Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Hormigoiaren kultura

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

XX. mendetik aurrera hormigoi armatua eraikuntzetako egituretan erabiltzen hasi zen eta mundu zabalean hedatu da izurrite moduan. Hormigoiak loratze garai bat bizi izan zuen, “brutalismo” estiloan bere gailurra joz, hormigoia eraikinaren elementu guztietan erabiltzen zenean. Material modernoak eskaintzen duen moldatzeko aukerak sormen ate luze bat zabaldu zuen eta gauza asko frogatu dira leku eta kultura desberdinetan, habe eta zutabeen euste-sareaz aparte. Markesinak, balkoiak, balkoi-loreontziak, itxitura panelak, dena hormigoiz egina.

Hormigoia tindatu daiteke, kurbatu daiteke, harrien osaketarekin harri txikien bukaera ehundura lortu daiteke, leundu eta talotxatu daiteke. Hormigoiarekin kalitatezko arkitektura bikaina eraiki da, behin hormigoi armatuaren eraikitze-teknika ikasita. Baina zenbat baserri ditugun hormigoiarekin eraldatuak eta zenbat sarraski bidean, egurrak pairatzen duen pipien erasoek sortutako desesperazioak jota eta hormigoiaren aplikazioaren jakintzarik gabe egin izanagatik. Askorentzat eraikinaren irudi esanguratsua lortzen da, besteentzat hotzegia eta tristeegia, eguzkiaren islarik egin ez eta abstraktuegia gertatzen baita. Hormigoi armatua euste egituraren top zerrendan izan da urte askotan, azken garaiotan egurrezko egituraren gaineko aurrerapenek eta hormigoiaren energia gastu eskandalagarriak joera aldaketa bat markatu duten arren.

Hormigoiaren nagusitasunak gainontzeko teknikak ordezkatu izan ditu, eta horrez gain, egiturarik erresistenteena bezala postulatu izan da beste materialen aurrean. Indartsuena eta betirako material bat, mantentze-lanik gabekoa. Hiru txerritxoen kontakizunean, otsoak ez luke sekula hormigoizko etxetxoa suntsituko eta honela eraiki dugu gure iruditerian, erresistentziak babesa ekartzen duela ezinbestean eta hormigoia egokiena dela horretarako. Beste arloetan gertatzen den bezalaxe, industriak kapitala sortu dezakeen produktu bat sortzen du, eta asko saldu behar duenez, sinesmen bat eraikitzen du produktuaren inguruan, eta arkitekturaren kasuan, irudi batekin lotzen du. Hormigoiaren irudia indartsuenarena da, eta badakigu gure ekialdeko kulturan indartsuaren irudiak zenbateko boterea duen.

Baina material guztiei gertatzen zaien bezala, hormigoiak zahartzaroa du, gaixotu daiteke, zikintzen da eta iraungitze data dauka. Material guztiekin bezalaxe, salbuespenik gabe, desberdintasunak desberdintasun. Mantentze-lana/zaintza materia guztien beharra da, bizitza duin bat izan nahi badute. Hormigoian pitzadurarik agertu ezean, eta armadura nahikoa hormigoi lodierarekin babestu ezean, herdoildu daiteke uraren presentziarekin, eta herdoiltzeak, aurrera joz gero, hormigoiaren erresistentzia ezbaian jar lezake, erortzera iritsi arte. Hormigoiaren kultura, hain justu, suntsiezina den material bat egon daitekeela eta egoera guztietarako eskuratu beharreko ezaugarria zurruntasuna dela sinistea da. Baina hainbat egoeratan, egitura malgu bat eratzea izan daiteke irauteko bide bakarra, ahuldade bat izan beharrean. •