Xabier Mikel ERREKONDO

Santu santua

Santu Guztien eguna izan zen atzo, eta nago egun osoan ez genuela gogoan ere izan lan egutegian jaieguna genuela baino. Ez ginela oroitu garai batean debekatua zegoela lan egitea eta obligazioa zela mezetara joatea.

Edozein eratara, Eliza katolikoaren boterearen hondarrek hor diraute. Agerikoa da gure bizitza santutegi bilakatu izana, oraindik gizakion izenak, herrietako jaiak eta egutegia santuen izenez josita daude.

Ohitu egingo ginen santuez inguratuta bizitzen, parean jartzen dizkigutela konturatu ere egin gabe, ezdeusak balira bezala. Ezin ditugu ukitu ez sentitu, zerbait etereoa dirudite, gehienez hortxe daude post-it bat lez hotz, egutegiaren egun bakoitzean itsatsita zintzilik.

Larri dabiltza, ordea, elizari listu itsasgarria akabatzen ari baitzaio eta laster jauziko baitira post-it horiek egutegietatik lurrera, eta haizetan desagertuko.

Dikotomia paregabea iltzatu zigun eliza katolikoak: Ona ala gaiztoa, santua ala deabrua, Zerua ala infernua, besterik ez dago. Nirekin ala nire kontra; ikasketa nagusia. Eta nirekin ez dagoenak badaki zer dagoen: eskumikatu, gurutziltzatu, odol zauriak, erailketa… jainkoaren izenean.

Halere, ene izenari begiratuta lasai egon nintekeela dirudi; izan ere, irailaren 29an San Miguel eguna Deabruaren egunarekin batera ospatzen da. Kasualitatea ote, zer pentsatua eman dit eta belarri atzea igurtzi dut…

Baina nik jada ezin diot uko egin ene izen santuari, ezin dut ihes egin, kariñoa eta dena hartu diot, nahiz Zeruak batere ez erakarri. Aitzitik, aukera bietatik, deabruen bizitza gori bekataria nahiago, santuen zerutiar zuri garbia baino. Eta, gainera, ez nago kezkaturik, ene izen On hori apaizak ahoskatu baitzuen, ur bedeinkatuarekin bataiatzen ninduen bitartean, deabruetatik babesteko.

Nik behinik aukeran dauzkat.

Hau da hau bizitza santua!

Amen! •