Nerea GODOY FUENTES
Hezitzailea eta Bizipozako kidea

Izan Iñurri

Izan Iñurri elkarteko kide batzuk, 2021ean egindako elkarrizketan.
Izan Iñurri elkarteko kide batzuk, 2021ean egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bularreko minbiziaren inguruko sentsibilizazioa eta kontzientzia sortzeko asmoz, urria «pink month» edo hilabete arrosa izendatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Baina jakina da legea jarri zuenak tranpa jarri zuela, eta enpresa handi-mandi asko dira pinkwashing deritzonaz dirua egiten dutenak. Lapur txikiak kastigatzeko nonahi badago kartzela, baina itxurakeria hutsez bularreko minbiziaren ikerkuntza bultzatzeko plantak egiten dituzten marketin kanpainak jo eta ke dabiltza hilabete honetan. Pink baino, punk diren lagun batzuk elkartu dira iñurritegian. Iñurriak, noski. Hipokrisiaz eta mezu lizunez jantzitako hilabete arrosari begira, zera esan dutenak: minbizia ez da arrosa, marroi handi bat da!

Tribu baten hiztegia. Zelulak baldin badituzu eta ugaltzen ari bazaizkizu, hauxe da zure lekua. Mikrofonoak eskuetan eta aldarri bete irribarre bihurri gorputzetan, feminismotik (zein feminazismotik, ikuspegiaren arabera) eraiki dituzten podkasten saioak gero eta gehiago dira. Sexua, metastasia, zaintza, komunikazioa, dolua eta amatasuna izan dituzte hizpide, besteak beste, 14 saiotan zehar. Emakumeak dira gehientsuenak eta hizkuntza oso bat sortu dute, zorionez, munduarekin partekatzen ari direna. Minbiziaren ondorioz, “titikalboak” dira batzuk, titi bakarra dutelako. Denak eroso daude, “ero oso” daudelako. “Piiii momentu” deritzo diagnosia jaso eta onartu arteko denborari, shock horri. Emozioen gorabehera hori Dragon Khan-a da; tratamendua ondo ari da, gora, erredura mingarriak egin zaizkit azazkaletan, behera. Eta zeinen garrantzitsua den hitzak jartzea sentitu, pentsatu eta bizi dugun horri, tabu guztien gainetik eta politikoki zuzena den ororen azpitik. Hil arte bizi, horixe da haien lema, amore emateko beti baita goizegi. Sarkoma, neuroblastoma, zistoadenokarzinoma… hori bai hiztegi arraroa, baina, minbizia dut ala ez?

Duguna, ez garena. Minbizia ez da existitzen, minbizia duten pertsonak baizik. Tabuak eraitsiz eraikitzen da iñurritegia. Irabazle eta galtzailerik ez dagoen etengabeko borroka da minbiziarena, zeresanik ez, emakumeena. Borrokatu beharrekoa zera da: osasun-sistema duin bat. Pazienteak artatzeko denbora eta baliabide nahikoa duena, osasun mentalean arreta jartzen duena, denok medikuntzaz jakingo bagenu bezala hitz egingo ez diguna eta noski, gizarteak inposatutako edertasun estereotipoak erabat baztertzen dituena. Eta horrela, beharbada, ez ginateke minbizi sentituko, minbizidun pertsona baizik. Minbiziarekin, hil arte bizitzea ez da erraza batzuetan, hortxe osatzen da iñurrien sarea. Bizitzari erdiko atzamarra atera eta oihartzunari oihukatzeko: hemen gaude, ikus gaitzazue. Ez dugu pena aurpegirik nahi, ez dugu nahi errukirik, minbizia dut eta ez da beti samurra. Ez naiz gizajo bat, hauxe egokitu zait eta ez dut nik aukeratu; aukera ezazu zuk, ordea, nire ondoan egotea tristura, poz eta amorruak partekatzeko.

Begietara begira. Oraindik ere bada minbizia eta alopezia nahasten dituenik; hau da, minbizia duzu eta ilea eroriko zaizu. Nola liteke hori? Minbiziaz dakiguna pelikula estatubatuarrek erakutsi digutelako eta, gainera, erdaraz. Minbizia dut, ilea eroriko zait, botaka egingo dut, minduta egongo naiz, eta azkenik, hil egingo naiz. Minbizia tabua da eta lanketarik ezak hori dakar, usteak erdi ustel, sinetsi eta sinetsaraztea. Zorionez, Euskal Herrian badugu minbiziaz haur, gazte eta helduei zuzendutako materiala: “Eskerrik asko!”, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen ikuskizuna eta ipuina; “Xomorro lapurra”, Irati Garmendia eta Ane Arzelusen ipuina; Izan Iñurri elkartearen “(Min)bizi” podkasta, Spotify eta Youtube-n entzungai dagoena.

Elkar zaintza, babesa, sarea, akonpainamendua, ahalduntzea, indarra. Hori eta askoz gehiago da Izan Iñurri. Ba al zatoz kilimen iñurritegira?