Hitzasmatzea
Neska jaio nintzen, haur, nerabe, gazte, heldu eta adineko izatea dagokit orain. Adineko emakume, oraindik ez baita gauza bera, ezta zahartzeko ere! Haurra nintzela, apaiz ximel batek zera esan zion nire amari: zure alaba sugandila-buztanez egina dago, irakats iezaiozu behar den bezala egoten! Orduan, neskok ama eta etxekoandre izateko hezten gintuzten, ez eskolan bakarrik, gizarteak jolasean, janzkeran eta jarreran hezten du nabarmen. Mutilek jasotzen duten hezkuntza, baten batek esaldi hau hazkuraz irakurriko badu ere, ez da gehiegi aldatu 60 urtetan (behintzat). Ni ezarri eta inposatutako horietatik aldentzen nintzen, eta...
-Amama, zergatik? Sei urteko ilobak alkandoratik tira egiten didan bakoitzean, badakit zergatiren bat galdetuko didala. Oraingoan, azaroaren 25a datorrela eta, “ospakizunaren” jatorria jakin nahi du. Etxeko hezkuntza bai garrantzitsua, eskolarekin batera ziabogarik gabe arraunean, beti aurrera. Azaldu diot nazioarteko egunak edo egun bere(i)zi hauek urtebetetzea bezalakoak direla. Egunero zara egun bat zaharragoa, baina urtean behin gogoratzen dugu jaio zinela. Ezpainak luzatu eta sudur zuloetara igo ditu, bekozkoa jarri eta esan du: «Orduan, egunero da nire urtebetetzea?». Joan Mari Irigoienek bezala, maite dugu hitzak asmatzea, eta egunero bere “egunbetetzea” dela esan diot. Emakumeenganako indarkeriaren aurka ote dagoen galdetu diot gero, biok barre egiteari utzi diogunean. «Noski!», erantzun dit harriduraz, «ez da inor jo behar, ez emakume, ez gizon, ez inor» gehitu du, harik eta…
+Joder... Horixe izan ohi da nire 14 urteko ilobaren lehen hitza, edozein esaldi hasi aurretik eta salbuespenik gabe. Adin horrekin dugun indarra miragarria da, helduek ahaztua dute behin haiek ere nerabe izan zirela eta haiek ere aldatu nahi izan zutela mundua. Munduaren funtzionamenduaren aurka, goitik behera erauzteko gogoa eta, aldi berean, “bostaxolatasuna”. Horrela deitzen diogu amama-ilobek dena berdin zaigun plantak egiten ditugunean hartzen dugun jarrerari. «Joder, Irati, ez da jotzea bakarrik! Hiltzeraino jotzea ere bada, baina tratu txarrak psikologikoak ere izan daitezke, edo kalean edo online mehatxatzea, edo pelmak izatea. Bortxatzea, eta ez du inporta zure neskalaguna baldin bada! Ezkontzera derrigortzea, mutilatzea…». Orduan eten du Irati txikiak azalpena: «Mutil-atzea? Mutil izaten ikastea?». Une bateko isilunearen ondoren, barrez lehertu gara hirurak. Mutilazioa zer den azaldu ondoren, barre egiteko kontua ez dela argi geratu da, jakina. Baina hitzak asmatzen dituen familia honetako kiderik gazteenak bete-betean asmatu du mutilatzea hitzaren homonimoarekin. Denoi irakatsi digute zakil batean kondoia jartzen; ez, ordea, kulero batzuetan konpresa bat itsasten, eta zailtasun- eta garrantzi-maila berdina edo antzekoa dute.
-Hortaz? Gure hausnarketak horrela borobiltzea gustatzen zait eta... Hortaz, bagoaz aldatuz eta eraldatuz, hitzekin jolasten jarraitzen dugu, hitzak asmatzen. Gure erreferente eta erreferentziak aldatu dira, sugandila-buztanez egindako batzuek aurrekari izateko ahalegina egin zutelako, gizonezkoenak jotzen ziren arlo horiek hartuz. Emakumeek “ezin duten” edota “beharko ez luketen” horri mihia atera ziotelako, indarkeria horren aurrean burua altxatu zutelako. Idazten, Arantxa Urbe eta Amagoia Mujika, Eztizen Artola eta Ane Labaka. Oholtzan eta umorean, Aiora Zulaika eta Mertxe Rodriguez, Itziar Arkauz eta Nerea Mazo. Kantuan eta musikan, Anari eta Afrika Bibang, Izaro eta Olatz Salvador. Futbolean, Iraia Iturregi eta Aintzane Encinas, Nerea Eizagirre eta Jone Amezaga. Eta aipatu ezin ditudan horiek, patriarkatuaren izenean erail zituztenak, gure lorpenetan oroitzea dagokigunak. Matxismotik mutil-atzen zaretenean, gure lorpenak denonak direla ohartuko zarete. •