Euskara konexio emozionala da
Nire lagun zinemazaleek ikusiko banindute... batere interesik sortzen ez zidan telesail hori ikusten kapitulu bat bestearen atzetik irentsiz, haur batena bezalako irrifarrearekin. Urrun ikusiko dute Iruñeko alde zaharreko kaleetan zineman aditua omen zen bati historiako zuzendaririk onenak hiru letra zituela, eta, irri eta garagardo artean, asmatzen ez bazuen gurekin hitz egiteko eskubiderik ez zuela esaten genuen gau hura. Aukera dudan bakoitzean jende guztiari “Bilynch” irratsaioa entzun behar duela esaten diot, zinema eta lagunartea, a zer nolako gozatua. Barkatu, noan harira.
Ikasleen kalifikazio zerrenda amaigabea nire artxibotik eskolako aplikaziora pasa behar nuen eta, halako lan aspergarria egiteko, edo lan hori pixka bat atzeratzeko, nagiaren nagiz, nire burua engainatzea pentsatu nuen. Zer egongo da ordaintzeak lotsa ematen didan plataforma digital horretan? Hor bai egoten direla ezer pentsatu gabe ikusteko telesailak, pretentsio intelektualik gabe egindakoak. Horixe behar nuen nik, baina aurretik halakoekin nuen esperientzia ez zen ona. “Tronuen jokoa” delako hura osorik eraman nuen nirekin hilabete batzuk atzerrian lanean egin nituenean eta, asperduraren asperduraz, korrika egitera ateratzen bukatu nuen, pentsa.
Noan, orain bai, harira. Eraztunen boterea edo boteredun eraztunak edo, bueno, halako abenturazko superprodukzio itxura duen hori ikusteko sakatu nuen. Zinemazale pijo on bezala, originala jarri nuen, azpitituluekin. Total, elkarrizketen erdia elfikoz zen, eta, aldi berean lan burokratikoa egiten ari nintzenez, haria galtzen nuen. Gazteleraz jarriko dut, are gutxiago pentsatzeko, erabaki nuen. Eta hara non, hizkuntza aukeratzera nindoala, zer eta... euskara! Nola? Akatsa izango da. Sinetsi ezinik, nire ezjakintasunean. Baina egia zen. Elfoak, trasgoak, hobbitak eta ipotxak euskaraz, Erdialdeko Lurraldean. Liluratuta gelditu nintzen. Atzera egin nuen urte mordo batera, telesailak eta filmak, nik gustuko nituenak, euskaraz ikusten nituen garaira. Irribarrea atera eta hortxe geratu zen, bi orduz. Zein sentsazio ederra, ganorazko itzulpena, euskarazkoa, ikustea modako telesail batean.
Pentsa zein asimilatua neukan «vayasemanismo» erregionalista, ez baitzitzaidan burutik pasa ere egin nazioarteko entretenimendu produktu ultra-ezagun bat euskaraz egongo zenik. Uste nuen jada halakoak euskal encodingsen bakarrik egon zitezkeela. Inozoa ni. Ba elfo eta gerlari sasiertaroko horien abenturak, asperduraz beteak imajinatzen nituenak, bat-batean etxeko bihurtu ziren. Pertsonaia arrotzak hurbileko, hizkuntza ezezagunak belarrira goxo. Esaten dute erdipurdiko intelektual espainiarrek gurea nazionalismo emozionala dela, beraiena arrazionala eta ilustratua den bitartean. Zozoak beleari, ezta? Baina, are gehiago, gure hizkuntzarekiko eta nazioarekiko atxikimendua emozionala bada, zer? Nola defendatuko duzu maite ez duzuna? Nola eskainiko diozu zure borroka barruan zerbait mugitzen ez dizun zerbaiti? Gazteenek zinez behar dute jaso guk euskararekin dugun konexio emozional hori, mugituko baldin badira. •