Asier AIESTARAN
«AIAKO TXIKIA»

Juan Manuel Azpiroz oroituko dute bere ondorengoek Behobia-Donostian

Juan Manuel Azpiroz «Aiako txikia» korrikalariak irabazi zuen Behobia-Donostia lasterketa 1924an. Aurten mendeurrena betetzen dela-eta, haren ondorengoek omenaldi bat egin nahi izan diote. Familiako hiru belaunaldi desberdinetako hamabi kidek biharko lasterketan parte hartuko dute propio ateratako kamisetak jantzita.

Aurten ehun urte betetzen dira Juan Manuel Azpiroz "Aiako txikia"-k Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuenetik. Eta mendeurren hori ospatzeko, Azpirozen 12 ondorengok omenaldi bat egingo diote lasterketan urteurrenerako propio atera dituzten kamisetak jantzita parte hartuz. Gainera, ospakizuna 70 bat senide bilduko dituen familia bazkari jendetsu batekin osatuko dute.

Juan Manuel Azpiroz Aian jaio zen 1902ko irailaren 23an, Azkue baserrian, eta 1930eko hamarkadan Euskal Herriko korrikalari onenetako bat izan zen, "Aiako txikia" ezizenez ezagun bilakatuz. Ospe handiena apustu eta desafioetan lortu zuen arren, Behobia-Donostia 1924an irabazi zuen, oso gazterik, 22 urterekin, probaren seigarren edizioan.

Garai hartan lasterketak ez zuen gaur egungoarekin zerikusi handirik, ez parte hartzaile kopuruari dagokionez behintzat. Urte hartan 24 lagunek eman zuten izena, baina 16 korrikalari bakarrik agertu ziren -gaur egun 30.000 inguru izan ohi dira-. Azpirozek nahiko erraz lortu omen zuen garaipena, 1:14:22ko denborarekin, Antonio Casal eta Francisco Rementeria menderatuz.

Orain, 100 urte beranduago, sei biloba -Iñaki Ibarbia Azpiroz, Jon Irigoras Azpiroz, Ainhoa Azpirotz Eizmendi, Jaione Azpiroz Eizmendi, Aitor Azpiroz Eizmendi eta Jon Azpiroz Eizmendi-, bost birbiloba -Ibai Ropon Ibarbia, Aimar Esteban Ibarbia, Nerea Esteban Ibarbia, Ibai Azpirotz Huegun eta Ekhi Susperregi Azpiroz- eta hereniloba bat -Jare Urkola Ibarbia- izango dira Juan Manuelen garaipena oroitzeko lasterketan parte hartuko dutenak. Beste birbiloba bat ere parte hartzekoa zen, Joseba Mendizabal Ibarbia, baina azkenean ezin izango du biharko lasterketa egin.

Juan Manuel Azpiroz, korrikarako erabiltzen zituen jantziekin. FAMILIAK UTZITAKOA

Lehengusu bazkariko ideia

Jaione eta Aitor Azpiroz lehengusuekin izan gara, ideia nola sortu zen ezagutzeko. «Urtero egiten dugun lehengusu bazkarian atera zen ideia, duela pare bat urte. Bazetorrela aitonak Behobia-Donostia irabazi zuenetik ehun urte betetzen ziren data, eta horretaz ari ginela, norbaitek proposatu zuen ea lasterketa egingo genuen. Bazkari horretan hasi ginen hitz egiten ea zein apuntatuko litzatekeen, zein ez, lasterketa omenaldi bat egiteko aprobetxatu litekeela... Horrelaxe hasi zen kontua», azaldu digu Aitorrek.

Gauza bat esatea izaten da, eta bestea egitea. Baina Aitorrek gehitzen duenez, hasieratik nahiko argi izan zuten plana aurrera atera beharra zeukatela. «Biloben bazkaria izaten da, eta bilobetan batzuk hasieratik egon ginen prest parte hartzeko. Esango nuke horiek aurrera jarraitu dugula. Gero, birbilobak gehitzen joan dira, antolaketaren ardura hartu zuenak familia bazkaria ere gehitu zion planari, kamisetak ere atera ditugu... Kontua handitzen joan da, baina hasieratik sostengua eman genionak hor gaude oraindik. Egingo genuela esan genuen eta orain, eguna iritsita, egin beharra daukagu».

Adin eta kirol maila desberdineko senideak izango dira lasterketan parte hartuko dutenak, baina Jaionek dioenez, ederki moldatu dira prestaketa lanetan. «Azkenean 12 izango gara korrika aterako garenak. Zaharrenak, gure lehengusuak, 63 urte ditu. Bera da korrikan ongien dabilena, egia esan. Eta gazteenak 16 urte, nire semeak. Animatu egin da eta horrek ilusio handia egiten dit. Kontua aurrera zihoala ikusi genuenean, urtarrilean apur bat serio jarri ginen, eta hilabetean behin topaketak egiten hasi ginen. Bakoitzak bere aldetik entrenatzen zuen, baina gero bildu egiten ginen leku jakin batean denok batera entrenamendu bat egiteko: Usurbilen, Zarautzen, Oiartzunen, Lezon... Horrek asko motibatu gaitu. Leku desberdin batean bildu eta ibilbideak egiten joan gara. Hasieran jende gutxixeago eta gero, birbilobak gehitzen joan ahala, gehixeago. Azkenekoa urrian egin dugu Zizurkilen, eta hor jada jende dezente bildu gara. Kamisetak jantzita egin genuen».

Lasterketari dagokionez, ez dute denbora zehatzik aipatu, eta bakoitzaren erritmoak errespetatzen saiatuko omen dira: «Hasierako entrenamenduak 5-7 kilometrokoak izaten ziren, eta gero luzatzen joan gara, 12-15 kilometrora arte. Hor ikusi dugu erritmo desberdinak daudela. Batzuk azkarxeago joateko gaitasuna dute, eta pentsatzen dut pare bat taldetan banatuko garela. Eta baten batek aurretik joan nahiko balu ere arazorik ez. Hasieran eta bukaeran egongo gara, eta gero bazkaritan ere bai. Erritmoa bakoitzak berea eramatea izaten da onena, eta pare bat taldetan joango garela aurreikusten dugu».

«Kasualitatez gutako norbaitek irabazten badu, hemendik ehun urtera guri egingo digute omenaldi berdina», bota du Aitorrek barre artean. Izan ere, argi dute ekimenak ospakizun bat izan behar duela. «Korrika 12 ateratzen gara, baina bazkaltzen 70 inguru izango gara. Kamisetak atera ditugu eta jai giroan ospatu nahi dugu. Emozionalki lotzen gaituen ilusio horrekin», gehitu du Jaionek ildo horretan.

Jaione eta Aitor Azpiroz, Juan Manuelen bilobak. Andoni CANELLADA | FOKU

Aitonaren oroitzapenak

"Aiako txikia"-ren garaipen eta lorpen zerrenda luzea da -ikus despiezea-, baina emaitzetatik haratago, Juan Manuelen inguruan etxean izandako bizipen eta oroitzapenak kontatzeko eskatu diegu Aitor eta Jaione Azpirozi. Aitona ezagutzeko aukera izan zutela gogoratzen dute biek, baina txikiak ziren 1984ko ekainaren 1ean hil zenean, 81 urterekin.

«Guk zazpi bat urte genituen hil zenean. Bilobetan gazteenetakoak gara gu. Aitorren aita Juan Manuelen seme gazteena da, eta nire aita bigarren seme gazteena. Hamar anai-arreba zirenez, gure lehengusu zaharrenek gehiago ezagutu zuten, gauza gehiago kontatzen dituzte. Ni gogoratzen naiz sukaldean biltzen ginenean kartetan jolastea gustatzen zitzaiola, punttuan, eta betiko pike hori sortzen zela, ea zeinek irabaziko», gogoratu du Jaionek.

«Adibidez hobeto oroitzen naiz etxe atarian omenaldia egin ziotenekoaz -jarraitu du-. Baserria bota zuten etxe bat egiteko eta plaka bat jarri zioten 1983an. Nik agian etxean ez nuen istorio askorik entzun, baina omenaldi hura ikustean, bertsolariak eta guzti zeudela, konturatu nintzen gure aitona norbait inportantea izan zela Aian. Azpiroz abizena harrotasunez eraman dugu. Ez gara denok korrikalariak izan, noski, baina kirolean nahiko ongi moldatzen ginen denok eta horixe esaten genuen: ‘Azpiroz gara’».

Aitorrek, bere aldetik, etxean aitonari buruz entzundako istorio batzuk gogoratu ditu, Juan Manuelen figurara hurbilpen pertsonalago bat egiteko balio dezaketenak. «Nik etxean beti entzun izan diot aitari ez zeukala aurkaririk, eta garaiko egunkariren batek idatzi zuela, munduan norbait baldin bazen berari aurka egingo liokeena, etor zedila Aiara eta jokatuko zutela desafioa. Inor ez omen zen azaldu, eta horregatik berak bere buruari esaten omen zion munduko onena zela. Hortaz gogoratzen naiz. Zezen-plaza batean zaldi baten aurka apustu ofizial bat jokatu zuela ere bai, abantaila emanda. Nik nire semeari esaten diot irabazi egin zuela, baina ez, galdu egin zuen (barreak). Harroxko samarra zela ere bai. Azkenean, garaiko moduak izango ziren, apustuak tartean egonda. Behin apustu batera jertsea jantzita azaldu omen zen, nahiz eta bero handia egin. Aurkariak galdetu izango zion ea jertsearekin egin behar ote zuen korrika, eta hala erantzun omen zion: ‘Nik hiri irabazteko ez zeukeat jertsea kendu beharrik’».

Hala ere, horrenbeste urtean apustu giro horretan ibili ondoren, behin zahartzarora iritsitakoan, ba omen zuen engainatua edo apur bat erabilia izanaren sentipena: «Gure aitak, bere seme gazteenak, esaten duenez, bera korrika oso iaioa zen, baina administrazio kontuetan ez horrenbeste. Apustu mundua izaten zen, eta azken urteetan ba omen zeukan apur bat engainatua izanaren sentipena. ‘Ni oso ona izan naiz korrika, asko irabazi dut, baina asko kendu egin dizkidate’. Lapurtua izanaren irudipena omen zeukan. Zenbaki kontuetan ez zen izango oso ikasia, eta ekonomikoki une gogorrak bizitzea egokitu zitzaion», aipatu du Aitorrek etxean aditutakoak gogora ekarriz.

1924ko Behobian helmuga zeharkatzen. FAMILIAK UTZITAKOA

Hobeto ezagutzeko aukera

Hain zuzen ere, ekimen honek "Aiako txikia" nor izan zen oroitzeko eta haren lorpenak balioan jartzeko balio izan duela esatean bat datoz Jaione eta Aitor, bai orokorrean jendarteari begira bai familia barruan. Alde horretatik begiratuta, Aitorrek anekdota polit bat kontatu digu.

«Balio izan digu iragana aztertu eta jakin-min hori asetzeko. Lehen ere izan genuen horretarako aukera. Gogoratzen naiz Kortatuk ‘Txikito Aiako’ aipatzen duen kanta atera zuenean -"Kolpez kolpe" abestiari buruz ari da, izen bereko diskoan argitaratua- guk 15-20 urte izango genituela, eta nire aurreneko erreakzioa horixe izan zen, ‘hori nire aitona zen’ pentsatzea. ‘Aizkolari handia’ zela kantatzen zuten, baina une horrek balio dizu zure buruari galdera batzuk egin eta zerbait gehiago ikasteko. Antza denez, bi ‘Aiako txiki’ daude, bat aizkolaria eta bestea korrikalaria. Aizkolariaz ez dago informazio askorik. Ez zen horren famatua izango, baina Kortatuk hala abesten zuen. Eta orain bigarren olatu hau etorri da».

Jaionek, bere aldetik, familiako belaunaldi desberdinen artean eman den erlazio berezia nabarmentzen du: «Belaunaldi-arteko harreman hori sortzea polita da, denok biltzea». Eta zergatik ez, familiak Aiarekin duen harremana ere gogoratu du. «Gure belaunalditik Aian nire ahizpa bat bakarrik geratuko da, Aloña. Badakizu, azkenean, jendea fabriketara edo lana zegoen lekuetara joaten zen bizitzera. Baina guk Aiarekin lotura beti eduki dugu. Eta harrotasunez esaten dugu handik gatozela», aldarrikatu du.

Aiako Txikia, apustu giroan. FAMILIAK UTZITAKOA

Hainbat hamarkadaz Euskal Herriko plazetan ikuskizuna eskaini zuen korrikalaria, kirola ulertzeko garaiko moduaren adierazgarri

Juan Manuel Azpiroz korrikalari bikaina izan zen, garaiko Euskal Herrian lehiatzeko zeuden ohituren neurriko ibilbide luze eta emankorra izan zuena. Familiak egin duen datu bilketak erakusten duenez, hainbat lasterketatan hartu zuen parte gazte garaian, emaitza onak lortuz. Aipatutako Behobiako garaipenaz gain, Espainiako Kros Txapelketan lortutako 11. postua nabarmendu daiteke.

Baina bere garaipen sonatuenak Euskal Herrian egindako apustu eta desafioetan eskuratu zituen, garaiko bertsolarien arreta piztuz. Bertsotan jaso zen, esaterako, 1928ko otsailaren 26an Azpeitiko zezen-plazan Klaudio Egaña «Aizarnako txikia»-ren aurka jokatutakoa. 14 kilometro egin behar izan zituzten korrikalariek, eta, Joxe Luis Iriartek «Gure erri-joku nagusiak» liburuan jaso zuenez, «bira erdiz» irabazi zion 25 urte zituen aiarrak artean 18 besterik ez zituen aizarnarrari.

Handik hiru urtera, 1931ko maiatzaren 30ean, berriz neurtu zituzten indarrak Donostiako zezen-plazan, baina 25 kilometroko lanean. «Lehen hiru kilometroetan izugarrizko borroka egin ondoren, zeharo pot eginda gelditu zan Aizarnako txikia, aurkariaren jokaerak eta beroak ondaturik», kontatzen du Iriartek bere liburuan. Bigarren dema horri ere jarri zizkioten bertsoak.

Baina bi horiez gain, Aiako Txikiak beste 22 desafio jokatu zituen, gutxienez, 1934 eta 1958 artean. Eta horietako batzuk benetan deigarriak: 1943an, Goizueta-Ezkurrako gainetik Leitzara joan-etorria hiru orduz azpitik baietz egin jokatu zuen, eta 2:47:58ko marka ezarri zuen; 1944an, erreleboka aritu zen Arrigorriaga-Barrenetxea bikotearen kontra jokatzera ausartu zen, nahiz eta azkenean galdu; anaiarekin bikotea osatuz ere jokatu omen zuen apustua, Laurgain eta Aia artean, bera normal korrika eta anaia atzeraka, horretan oso trebea zelako, nahi bezala korrika egin zezakeen bikote baten kontra.

Lorentzo San Julian «Azpeitiko ijito txikia», Pedro Iradi, Jose Beloki, Eusebio Alberdi, Jose Plaza, Ramon Etxeberria, Cesareo Zulaika, Eulogio Gurrutxaga, Jexux Alkorta edota Pedro Albeniz «Iruntxiberri» izan zituen aurkari desafio horietan. Gaztexeagoa zenean abantailak emanez, eta adinean aurrera joan ahala, jasoz.

Azpirozek 1958an jokatu zuen bere azken desafioa, 56 urterekin, Azpeitian. Eta bertsolari ezagunek ere famatu zituzten «Aiako txikia»-ren dohainak, Manuel Lasartek edo Basarrik, esaterako. Hauxe Lasartek 1987an idatzitakoa:

«Azpiroz gendun korrikalari

eder ta kuriosoa,

anka-sardea bikaiña zuen

eta luzea pausoa.

Zenbait alditan ematen zuen

egan zebillen usoa,

ain ibilkari zoragarria,

bizia ta aidosoa,

ark jendeari kenduko zion

begietako lausoa.»