bideratuz, izan Nafarroako erakunde batzuetan, Doneztebeko enplegu bulegoan, adibidez, Bertizko Jauregian antolatu zuten orientazio jardunaldiarekin».
Metodologia osatu ostean jo eta su aritu dira errekrutamenduan, ikasle hautaketa prozesuan. Komunikazio kanpaina handia egin da, eta etzi hasiko diren eskolei begira 12 ikasleko taldea osatu da. Taldea irail hasieran izan zen Tomasenea baserri ondoko eskolan, bisitan. Tailerra erakutsi zitzaien eta ariketa kolektibo bat egin zuten; sentsibilizazio kanpaina, elkar ezagutu zezaten. Esan bezala, etzi hasiko dira eskolak hartzen.
Baserriberri ekimenak Albaola proiektuan izan du ispilua, nola jardun jakiteko. «Iruñeko Donibane auzoko Lanbide Heziketako ikasleek eta gurean eskolak emango dituen Iban de la Fuente irakasleak elkar ezagutzen dute, dagoeneko Albaola ekimenean elkarrekin aritu direlako. Proiektu honek, beraz, Albaola-n du hasiera», dio Rekartek.
Hilabete luzetako lan isil eta ilun horren fruitua jarri du balioan Rekartek, administrazio ezberdinekin izandako harremanez galdetuta: «Hiru lurraldetako administrazioak ezberdinak dira, bakoitza bere arauekin, baina metodo komun batekin jarduteko helburuarekin aritu gara hasieratik, eta lortu dugu. Idatzi da metodo hori, hiru hizkuntzetan, eta Europako Batasuneko POCTEFA eskualde arteko Kooperazio Programak ikuskatu eta ziurtatuko du metodoa bera eta ekimenaren bilakaera». POCTEFA funtsak iazko udazkenean eman zion baiezkoa proiektuari.
Memoriaz zerrendatzen ditu parte hartu duten erakunde guztiak koordinatzaileak, lan erraza ez: «Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Hezkuntza Saila eta Nafarroako Lan Sarea, Ipar Euskal Herriko Mission Locale Pays Basque, Oarsoaldea garapen agentzia, Angeluko Compagnons, Iruñeko Donibane, eta Donostiako Easo eta Irungo Bidasoa lanbide heziketa eskolak».
Lanerako giro on horren muinean interes kolektiboa omen da ardatza: «Denak helburu berarekin ari gara eta hori funtsezkoa da proiektuak aurrera egin dezan. Zergatik? Fundaziotik hala egiten saiatu garelako. Ekimenean parte hartzen ari diren beste egitura batzuk, Iruñeko Donibane edo Compagnons kasu, aritu izan dira dagoeneko POCTEFA funtseko beste proiektu batzuetan parte hartzen. Gu berriak gara, eta zerbait xumea baina praktikoa egin nahi izan dugu, ikusgarria. Diru publikoarekin ari gara lanean, eta hori hala den neurrian nahi dugu mugaz gaindiko errealitate bati erantzuna eman. Motibazioak anitzak dira, eta esperientzia pilotua da, berria, baina fruituak epe laburrean emango dituena. Elkarlana da fruitu horien guztien artean lehena».
Proiektua herritik etorri den zerbait dela dio lapurtarrak, herriko jendearekin egina, eta herriko jendeari zerbitzu bat emateko sortua: «Gure ingurune naturalean ohikoa da Berako biztanle batek Saran lan egitea, edo Hendaiako batek Irunen, eta eraikitzen ari garen sarea baliagarria izanen da etorkizunean beste esparru batzuetan ere».
Teilatua berritzea, helmuga
Eskolak ikasturte osoan emango dira, ekaina bitarte, Tomasenea baserri ondoko eskolan eta tailerrean. 12 ikasleak bertan biziko dira eta praktika arloa baserriko teilatua berritzea izanen da. Azken helmuga da hori, baina tartean, beste hainbat helburu gauzatuko dira: gazteen gizarteratzea, lanbide bat erakutsiz, eta etorkizunean bizitzan aurrera egiteko aukera bat izanen dutela erakustea. Nabarmentzeko modukoa da ikasturtea osatzen duten ikasleek bi titulazio jasoko dituztela, eta biak homologatuak izanen direla hiru administrazioetan. Rekarte: «Compagnons-i esker Frantzian ibilbide profesionala garatu ahal izango dute, eta Euskadin zein Nafarroan ere arotz moduan lan egiteko gaitasuna dutela erakusten duten agiri ofizialak emango zaizkie. Titulazioari esker Lanbide Heziketan euren ikasketak jarraitzeko aukera ere izanen dute ikasleek».
Ikasle batek plazaratu omen die dagoeneko bere interesa, etorkizunean baserrien berrikuntzan murgiltzeko: «Asteburuetan inguruko baserri eta bordak bisitatzeko aukerarik izanen ote duen galdetu digu». Beste ikasle batzuk kontsumo apaleko etxeak eraikitzen saiatu nahi omen dute: «Ate anitz ireki daitezke», dio koordinatzaileak.
Mugaz gaindiko ekimen sendoa
Mugaz gaindiko ekimena izatea lorpen handia da Rekarterentzat, aitzindaria: «Artisautza tradizionalaren transmisioan interes handia zela nabaritu dugu Hezkuntza Sailetan, bai Nafarroan bai Euskadin; formazio eskaintza hobetzeko eta aberasteko borondatea bazela. Akaso izan daitezke curriculum bateratuak unibertsitateetan, baina lanbide heziketa arloan, saiakerak egin badira ere, ez dut uste gurearen moduko mugaz gaindiko ekimenik gauzatu denik. 12 lagunek titulazio homologatu bat lortuko dute ikasturte bukaeran, lan merkatuan sartzeko prest izango dira, eta une horretan orientatzaileen laguntza jasoko dute, nondik jo erabakitzeko. Arlo praktikoari garrantzia eman diogu, eta ikasleek bi asteko bi praktika txanda egiteko aukera izango dute urtarrilean eta maiatzean, Euskal Herri osoan. Compagnons-ek badu, esaterako, enpresari sare bat, Frantzia osoan. Europan hain garrantzitsua den gazteen mugikortasuna Euskal Herrian txertatzea da erronka».
Baserriberri ekimenaren aurrekontua publikoa da, eta Peio Martikorena Fundazioaren atarian ikus daiteke. 1,77 milioi erabiliko da, eta %65 Europako POCTEFA funtsak lagunduko du, FEDER plangintzaren bitartez, proiektua bukatu eta txosten guztiak eman ondoren. Proiektua 2024ko urtarrilean hasi zen eta 2026an bukatuko da, ikasturtea bukatu eta urtebetera, ikasleen jarraipena egingo delako ikasturtea bukatu ondoren. «Jarraipena egin ondoren azken bilduma, balantzea, egin beharko dugu, ondo edo gaizki zer egin den aztertzeko».
Ekimen hau bukatu ostean etorkizunean zer eginen duen aztertu beharko du Peio Martikorena Fundazioak, «baina gure helburu nagusia mugaz gaindiko formazio polo edo gune bat sortzea litzateke». Hasiera batean ez dute errepikatuko martxan jartzera doan ikasturte bera: «Ez dago, gure helburuen artean aurtengo ikasturtea errepikatzea, horretarako beste finantzaketa bat behar genukeelako, baina ez dago erabat baztertuta».
«Inguruko baserriak zaharberritu nahi genituzke; gazteei bertan bizitzeko aukera eman»
Iban de la Fuente beasaindarra aroztegi tradizionaleko eskolak emanen dituen irakasleetako bat da. Esku liburu bat osatu du, irakasteko aproposa.
Zer da zuretzat Baserriberri ekimena?
Euskal Herriak behar duen ekimena. Gure ondarea zaharberritzen ari gara, lanbide bat berreskuratzen. Euskal Herri hegoaldean aroztegi egitura ikasketak, marrazketa teknikoa, desagertu egin dira, lan hori egiten duten enpresa batzuk badaude ere. Lanbide hori berreskuratu nahi da. Egun egurrezko eraikuntzan ari diren langileen jakintza iturria ahoz ahokoa da, ez dago idatzizko euskarririk, ez da ikastetxeetan irakatsitako formazioa.
Bigarren helburu bat hiru hizkuntzatan hiztegi komuna sortzea litzateke. Frantzian hiztegia aberatsa da. Hego Euskal Herrian zurgintzan bada hiztegi jantzia, baina egurrezko egituretako aroztegian hitz asko falta dira, batez ere marrazketa teknikoari dagozkionak. Horiek bilatzen eta berreskuratzen saiatzen ari gara.
Zer irakatsiko duzue, zehazki?
Eskolak teorikoak izango dira, egur teknikari buruz, eta teorian ezagutzen dutena praktikekin gauzatuko da, tailerrean. Ondoren, Tomasenea baserriak praktika horiek errealitatera eramatea baimenduko digu, teilatua berrituz.
Mugaz gaindiko proiektuetan eskarmentua duzu.
Bai. Mugaz gaindiko proiektuekin aritu naiz beti lanean. Albaola-rekin hasi nintzen, eskolak emateko eraikin bateko egitura osatzen Pasaian. 27 metro luze zen, eta 11 altueraz. Orain Baserriberri ekimenean murgildu naiz. Albaola ekimenean egindakoa hemen errepikatzen saiatzea da nire pizgarri nagusia. Proiektu hau askoren arteko lehena izatea espero dugu. Baserriaren inguruko sektore guztiak lantzea da asmoa. Ez dugu egurra Frantzia iparraldetik ekarri nahi, bertatik baizik. Baserriaren inguruan sortutako ekonomia zirkularra landu nahi genuke, baserria museoa edo erabilera anitzeko etxea izan baitaiteke. Inguruko baserriak zaharberritu nahi genituzke, eraitsi gabe, eta gure gazteei bertan bizitzeko aukera eman. Gure arbasoek egin zuten bezala. Euskal Herrian dena da berria, baina ondarea balioestea ere garrantzitsua da.