Korrika
Jende guztiak modu diferentean egiten du korrika. Bai bihar Donostiara abiatuko diren 27.722 korrikalariek, bai soinketa-irakasleek korrika eginarazten dieten ikasle nekatu guztiek. Ez dago korrika inoren modu berean egiterik. Edo horrela uste dut nik. Begiratu izan diet goizeko zazpietan ―jada izerditan― etxepetik igarotzen zaizkigun kirolari obsesiboei. Eta iluntzeko zortzietan etxetik ihes egin nahi izan dutenei, “beste tarterik ez dutelako izan egun osoan euren buruarekin lasai egoteko”. Eta tarteko beste guztiei. Korrikalari asko pasatzen da gure etxepetik. Leihotik begiratzen diet, eta bakoitzari aldiro sumatzen diot pausaje diferentea.
Egia esan, horietako asko eta asko multzokatzeko gai izango nintzatekeela uste dut: ahalik eta zapatila garestienak janzten dituztenak, erlojua beti bistan; elkarren “lagunago” egin nahian korrika egiteko gelditzen direnak; astean korrika-saio batek estres-maila murriztuko diela itsuki sinetsi dutenak; supermerkatura lehenago abiatzea ahaztu zaienak… Begira-begira egoten natzaie. Oinez ibili ere modu diferentean ibiltzen da jendea; baina korrika indartu egiten da diferentzia hori. Burua eta besoak mugitzeko modua aldatzen da batez ere.
Kontua da honezkero ia denok gabiltzala korrika; baita buru-besorik aurrera eta atzera nabarmen mugitu beharrik gabe ere. Erlojuak, badaezpada, den-denok izan behar ditugu bistan; edo telefonoan, edo paretan, edo jertsearen azpian, edo gogoan, behintzat. Eta inportantea da batzuetan akordatzea, soinketa-klaseetan eta Behobia-Donostia lasterketan bezalaxe, edozein kale arrunt zeharkatzerakoan ere badagoela aukera gelditu, arnasa hartu, eta, erlojuari begiradarik bota gabe, zer egin nahi duzun erabakitzeko; ur trago bat edan, eta korrika jarraitzeak ez dizula onik egingo erabakitzeko, adibidez. Metak non dauden norberak erabaki behar du. •