Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
IKUSMIRA

Gazako iparraldea, genozidioaren agertoki

(Mahmoud ISSAS | ZUMA PRESS)

Jabalia, Beit Hanoon eta Beit Lahiya genozidioaren eta ankerkeriaren erakusleiho dira. Israelgo Armadak Gazako iparraldea setiatu zuen duela hiru aste. Ez dago ez urik, ez janaririk, ezta botikarik ere. Familiak harrapatuta daude, inolako ihesbiderik gabe. Aire eta lur erasoak etengabeak dira. Soldaduek ez diete erreskate taldeei zaurituengana eta hondakinen artean harrapatuta gelditu direnengana iristen uzten. Asteazkenean, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak jakinarazi zuenez, OMEk zuzendutako talde humanitario bat Kamal Adwan ospitalera iritsi zen gaixo kritikoak ebakuatzeko. Israelek «elikagaiak, erregaia, odola eta sendagaiak eramateko egindako eskaera ukatu zuen». Hemeretzi egunetan, gutxienez 770 palestinar hil dituzte Gazako iparraldean. Al Jazeera kateak salatu duenez, kasu batzuetan soldaduek haurrak amengandik banatu eta mutilak eta gizon helduak atxilotuta eraman dituzte. «Abandonatuta sentitzen dira. Israelgo setio honen amaiera eskatzen dute. Esaten ari dira ezin dituztela seme-alabak elikatu, ezin dutela euren burua elikatu», nabarmendu du Hind Khoudary kazetariak Deir el-Balah-etik idatzitako kronikan.