Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Maria Elena Coa eta oumy manga
Bartzelonako Top Manta elkartea

«Top Manta antirrazismoaz hitz egiteko aitzakia bat da, jendeak hain arrazista zela ez zekien hiri batean»

Arropa marka bat sortu dute, diseinutik joskintzaraino. Autoenplegurako bide bat da, arrazismoari paretik begiratzeko nahi bat, migratzaileen kriminalizazioari puntadaz puntada erantzuteko behar bat.

Maria Elena Coa eta Oumy Manga.
Maria Elena Coa eta Oumy Manga. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herrian izan dira, Hernanin, ehungintza burujabetzari buruzko hausnarketan parte hartzeko. Bartzelonako Top Manta elkarteko kideek bere proiektuaren berri eman dute, giza duintasunaren hariz jositako arropa markarena.

Zer da Top Manta proiektua?

[Maria Elena Coa]: Top Manta gauza asko da. Fisikoki, arropa marka bat da, baina mugimendu bat ere bada. Borroka bat da, antirrazismoaz hitz egiteko aitzakia bat jendeak hain arrazista zela ez zekien hiri batean, kasu honetan Bartzelonan. Duela hamar urte sortu zen Manteroen Sindikatua, eta ordutik ari gara lanean, azken urteotan Top Manta proiektuarekin. Jatorrian kaleko saltzaileen kriminalizazioaren kontrako borroka bat dago. Jende askok pentsatzen du Afrikatik etorritako pertsonek kalean lan egiten dutela ez dutelako beste lanik egin nahi; zure herritik etortzen zara eta egun batetik bestera Europako hiri bateko kalean saltzen jartzen zara. Gauzak ez dira horrela.

Migratzaileek beren herria utzi eta hona etorri izanaren atzean, Europako herrialdeek gure herrien gainean daukaten eragina dago. Senegalen, adibidez -elkarteko gehienak bertakoak gara-, erauzketa-industriak eta arrantza-tratatuek herrialdea pobretu dute. Arrantzatik bizi zen jende asko lanik gabe geratu da eta migratu egin behar du bizimodua aurrera ateratzeko. Hona iritsi eta erabat baztertzailea den immigrazio lege batekin egiten dute topo. Afrikatik, Brasildik, Asiatik... datozen pertsonentzat oso zaila da lan baimen bat lortzea. Eta lan baimenik gabe ezin dute kontu korronte bat ireki, etxebizitza bat eskuratu... paperik gabe egoteak jendartearen itzalean jartzen zaitu erabat eta bi aukera dituzu aurrera egiteko: ordua hiru euro ordaintzen duten lanekin esklabo bihurtzea edo kalean saltzen aritu eta autonomia pixka bat gehiago izatea. Horregatik, bada afrikar talde handi bat kalean saltzea erabakitzen duena.

Kaleko saltzaileen egoerak piztu zuen Top Manta, beraz.

Kalean lan egitea ez da erraza. Poliziaren jazarpena eta herritarren mesfidantza oso presente daude. 2015. urtean, Saloun, gure kide mantero bat kalean hil zen, oso egoera arraroan eta oraindik argitu ez diren baldintzetan. Bi polizia gertu samar zeuden, baina ez zuten artatu. Horrek amorrua piztu zuen eta manteroak kalera atera ziren protestan. Manifestazioak oso jendetsuak izan ziren eta administrazioak egoerari parez pare begiratzea beste erremediorik ez zuen izan: manteroen egoerari, immigrazio legeari eta migratzaileen inguruko politikei begiratzea. Migratzaileak dagoeneko hemen daude; beraz, nola erantzun egoera honi. Hori jarri zen mahai gainean. Erakundeetatik ahalegina egin zen eta zenbait programa jarri ziren martxan. Batzuek funtzionatu zuten eta beste batzuek ez hainbeste. Baina guk igartzen genuen gure gaineko begirada ez zela aldatzen: migratzaile beltzak lanean zaintzaile edo jornalero bezala bakarrik ikusten dituena. Eta lanbide horiek ez daukate ezer txarrik, baina guk zerbait gehiago egin nahi genuen. Hortik sortu zen marka, horren bidez erakusteko beste zerbait egiteko gai garela.

Top Manta borroka eta mugimendu bat bezala sortu zen eta, era berean, autoenplegurako aukera bezala. Gure ideiak proiektu bihurtzen ditugu, proiektu horiek lanpostuak sortzen dituzte eta, lan kontratu horiei esker, askok paperak lortzen ditugu. Hori gertatu zaie Top Mantan lanean hasi diren ia langile guztiei, Oumyri, adibidez.

Hasieran serigrafia bakarrik egiten zenuten.

Bai, kamisetak serigrafiatzen hasi ginen. Oumy proiektuan sartu zen 2020. urtean. Bera jostuna zen Senegalen. Dagoeneko josten bazekiten pertsonen talde bati formakuntza eskaini zien Oumyk eta jostun talde bat osatzea lortu genuen. Orduan hasi ginen gure arropa guztiak hasieratik sortzen. Diseinua egiten dugu, gure arropak sortzen ditugu eta denda fisiko bat daukagu Raval auzoan, Bartzelonan, eta online denda bat ere badugu. Horrez gain, joskintza eta serigrafia zerbitzua ere eskaintzen diegu beste enpresa batzuei, haien enkarguak jasotzen ditugu. Baina gure zerbitzua ez da denentzat. Gu bezala irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat gerturatzen bada, zerbitzua ematen diogu, ordaindutako zerbitzua noski. Baina, adibidez, Caixabank etortzen bada bere uniformeak josiko ote ditugun galdezka, erantzuna ezezkoa da. Glovok eskatu zigun eta ezetz esan genion. Gure diskurtsoarekin koherenteak izan behar dugu. Gertutasuna, komertzio justua, jasangarritasuna, justizia soziala... bezalako balioak ez dituztenei ez diegu zerbitzurik eskaintzen.

Zuen egunerokoan, nola txertatzen dituzue balio horiek?

[M.E.C] Top Manta arropa marka 2018an jarri zen martxan eta 2019an elkartea sortu genuen, kaleko saltzaileen herri elkartea. Elkarteak ekoizpen muga batzuk dituenez, 2021ean kooperatiba martxan jartzea erabaki genuen, irabazi asmorik gabeko lan kooperatiba. Bertan lan egiten duten pertsona guztiek uneren batean bazkide bihurtu behar dute, enpresaren jabe. Eta hori egiten dugu. Gaurko egunean hamaika langile daude, horietatik sei bazkideak dira eta gainontzekoak bazkide izateko bidean daude, estatutuek horrela jasotzen dutelako.

Maria Elena Coa. (Jon URBE / FOKU)

Langile bazkideek beren soldata zehazten dute, lanaren eta salmenten arabera. Langileek, berriz, ehungintzaren lan akordioaren araberako soldata daukate. Beti saiatzen gara parekotasun bat bultzatzen, baina normalean langileen soldatak langile bazkideenak baino pixka bat gorago daude.

Top Manta horizontalki antolatzen den arren, emakumeak gaude erabaki guneetan eta ardura postuetan. Hori da enpresaren lehentasuna. Gure lehendakaria emakumea da. Eta ondoen ordaindutako ordua emakumeen lanordua da. Hori horrela da kooperatibaren sortzaileek -gizonezkoak dira- horrela erabaki zutelako. Gizonak gehiengoa diren kolektiboa da, baina emakumeek bertan jarrai dezagun saiatzen dira. Elkartean eta kooperatiban guztira 17 pertsona gaude kontratupean. Eta Top Mantaren inguruan berrehun pertsona baino gehiago ibiltzen dira, asko boluntarioak.

Bi emakume etorri zarete Euskal Herrira zuen kooperatibaren berri ematera. Aldiz, kaleko saltzaileen artean, gizonezkoak dira nagusi.

[M.E.C] Itsasoan barrena egiten den migrazioa oso zaila eta arriskutsua da. Normalean gizonezkoak abiatzen dira bidaia ziurgabe horretan eta, gero, paperak lortzen dituztenean, emakumeak eta seme-alabak ekartzen dituzte. Badira itsasoz migratu duten emakumeen kasuak, baina gutxiengoa dira. Modu berean, kalean saltzen aritzea ez da samurra, batez ere poliziak une oro atzetik dituzulako. Normalean, gizonezkoak egoten dira kaleko salmentan, paperak lortu eta familia ekartzea lortzen duten arte. Baina badira emakumeen kasuak ere. Oumyk, adibidez, duela gutxi lortu ditu paperak.

Zuen arropa markak kontzientzia ekologiko sakona dauka.

[M.E.C] Beti saiatzen gara ahalik eta modu jasangarrienean aritzen eta gertuen ditugun materialak erabiltzen. Horren abiapuntua AndeDem izeneko zapatilak dira. 0 kilometroko zapatilak direla esaten dugu, Europan sortuak direlako erabat, Alacant eta Portugal artean. Zolua Alacantekoa da, material natural batekin egina, eta bertan muntatzen dira zapatilak. Materialen %60 birziklatutakoa da eta, gainontzekoa, natura errespetatzen duena. Zapatilak modu horretan egitea lortu genuenean, buruan geratu zitzaigun guztia modu horretara egiten saiatu behar genuela. Mataroko ehungintza enpresa batekin aritzen gara lanean eta espresuki guretzat sortutako kotoia daukate; erabat birziklatua dena edo organikoa. Eta Valentzian ere badugu beste hornitzaile bat, oihalei bigarren bizitza bat ematen laguntzen diguna. Lan egiteko beste modu batzuk daudela frogatzen ari gara.

Urrutitik etorritako langileak izan arren, bertakoari eta gertukoari garrantzi handia ematen diozue.

[M.E.C] Gure kulturan ingurumena asko errespetatzen dugu eta benetan sinesten dugu landareek sendatu egiten zaituztela. Behar dugun guztia naturak ematen digula sinesten dugu, ez dela urrutira joan behar benetan behar duzuna eskuratzeko. Eta ez baduzu gertu eta eskura, ez duzu behar.

Orain modan dauden gauza asko guk dagoeneko bagenituen aurretik. Oso elkarte prekarioa gara eta gure tailerrean ez da ezer zaborretara botatzen, dena baliatzen da, guztiari ematen zaio bigarren bizitza. Denbora ahalik gehien baliatzen dugu eta elkarlana sustatzen dugu. Orain badirudi oso ideia puntakoak eta berriak direla, baina baliabide mugatuak dituzunean aurrera egiteko modu bakarra da.

2018an martxan jarri zineten eta 2020an pandemia etorri zen.

[Oumy Manga] Tailerra pandemia betean jarri zen martxan. Deialdia egin genuen musukoak eta erietxerako mantalak jostera etorri nahi zutenentzat. Jendetza gerturatu zen, borondatez, lan egitera. Orduan erabaki genuen ez genuela kalera bueltatu nahi eta zer egiteko gai ginen erakutsi nahi genuela. Proiektuan sinesten genuenak geratu ginen tailerrean eta orduan hasi ginen kamisetak, kirol-jertseak eta bestelakoak josten, gure proiektua martxan jartzen.

Oumy Manga. (Jon URBE / FOKU)

[M.E.C] Pandemian osasun materiala agortu egin zen. Gu komunitateari laguntzeko prest ginen. Musukoak eta osasun mantalak egiteko oihala lortu genuen eta guztira 14.000 pieza josi genituen gure dendan. Ez genuen dirurik kobratu horren truke, gure gaitasunak erakutsi nahi genituen, komunitateari gure ekarpena egin. Pentsa, gure bi mutiko -polizia-etxean zabaldu zizkietan kausak ixtera joan behar izan nuen ondoren- poliziak atxilotu egin zituen, ez zietelako sinesten osasun materiala jostera zihoazela.

Zuen proiektua borroka bat da, zer egiteko gai zareten erakutsi nahi duzue. Izan ere, nola ikusten zaituzte jendarteak orokorrean?

[M.E.C] Ezgauza ikusten gaituzte, ezertarako gai ez garela uste dute. Batzuetan uste dute ulertzeko zailtasunak ditugula eta builaka hitz egiten digute, askotan gertatzen zaigu. Ez dute pazientziarik gurekin. Orokorrean uste dute beraiek dituztela gure arazoen konponbideak. Guk badakigu zein arazo ditugun eta badakigu zein diren konponbideak. Mesedeak egiten dizkigutela uste dute eta haien adimena gurea baino askoz handiagoa dela.

Baina egia da gure kausara jende asko batu dela, parez pare ikusi gaituelako eta gure ondoan eseri delako gu entzutera. Harrera ona egin digutenak, entzun gaituztenak eta gu itxaroteko pazientzia izan dutenak ere asko izan dira. Eta, gainera, pixkanaka jarrera batzuk aldatzen ari direla konturatu gara, onerako. Bada aurreiritzi oso sustraituak dituen jendea eta bada migratzaileak ikusteko modua aldatzen ari den jendea. Dena esan beharra dago.

Lehen Bartzelonaz esan duzu «hain arrazista zela ez zekien hiria». Hori beste herri eta herritar askori gertatzen zaio, ezta?

[M.E.C] Bai. Niri sekulako grazia egiten dit entzuten dudanean, “ni ez naiz arrazista, lagun beltz bat daukat”. Niri asko gertatzen zait, eta hona iritsi nintzenean arreta handia ematen zidan, jendeak esateak “zu beltza zara, baina desberdina, ez zara beltz-beltza”. Nik ez dut desberdintasun hori ulertzen, ni beltza naiz, ez iezadazu nire nortasuna kendu. Ez dut ulertzen norbaitek beltza izatea zerbait txarra balitz bezala ulertzea. Zu zuria zara eta niri ez dit apurua ematen zuria zarela esateak. Nik beltza izatea zerbait txarra zela sentitu nuen hona iritsi nintzenean. Aurretik sekula ez nuen izan sentsazio hori.

Hezkuntza kontu bat dela uste dut. Ulertzen dut ez dela hainbeste denbora pasatu jendarte honetan pertsona beltzak daudenetik. Jende askok esan dit lehen pertsona beltza 30 urte zituela ikusi zuela. Asko falta dela ulertzen dut. Heziketa kontua da. Sindikatuan sartu nintzenean, azkar ikasi nuen arrazak ez direla existitzen, ez daude arraza zuria eta arraza beltza. Giza arraza da dagoen bakarra eta horren barruan koloreak existitzen dira. Baina gaitasunak ezin ditugu ukatu edo gutxietsi, denek ditugu gaitasun berak eta eskubide berak.

Bada ikaragarri eskertuko genukeen beste gauza bat: errugabetasun-presuntzioa. Guretzat ez da existitzen. Zuri batengana gerturatzen garenean, mesfidantza sumatzen da berehala. Polita da sinestea edonor harritu dezakegula, onerako noski.

Pentsatzekoa da proiektu hau ahalduntze ariketa garrantzitsua izan dela, ezta?

[O.M.] Bartzelonara iritsi nintzenean, 2015ean, gaizki sentitzen nintzen, oso gaizki. Senegalen badira migratzaile zuriak eta hango araua edo ohitura da kanpotik datorrena ondo tratatu behar dela, ez dagoelako bere etxean eta arrotz sentitu daitekeelako. Kanpotik etorritakoak etxekoak baino hobeto zaintzen ditugu Senegalen. Horregatik espero nuen Afrikan gertatzen zen gauza bera gertatzea hemen ere. Baina hemen alderantziz gertatzen da, gehien sufritzen dutenak migratzaileak dira. Nik ez nekien arrazismoa zer zen hona etorri nintzen arte.

Top Manta proiektuan parte hartzen hasi nintzenean, gauzak aldatzen hasi ziren, zerbait egiteko gai sentitu nintzelako, zerbaiten parte. Gaitasuna badugula eta gauza asko egiteko gai garela sinetsi dugu eta horrek indarra eman digu, gure lanetik modu duinean aurrera ateratzeko indarra. Indarrez eta alaitasunez ari gara, gure proiektuan sinesten dugulako.

Lan prekarioenak migratzaileen gain geratzen ari dira. Jendarteari kostatu egiten zaio migratzaileak bestelako lanetan irudikatzea, ezta?

[M.E.C] Nire kasua kontatuko dizut. Venezuelatik etorri ginen senarra eta biok. Senarra venezuelarra da, eta zuria. Nire etxeko atea irekitzen dudanean, oso maiz galdetzen didate ea non dagoen etxeko andrea, etxeko ardura duena. Dagoeneko aspertu naiz ni naizela esateaz. Eta senarra eta biok kalean ikusten gaituztenean, jende askok pentsatzen du senarra zaintzen duen langile dominikarra naizela. Estereotipo horiek oso bizirik daude. Oso gogorra da arrazismoaren kontra borrokatzea eta horregatik esnatzen gara egunero goizean goiz lan egitera eta estereotipo horiek deseraikitzera. Gure herrialdeetan migratu duten pertsonak jaso izan ditugu eta sekula ez ditugu horrela tratatu. Niretzat sekulako kolpea izan zen tratu hori, bigarren mailako herritar sentitze hori. Oraindik ez dut ulertzen eta ez naiz horretara ohituko.

Oumyk esaten duen bezala, ni ere ez nintzen ondo sentitu Top Mantara iritsi nintzen arte, bertan guk gure herria sortu genuelako.

Eta nolakoa da herri hori?

[M.E.C] Izugarrizko errespetua dago bertan. Errugabetasun-presuntzioa existitzen da. Adibidez, bertako langile asko musulmanak dira, egunean askotan errezatu behar izaten dute. Errezurako une horiek errespetatzen dira, ulermen handia dago.

Ni ofizioz ingeniaria naiz, oso sektore zorrotza eta erruki-gabea. Top Mantan nirekin daukaten pazientzia izugarria da, badakite ez dakidala dena eta elkarrekin ikasten ari garela. Nire lana izugarri maite dut.

Kaleko salmentan lan egiteak ez du samurra izan behar. Eskuin-muturraren mezu arrazistak bolo-bolo dabiltzan honetan, are zailagoa, ezta?

[M.E.C] Batez ere Bartzelonan, bertako alkate Jaume Collbonik uste duelako arazo guztien konponbidea manteroak kaletik kentzea dela; Katalunia plazatik edo Ranbletatik manteroak kendu eta kito, dena konponduta. Hori ez da konponbidea. Joan den urtean Bartzelonako Udal Alternatiboa izeneko kanpaina bat jarri genuen martxan eta konponbideak zeintzuk diren azaltzen genuen bertan. Immigrazio legea indargabetzea edo aldatzea da konponbidea, zalantzarik gabe. Zuk ezin dituzu pertsonak hemen izan paperik eman gabe. Migratzaileok lan egin nahi dugu, guk ez dugu nahi inork ezer oparitzerik. Jende guztiak lan egin nahi du, baldintza duinetan. Paperak nahi ditu Estatutik atera eta sartu lasai egiteko; kaletik oinez lasai ibili nahi du; kontu korronte bat izan nahi du; bere zergak ordaindu nahi ditu. Bai, gure zergak ordaindu nahi ditugu eta Top Mantan hori egiten dugu. Adibidez, mutil baten kasua izan dugu. Sei urte zeramatzan Bartzelonako jatetxe sonatu batean lanean. Jabea katalana da. Bada, azkenean, mutil horrek Top Mantara etorri behar izan du lanera bere paperak lortu ahal izateko. Jatetxeko jabeak zorrak omen zituen gizarte segurantzarekin eta horregatik ez zuen lortzen bere egoera arautzea langile horrek. Top Mantan ez daukagu zorrik gizarte segurantzarekin, dagozkigun zergak ordaintzen ditugu.

Horregatik diot immigrazio legea aldatzea dela gakoa. Ni legeen aldekoa naiz, baina legeek jendartea hobetzeko balio behar dute. Ezin duzu jendea paperik gabe eduki.

[O.M] Migratzaileok ez dugu nahi inork ezer oparitzerik. Txiki-txikitatik, badakigu zer den lan egitea bizimodua aurrera ateratzeko. Europan dirua ateratzeko beste bide batzuk ere badaude, baina ez dira bide egokiak, eta guk nahiago dugu kalean saltzen aritu bestelako kontuetan sartu baino; esklabo bezala, lapurretan edo droga saltzen, adibidez.

Lankide batzuek eta nik joan den urtean lortu genituen paperak Top Mantari esker. Behin paperak lortuta, inor ez da kalera bueltatzen lanera. Kalean lanean dabiltzanek paperak izanez gero, ez lirateke kalean egongo. Baina aurrera egiteko dirua behar duzu; logela ordaintzeko, jatekoa erosteko, zure herrian utzi duzun familiari laguntzeko... kalean saltzea da ditugun aukeretan onena.

Zuen hasierako kanpainetako bat izan zen “arropa legala, pertsona ilegalak”.

[M.E.C] Kontsumitzen jakin behar da, zer janzten duzun jakin behar duzu. Zuk erabaki behar duzu zein istorio eraman nahi duzun soinean; aldarrikapen eta borroka istorio bat edo tratu txarren istorio bat. Kamiseta bat ez da bost euro kostatzen. Bost euro kostatzen bada, norbaiten esplotazioaren gainean dago egina.