Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Epikarik gabeko Stalingrado

Lizarra-Garaziren garaietako eferbeszentzian, ezker abertzaleko agintari bati entzun nion: «Iruñea zuen Stalingrado izango da». Faxismoari bertatik aurre egin ez ezik, garaitzeko aukera ere bazela adierazi nahi zuen. Baina ameskeria zen orduan hori hausnartzea, eskuin espainiarzalearen nagusitasuna ikusita. 1999 hartan lasai asko zebilen UPN agintean, PSNren eskutik behar zuenetan, bere kasa gainerakoetan, Sanz eta Barcina jaun eta jabe.

Ez da arina Iruñearen gainean betidanik ezarri den zama: Itaca dela, Jerusalem dela, Stalingrado dela... Horregatik, 2015ean etorri zen irauli politikoak berebiziko garrantzia du, aro berri honen ikur nagusiena da. Egun batetik bestera itxuraz, baina errealitatean sakoneko lurrikara azalaraziz, eskuina boteregune gehienetatik kanpo gelditu zen. Errusiako lur izoztuetan Armada naziak 1942ko neguan bezala, Nafarroako eskuin espainiarzalea uste baino askoz ahulago ageri zitzaigun 2015eko udaberri hartan.

Ordutik hona, azken hamarkadan zehar, eskuina berrarmatu da mundu osoan, ultraeskuin faxistaren aurrerakadaz. Egungo argazkia adierazgarria da oso, noranahi begiratuta. Aginte-egiturei erreparatzen badiegu, Trump Etxe Zurian da berriz, Parisen ezkerrak hauteskundeak irabazi arren Le Penek mugitutako txotxongilo bat da gobernuburu, Italiatik Meloni ari da europar migrazio politiken gidaritza hartuz, Erresuma Batuan laboristak dira Downing Street-en baina Faragek ekarri du Brexit-a, Alemanian inoiz ikusi gabekoa gertatu berri da, nazien oinordekoak land batean nagusi izatea… irabazle ez denetan ere, agenda markatzen du faxismo berriak. Gizarte geruzei erreparatzen badiegu, ondorio berdina, eskuineranzko joera sakontzen eta azkartzen ari da, gazteen artean bereziki: adierazle garbia da pasa den azaroaren 25. honetan Euskal Herrian «neomatxismoa»-ren aipamenari eman behar izan zaion oihartzuna.

Testuinguru orokorra honako hau izanda, duela urte gutxi edonork aurreikusiko zuen eskuinak bere erasoaldian atzaparretan hartuko zituen bi gune Estatu espainola eta Nafarroa izango zirela. Erraztasunez.

Espainia aldean eskuinak duen indarra ez da hemen azaldu behar: “francozale” zahar eta berriak batera ari dira. Aznarrek agindu bezala, «aukera duenak egin dezala», guztiek batera jarduten dute, etengabe, egunero. Hala ere, ez dute orain arte Moncloako helmuga urratu, eta hau ez da miraria, erresistentzia politikoaren antolatzearen ondorioa baizik.

Nafarroan oraindik harrigarriagotzat har daiteke agertokia. Izan ere, duela bederatzi urteko aldaketa ez da behin-behinekoa izan, sendotasuna hartu duen dinamika izan da, asmatuz gero luze jo lezakeena. Eta hemen ere, mirari gutxi: lan politikoa, ez besterik, epikarik gabekoa baina emankorra, gerra ideologiko sakoneko garai hauetarako zuzena.

Ezkerretik inork ez luke gaurkoan esango Iruñea -edo Madril- eskuinarentzat Stalingrado bilakatu behar denik, hau ez baita lubakietako hizkera erabiltzeko garaia. Baina eskuinetik askok pentsatuko dute, segur aski, jada badela. •