Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Nekane Txapartegi
«Zenbat lo» album ilustratuaren egilea

«Ez nuen gure burua biktima bezala ikusi nahi, baizik eta borroka txikiak egin dituzten ama-alabak bezala»

Lau eskutara idatzitako lana da «Zenbat lo». Nekane Txapartegik eta bere alabak jarri dizkiote azala eta bizipenak; Iraitz Lizarragak hitzetan jaso ditu eta Izaro Lizarragak marrazkitan. Haur batek espetxearekin eta preso dagoen amarekin daukan harremana da istorioaren oinarria. Ez dago penaren edo biktimen doinutik jasoa, erresistentziarenetik baizik.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

"Zenbat lo” album ilustratuak preso dagoen amaren eta kalean dagoen alabaren arteko erresistentzia istorioa kontatzen du. Oinarrian, Nekane Txapartegi eta bere alabaren istorioa dago. 2016an Zurichen atxilotu zuten Txapartegi, zazpi urteko alaba eskolara zeramala.

«Zenbat lo» izena du album ilustratuak. Haurren kontatzeko modua da hori.

Bi hitz horien barruan umeen kontatzeko era bat ikus daiteke, baina, era berean, gure artean inoiz egin ez zen galdera bat da. Niri alabak inoiz ez zidan galdetu “zenbat lo falta dira zu etxera etortzeko” bazekielako erantzunak mina eman zezakeela. Eta nik ere berari ez diot inoiz esan “hainbeste lo eta etorriko naiz”. Banekien egia esan behar niola bera babesteko, ezin niola gezurrik esan, gero horrek min handiagoa egin dezakeelako. Beti esaten nion “borrokatuko dut ahalik azkarren zurekin egoteko”.

Zeri buruz hitz egin nahi duzu lan honekin?

Guk jasandako min pertsonal batetik abiatu eta min kolektibo bat kontatzeko ahalegina da. Euskal gatazkan zehar, askotan Estatuek umeei egindako erasoak albo-kalteak bezala ikusi dira. Umeak ez dira ikusi borroka subjektu bezala. Gure haurrak ziren eta batzuentzat ondo zegoen haur horiek zigortzea gure ideiengatik. Bestetik, isiltasun handia egon da, ez da kontatu edo kontatu denean biktima bezala agertu izan dira, motxila handi bat daukaten umeak bezala.

Niretzat garrantzitsua zen gure bizipenak borroka edo erresistentzia horretatik kontatzea, haur horiek jaio diren momentutik borrokan ari direlako. Nire alaba ihesean jaio zen, horrek esan nahi duen guztiarekin. Ni espetxean nengoenean ere, bere erara, borrokan ari zen. Gure borrokatzeko modua maitasun hitzak eta marrazkiak ziren, harresi horiek gainditu ahal izateko. Min batetik abiatutako erresistentzia edo borroka baten kontaketa da. Niretzat garrantzitsua zen horrela kontatzea, ez nuen gure burua biktima bezala ikusi nahi, baizik eta elkartzeko eta harresi horiek zeharkatzeko borroka txikiak egin dituzten ama-alabak bezala. Iruditeria berriak sortzeko beharra ikusten genuen.

Espetxea gogorra da, baina amak eta alabak bizitzen jarraitu behar dute eta poza ere sentitu dezakete. Amak ez gara bakarrik haurrengatik dena ematen dugunak, gauden lekuan borrokatzen dugunak ere bagara. Preso ere egon gaitezke amak. Niretzat garrantzitsua zen iruditeria horiek sortzea, tabuak hautsi eta espetxeei buruz hitz egitea, Baina ez nuen zurruntasun eta iluntasun horretan geratu nahi, horri aurre egitea posible dela kontatu nahi nuen.

Ama izan zinen erbestean.

Nire alaba ihesean jaio zen, beste kartzela mota bat dena. Ihesean, sasian, identitate faltsuarekin egin dugu bizitza, ni 2016an Zurichen atxilotua izan nintzen arte. Ikusezin izatetik banaketa batera eta ikusgarri izatera pasatu ginen. Alabak zazpi urte zituen eta bisitetan bizitu zuen espetxea.

Kartzelan ama izan direnei entzun izan diet kartzelan egunero sormen ariketa izugarria egin behar dela haurrekin harresiak gainditu eta kartzelatik kanpoko errealitateak eraikitzeko. Bere gogortasun osoan, amatasuna intentsitate handiz bizitzen omen da. Ez dakit zure sasia ere ipuin bat izan ote den.

Egia da nik haurra beste une edo egoera batean izan banu, segur aski ez nuela hainbeste denbora izango berarentzat. Sozialki ere askotan egin izan da galdera hori, “zuek erotuta zaudete? Nola izan dituzue haurrak kartzelan edo ihesean?”. Bizi garen sisteman, uste dut inoiz ez dela une edo egoera egokirik izango haurrak izateko.

Eskura nituen tresnekin eta baliabideekin, ahalik ondoen egin nahi nuen alabarekin, eta ahal zen neurrian bizitza aske egin. Niretzat garrantzitsua zen haurra askatasunean izatea, ez kartzelan, nahiz eta jakin egunen batean kartzelara joan nintekeela eta banaketak min emango zigula. Baina garrantzitsua zen ahalik eta zoriontsuen eta askeen bizitzea.

Nik alabari kontatu nion gu euskal piratak ginela, gure altxorrak eta gure sekretuak genituela eta gure bizitzeko era desberdina zela. Gezurrik esan gabe eta egia osoa esan gabe. Gure egunerokoa hori zen.

Pentsatzekoa da kartzelan sartu zintuztenean ipuinari beste kapitulu bat gehitu behar izan zeniola.

Niretzat garrantzitsua zen alabari esatea nik ez nuela abandonatu. Adin horretan abandonatua izatearen beldurra oso presente izaten da. Gu biok bakarrik geunden eta garrantzitsua zen esatea ez nuela abandonatu, banatu egin gintuztela eta nork eta zergatik esan behar nion. Inkomunikatuta izan ninduten eta eskura nituen tresna gutxi horiekin, arkatza eta papera, alabari gutun bat idatzi nion. “Ilargiaren negarra” izena jarri nion. Gauetan biok ilargi bera ikusten genuela kontatu nion bertan, sasiko iluntasunean ilargia gure argia zela. Esaten nion zazpi urte zituela eta agian ez zituela ulertzen nire gutuneko hitz guztiak, baina egunen batean ulertuko zituela eta jakingo zuela ez nuela abandonatu.

Kartzelan sartu zintuztenean, alabaren gaineko kezkak nolako zama zeukan?

Alaba eskolatua eta integratua zegoen, jendea ezagutzen genuen eta ni kartzelan sartu nindutenean garbi neukan alabaren bizilekuak Suitza izaten jarraitu behar zuela. Hor familiaren edo biologismoaren kontra egin nuen. Umeak ez dira maletak eta nire alabak ezin zuen ama utzi eta 1.200 kilometrora zegoen eta ezagutzen ez zuen familia batera etorri, nahiz eta oso ondo hartua izango zen. Dagoeneko amarekiko banaketa gertatu zen eta ezin zen beste apurketa bat eman. Suitzan jarraitzea erabaki genuen alabak eta biok, bertan beste familia batekin bizi zen. Beste bi haur zeuden familia horretan. Niretzat garrantzitsua zen zaintza hori, alaba ondo zegoela sentitzea, nik ere espetxean borrokan jarraitu ahal izateko.

Espetxea, bere zapalkuntza estrategiarekin, etengabe saiatzen zen esaten erabaki egin behar nuela, edo alaba babestu edo borrokatu. Emakume bezala beti saiatzen dira presio hori egiten, hau edo bestea. Gizonei ez zaizkie horrelako arazoak planteatzen. Niretzako alaba babesteko beharrezkoa zen nik espetxean borrokan jarraitzea. Adibide hori eman nahi nion, ama bat ez dela zain egoten eta borroka egiten duela. Baina nire kezka nagusia hori zen, alabaren zaintza, bera ondo egotea. Horrek egin zuen posible nik ere borrokan jarraitzea.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Prestatuta zineten egoera horretarako?

Bere moduan, alaba prestatuta zegoela uste dut. Erbestean hazi diren haur horiek askotan ez dituzte hitzak behar, gure gorputza irakurtzen dute. Une estuetan urduri jartzen banintzen, alabak segituan galdetzen zidan; zer gertatzen zaizu? Gezurrak bide motza du, eta kolpe handiagoa. Banuen esperientzia, beste preso batzuen haurrekin ikusia nuen gezurra esateak gero kolpe handiagoa dakarrela. Eta piraten istorio horrekin, bai, alaba prestatua nuen, den-dena esan gabe, ez bainuen beldurtuta bizitzea nahi. Baina piraten jolasean eta gezur txikiekin moldatzen ginen; “Piratek ez dute kontatzen non bizi diren” eta antzekoekin. Hala ere, ez zaude inoiz prestatuta, gertatzen denean kolpea hartzen da.

Amatasuna epaiketa publikoaren plaza izaten da askotan. Presoen eta iheslarien kasuan, gogorragoa?

Amatasunaren instituzio horretan denek daukate zer esan eta zer kritikatu. Gero, laguntzeko edo zaintza lana partekatzeko, ez dago sistema bat. Baina kritikatzea oso erraza da eta amekiko zigor soziala hor dago. Niretzat ez zen berria, lehendik ere banekien nola hitz egiten den preso dauden amei buruz. Preso dauden aitei buruz desberdin hitz egiten da, heroiak izan ohi dira. Kanpoan dauden amak, berriz, zaintzaz eta seme-alaben eta aiten arteko harremana zaintzeaz arduratzen dira. Kolektibo bezala ez dugu asko hausnartu horri buruz, bakoitzak ahal duen bezala egin du. Emakume bezala, une askotan sentitu dugu edota esan izan zaigu ‘orain ez da tokatzen gauza horiei buruz hitz egitea’. Bada garaia tabu horiek gainditzeko, gure etxeko lanak ez dituzte beste batzuek egingo. Patriarkatua oso barneratua daukagu eta hori deseraiki edo desikasi egin behar da bestea ikasteko.

Nire kasuan, ama izan naiz adin batekin eta ibilbide batekin, eta epaiketa sozial horretatik apartatu naiz. Iheslaria zarenean, ez zara gizartearen parte. Zigor sozial horiek eta komentarioak normalean komunitate baten barruan zaudenean gertatzen dira. Gu, ihesean, hasieran sistematik kanpo egon gara eta beste era batera egin ahal izan dut. Horrek aukera eman dit nola ez nuen egin nahi hausnartzeko.

Zuretzat garrantzitsua izan da alabari emakume borrokalaria zarela erakustea eta transmititzea.

Bai, nire balioen alde borrokatuko dudala erakusten saiatu naiz, eta dena egin ahal duen ama naizela transmititzen. Batzuetan, erabaki handi batzuk hartzeko orduan, eskertuko nuke norbait ondoan izatea, baina bera eta ni bakarrik egon gara. Gertatu zaizkit egoera gogorrak; haurra gaixo, sukarrarekin, ezin erietxera joan legez kanpo gaudelako... eta erabaki horiek nik hartu behar izan ditut, haur horren bizitza nire esku zegoelako. Bera eta ni egon gara, denetik kanpo. Eta biak bakarrik egoteak aukera eman dit koherentzia batekin eta balio batzuen arabera hezteko alaba. Niretzat hori da apurtzea.

Atxiloketa gertatu zenean ere apurtu egin genuen, haurra ez zen aita batekin edo familia biologikoarekin joan. Niretzat feminista izatea hori da, ez hitzak bakarrik, eguneroko bizitzan nire balioak praktikan jartzea baizik. Batzuetan apurtzea eta deserosoa izatea da feminista izatea. Etxekoek ere ondo hartu zuten gure erabakia, baina badakit askok galderak jarri dituztela gure gainean. Baina haurraren ongizatea bilatzea izan da beti lehentasuna, ez nik ezer demostratu behar izatea.

Lehen esan duzu biologismotik harago erabaki zenuela zein zen alabarentzat aukera onena. Euskal Herrian familiak daukan pisua ikusita, ez dirudi erabaki samurra.

Ez da izan. Distantzia batetik aukera izan dut egoerari beste ertz batzuetatik begiratzeko eta pauso batzuk ematera ausartzeko. Nire etxekoek ulertu eta errespetatu egin dute. Beraiek ez zekiten gu nola geunden. Ni atxilotu ninduten unean, autoan haurren aulkitxo bat hartuta joan ziren Suitzara, ez baitzekiten zein zen gure egoera, gizartetik isolatuta bizi ote ginen edo... Gero ikusi zuten haurra eskolatuta zegoela, integratuta, dagoeneko beste familia batean bizitzen, beste hizkuntza bat hitz egiten... Uste dut lasaitasuna sentitu zutela haurra ondo zegoela ikusi zutelako. Eta ama ere gertu zeukan. Inoiz ez didate kontrakorik esan, uste dut denok ulertu genuela erabaki onena zela.

Zu entzunda, ematen du erbestea den kartzela handi horretan ahalik askeen bizitzeko apustua egin duzula.

Bai, nik ere horrela sentitzen dut. Nik sentitzen nuen nire esku zegoela haur horren bizitza eta oso kontziente nintzen nola ez nuen egin nahi. Beste era batera egiteko saiakera etengabea izan da eta ni ere asko hazi naiz bide horretan.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Behin, torturaren inguruan ari zinela, honakoa esan zenuen: «Tortura ez da amaitzen, jarraitu egiten du. Latzena da zure bizitzaren kontrola hartu ahal izatea. Gure bizitza torturatzaileen esku geratzen da, haiek erabakitzen dute gu akabatu edo ez. Nire borroka honakoa izan da: nola hartu nire bizitzaren kontrola?». Tinko eutsi diozu erronkari.

Bai, hori da. 1998tik nire eguneroko borroka izan da ez uztea torturatzaileei edo errepresio aparatu horri nire bizitza kontrolatzen eta beldurrarekin bizitzen. Are gutxiago ama izan eta gero. Ez da erraza, asko ikasi dut eta baditut mekanismoak ez uzteko, baina zaila da.

Feminismoak zer pisu izan du erronka horretan?

Lehendik nituen bizipenentzat terminologia eta hitzak eman dizkit feminismoak. Niri gertatu zitzaidana kolektiboa dela ulertzen lagundu dit, ez zela izan torturatzaile batek une batean burua galdu zuelako egin zuen zerbait. Sistema patriarkal, arrazista, kapitalista baten ondorio da tortura, eta Euskal Herrian gure kontrako estrategia bezala erabili dute. Irakurketa horiek tresnak eman dizkidate gauza asko ulertzeko. Garrantzitsua izan da sentitzea ez naizela bakarra izan, zerbait handiagoa izan dela, eta min hori kolektibizatzeko moduak eta min hori antolatzeko tresnak eman dizkit feminismoak. Ezin gara biktima gisa bakarrik geratu, norbaitek askatzeko zain. Feminismoak erabiltzen dituen hitzak ekarrita, biziraun dugun pertsonak gara. Ni hori naiz, hor sentitzen naiz.

Horretan oso identifikatuta sentitzen naiz Latinoamerikako feminismo komunitarioen bizipenekin; gure lurrak edo herriak okupatzen direnean, gure gorputzak ere okupatzen saiatzen dira patriarkatu horretatik. Eta komisarietan gertatzen den torturaren zentzua hori da. Niretzat garrantzitsua zen hortik eraso egitea, torturatua izan den gorputz horretatik.

Urte askoan egon zara Euskal Herritik aparte. Orain joan-etorrian zabiltza. Nolako herria topatu duzu?

Azken urteotan urruntasunetik Euskal Herriko mugimendu feminista bizi izan dudan bezala, pentsatzen nuen zentzu guztietan erabat apurtzailea izan dela. Baina ezusteko handia hartu dut amatasunaren gaiarekin, adibidez. Berriz ere apurtzaile sentitu naiz hemen, Euskal Herrian. Parranda bat edo kontzertu bat proposatu eta gertatu izan zait inguruan gizonezkoek baiezkoa ematea, baina ama diren horiek etxe inguruan geratzea. Horrek harritu egin nau eta sentitu dut hobeto nagoela nagoen tokian, apurtzeko aukera gehiago ematen didala eta amatasuna nola bizi nahi dudan erabakitzeko askatasun handiagoa. Era berean, lehen naturalizatuta zeuden gauzak esateko orduan gehixeago pentsatzen dela ikusi dut, gauzei beste buelta bat ematen zaie, eta hori baikorra da.

Baina, era berean, kontrako jarrerak indartuta daudela ikusi dut, gizonezko batzuek pribilegioak galtzeko beldurra dute.

Euskal Herria asko aldatu dela iruditzen al zaizu?

Batzuetan pentsatzen dut, Euskal Herria aldatu da edo ni aldatu naiz? Bietatik dagoela uste dut. Nik konfrontazio fase batean egin nuen ihes, gatazka askoz ere presenteago zegoen garaian. Baina lehen ere gizarte osoa ez zegoen antolatuta, bazen antolatua zegoen gizartearen parte bat eta beste bat bere bizitza egiten zuena, besterik gabe. Orain borroka eta erresistentzia politiko horiek eremu pribatura pasatu direla esango nuke. Harritu egin ninduen kalean pintadarik ez egoteak, kartzelaren gaia zein isilik dagoen... kezka pixka bat badut hurrengo belaunaldiei zer-nolako transmisioa ematen ari garen. Batzuetan pentsatzen dut; orain Euskal Herrira etorriko banintz, zein izango litzateke nire lekua?

Egia da euskal gizartea aldatu egin dela, su etenaz geroztik batez ere, lehen ikusten ez ziren asimilazioak edo zapalkuntzak ageriago daudela esango nuke. Mundu osoan bezala, eskuinerako joera eta migrazioaren gaia lehen lerroan daude. Baina benetan aldatu naizena ni naiz eta orain ez nago prest gauza batzuk ez ikusteko edo onartzeko.

Alaba euskal pirata bat da eta ezagutu du Euskal Herria. Zer esaten du ipuinetan bakarrik ezagutzen zuen herri horri buruz?

Galderak egiten dizkit. Beste migranteekin ikusi dut batzuetan erromantizazioa ematen dela, utzi duten hura beti ona da. Nik ez nuen hori egin nahi. Esaten nion nik Euskal Herria maite nuela eta haren alde borrokatu dudala, baina erromantizaziorik eta folklorismorik gabe. Adibidez, Euskal Herrian ospatzen diren jaietan nik ezin nuen alaba baserritarrez jantzi, identitate hori ere gorde egin behar genuen eta. Ez zegoen lekurik horrelako gauzak egiteko. Niretzat garrantzitsuagoa zen euskaldun izatea zer den azaltzea: zapaldu duten eta kendu nahi diguten hizkuntza horretan hitz egitea batetik, eta, bestetik, herri honen borroka. Herri honek borrokatzen duen moduarekin identifikatzen naiz ni.

Alabari balio horiek eman nahi nizkion eta berak ere horren alde egin du; ez du galdetu zergatik hitz egin behar duen euskaraz inork egiten ez duen tokian. Nik beti esaten diot “nire maitasunaren, haserrearen, borrokaren hizkuntza hau da, ezin dizut beste era batera hitz egin” Berak hori ulertu du eta berdin egiten du, nirekin euskaraz hitz egiten du. Gertatu zaio Euskal Herrira etorri denean ikusi duela euskararen presentzia urria dela eta utzikeria handia dagoela euskararekin. Lehen bidaian galdetu zidan: “Ama, euskaldun izatea zer da? Hemen denek gaztelaniaz hitz egiten dute”. Berak bost hizkuntza hitz egiten ditu, baina gaztelania ez. Tristura ematen didana da gaztelania Euskal Herrian ikasiko duela.

Piraten bizitza sekretu horretan, ama-alaba lotura berezia izango da, ezta?

Ni pozik nago. Gure sinbiosia berezia da, harreman berezia daukagu. Niretzat amatasuna da asko hitz egitea, pentsamendu kritikoa ematea, tresnak ematea gauden gizarteari aurre egiteko.

Nik alabari garbi utzi izan diot ama naizela, baina Nekane ere banaizela, eta ez diodala Nekane izateari utzi behar ama ona izateko. Alabari eredu hori eman nahi diot berak ere aukera hori izan dezan, gizarte patriarkalak esaten dionetik urruntzeko beldurrik ez dezan izan.

Euskal Herrian ikusten duzue zuen burua?

Alabak hamabost urte ditu, han hazitako euskaldun bat da -berak esaten duen bezala-. Joateko erabakia nik hartu nuen, baina bueltatzeko erabakia biok hartu behar dugu, eta oraindik ez da momentua.