«Nazioarteko zuzenbidea existitzen da eta herriek irabazten duten eszenatokia da»
Palestina, Gaza, bakea eta giza eskubideak barru-barruan ditu gerra testuinguruetan eskarmentu handia duen Olga Rodriguez kazetariak. Israel egiten ari den genozidioaren aurkako ahots esanguratsua bilakatu da.
Olga Rodriguez kazetariaren agendak ez du etenik. Gazako genozidioaren kontra ahots esanguratsua da berea. Azaroaren hasieran, Hernanin izan zen Gazari buruzko hitzaldia ematen Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren hirugarren edizioan. Ondoren, Bilboko Udalak antolatutako «Gazako ahotsak: nazioarteko elkartasuna, basakeriaren aurrean» topaketan esku hartu zuen eta Gasteiz Konexioan jardunaldiaren bederatzigarren edizioan «Territorios ocupados: non daude giltzak?» mahai-ingurua aurkeztu zuen.
GAUR8rekin egindako elkarrizketan, Gazako genozidioa eta gerraren aldeko diskurtsoak salatu ditu. «Gerra akziozko pelikula gisa kontatzen digute, baina gerra ez da entretenigarria. Gerra gorputegietan dago, ospitaleetan, sufritzen ari den jendearen etxeetan. Hori da gerra, eta den bezalakoa dela kontatu behar dugu», nabarmendu du. Bere hitzetan, nazioarteko zuzenbidea indartzea inoiz baino beharrezkoagoa da, baita estatuen arteko errespetua oinarri izango duen nazioarteko sistema berri bat eraikitzea ere bai.
Donald Trump berriro dago Etxe Zurian. Nola eragingo die horrek Gazari eta AEBei?
Naomi Kleim pentsalari kanadarraren hitzetan, Kamala Harrisen kanpaina arrisku handikoa izan zen, Partidu Demokrataren oinarriak ez baitzituen kontuan hartu Errepublikanoen botoak lortzearren. Dick Cheneyren babesa lortu zuen. Gogoratu behar da Partidu Errepublikanoko presidente ordea Irakeko inbasio ilegalaren bultzatzaile sutsuetariko bat izan zela, eta suntsipen handiko armen gezurra defendatu zuela. Demokraten oinarriak, ezkerreko sektoreak, arabiar eta musulmanak, bakegileak... alboratu zituen Harrisek. Udan, Partidu Demokratak egin zuen biltzarrean, betoa jarri zitzaion ahots bakarra palestinarrena izan zen. «Batetik, gugan interesik ez duela esaten digun hautagai demokrata bat dugu, eta bestetik, estutu gaituen Donald Trump bat». Kleinen hausnarketa hori kanpainaren definizio ona dela uste dut.
Nolabait, Hillary Clintonen kanpainaren oso antzekoa izan zen Harrisena, eta hark ere Trumpen aurka galdu zuen. Hortik sortu dira gerora Bernie Sandersena bezalako gogoetak, esanez Alderdi Demokratak bere oinarriak, langile-klasea, egoera zaurgarrian daudenak eta Gazako genozidioaren aurrean jarrera aldaketa bat eskatzen dituztenak, abandonatu egiten dituela.
Hori abstentzioaren eta Trump berari edo hirugarren partidu bati bozkatzearen arrazoietariko bat izan da. Ameriketako Estatu Batuetan hemen baino ohikoagoa da botoa aldatzea. Zer suposatuko du Trumpen itzulerak? Israelen eta Benjamin Netanyahuren lagun handia da. Bere lehenengo agintaldian enbaxada Jerusalemen kokatu zuen, Israelen hiriburu gisa aitortzea suposatu zuen horrek, nazioarteko zuzenbidea eta Nazio Batuetako adierazpenak urratuz. Siriako Golango Gaien okupazio ilegala aitortu zuen eta «mendeurrenaren plana» diseinatu zuen, hau da, Zisjordaniaren gehiengoa Israeli ematea. Hori da Trumpen gida lerroa.
Bai Partidu Demokrata baita Partidu Errepublikanoa ere Israelen babesleak izan dira historikoki. Laguntza militar handiena Israelentzat izan da urtez urte. Zentzu horretan, jarraipen bat izango da Trump. Netanyahuren planak azkartzen saiatuko da, “nik Gazako gerrarekin amaitu nuen” domina jarri ahal izateko.
AEBetako populazioari dagokionean, badakigu neoliberal, arrazista eta matxista hutsa dela, eta hori izango da bere lan ildoa.
Kanpo Harremanetan, Txinan eta Indo Pazifikoan jarriko du fokua. Ukrainan bakea oso azkar lortuko zuela adierazi zuen, ikusiko dugu zer egiten duen, zeren ezinezkoa da pertsona horrek zer egingo duen jakitea. Gauza bat esan eta bestea egin du. Baina egia da bera eta Partidu Errepublikanoren zati handi bat Ukrainara armak bidaltzearen kontra daudela. Afera hori soilik Europaren eskuetan utzi nahiko luke. Europak bere buruari galdetu beharko lioke zer nahi duen eta nola defendatuko dituen bere interesak.
Zer gerta daiteke kargua hartzen duen bitarteko epean?
Asko kezkatzen nauen epea da. Oso arriskutsua dela iruditzen zait, linbo bat delako. Bidenek harrotasunez esaten du berak ez dituela AEB gerra batean sartu, baina herrialdea «gerra proxy» askotan sartuta dago eta beste batzuk finantziatu egiten ditu. Horrelako testuinguru bat dagoen bakoitzean, linbo hauek «egiteari uzteko» edo «errematatzeko» erabiltzen dira. Kargua utziko duen presidente bat dugu eta urtarrilean kargua hartuko duen beste bat. Trumpi buruz hitz egiten dugun arren, Bidenen Administrazioari buruz hitz egiten jarraitu beharko genuke, behintzat, urtarrilera arte. Zer egingo du Bidenek tarte honetan? Ikusi dugu jada zer erabaki duen Ukrainarekin.
Gazako iparraldean Israelgo Armada egiten ari den sarraskiaren lekuko gara. Badira egunak 50 haur hil dituztenak. Laguntza humanitarioren blokeoa, kanporaketa masiboak… izugarria da gertatzen ari dena. Hala ere, hedabide estatubatuarrek eta europarrek ez diote jaramon askorik egin. Zer egingo du Bidenek hau gelditzeko? Bere politikak aldatuko ditu? Behingoagatik zerbait zentzuduna egiten saiatuko da? Erantzuna, tamalez, da berdina egiten jarraituko duela, eta linbo honetan Israelek eskuak libre ditu nahi duena egiten jarraitzeko.
Aipagarria da Michigango Dearborn hiriaren bozketa. Populazioaren gehiengoa arabiarra izanik, bizkarra eman zion Harrisi.
Alkateak, demokrata izanda ere, ez zuen inoren aldeko botorik eskatu, biztanleriaren gehiengoa arabiarra edo arabiar jatorrikoa baita. Trumpen garaipenaren ostean zera plazaratu zuen: «Inork ez ditu botoak aldez aurretik bermatuta, eta are gutxiago genozidio baten aurrean bizkarra eman diozun komunitate arabiar baten botoak». Hauteskunde kanpainan buru-belarri sartuta, eta Partidu Demokrataren oinarriek palestinarren eskubideen aldeko protesta bat egin zuten Harrisen mitin batean. Berak isilarazi zituen. Gertatutakoa birala egin zen. «Ni ari naiz hizketan», esan zien. Israelen kontrako arma-blokeoa eta su-eten iraunkorra eskatzen zuten ahots demokratak ez zituen aintzat hartu. Harris Israelen aldeko elementu aktibo bat izan da beti, gobernuan eta senatari gisa. Apirilean, Israeli 17.000 milioi dolar baino gehiagoko arma-laguntza paketea ematea onartzeko botoak bilatu zituen Kongresuan.
Udan Chicagon egindako kongresuan ez zitzaien ordezkari arabiarrei hitz egiten utzi.
Bere azken mitinetan, ordea, Trumpek oholtzara igo zituen ordezkari musulmanak eta arabiarrak. Arrazista bat izanda ere, banan-banan eman zien eskua. Alderdi Demokrata ez zen hori egitera ausartu. Argazki horri betoa jarri zion, eta ez zuen komunitate arabiarrarekin eta musulmanarekin argazkia atera nahi izan.
Genozidio bat dagoen arren, Partidu Demokratak esan duen gehiena da hondamendi humanitarioa sentitzen duela. Eta bien bitartean, Israeli armak bidaltzen dizkio. Etxe Zuriko estatu idazkariaren bozeramaileak publikoki adierazi du Hayako epaitegiek ez dutela eskumenik Israel epaitzeko; bai, ordea, Sudanen, Darfurren eta Ukrainaren kasuan.
Harrisek Gazako genozidioa sostengatu du arlo ekonomikoan, militarrean eta diplomatikoan; Dearborneko komunitate arabiarraren hitzetan, Harrisen alde bozkatu izanak esan nahiko luke genozidioa babestea doan ateratzen dela.
Dena den, Harrisek ez zituen hauteskundeak galdu komunitate arabiarreko zenbaitek Trumpen alde bozkatu zutelako. Faktore gehiago egon ziren tartean. Komunitate arabiarrak ez du inolako pisurik izan demokraten kanpainan, baina batzuk haien erruz hauteskundeak galdu izana leporatu diete. Finean, ahots horien atzean kutsu arrazista dago.
Nola deskribatuko zenuke Europaren jarrera Gazako genozidioarekiko?
Europaren eta Ameriketako Estatu Batuen sostengurik gabe Netanyahuk ezingo luke egin egiten ari dena. Baina garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea Israeli babesa ematen dioten herrialdeak oso gutxi direla, nahiz eta horietako batzuek botere handia izan. Nazio Batuetako Asanblada Orokorrean, mundu mailako estatu gehienak Palestinaren eta su-etenaren alde bozkatzen dute, soilik sei eta hamar ezezko egon ohi dira -AEB, Israel, Txekiar Errepublika, Mileiren Argentina eta mikro irlak diren zenbait herrialde-. Hegoalde globalarentzat Washingtonek eta bere aliatu europarrek ez dute sinesgarritasunik, haien politika bikoitz, hipokrita eta kriminalengatik. Herrialdeen gehiengo handi batek Israelen zigorgabetasuna gaitzetsi egiten du, eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa babesten du. Hala ikusten dugu behin eta berriz Nazio Batuetako Asanblada Orokorraren bozketetan.
Indartsuenaren legearen narratiba ezarri nahi dute. Hori izango ote da dinamika? Gazako genozidioak aurrekari bat ezarri du. Gaur populazio palestinarra da, baina bihar gu izan gaitezke erasotuak.
Antisemitismoa ere desitxuratzen ari da. Netanyahuk Amsterdamen, Ajaxen eta Maccabi Tel Aviven arteko partidaren bueltan izandako istiluak aprobetxatu zituen eta kristal hautsien gauarekin parekatu zituen. Maccabi Tel Aviveko ultra erradikalen salbatzaile gisa aurkeztu zuen bere burua. Bi hegazkin baliatu zituen hooligan horiek «erreskatatzeko». Horren atzean dagoen mezua oso arriskutsua da, zeren benetan Netanyahu esaten ari dena zera da: «Israeldarren edo juduen aurkako eraso bat dagoenean, bertaratu gaitezke eta esku hartu».
Nazioarteko zuzenbide humanitarioa defendatzen duten ahotsak, horietako asko juduak, sistematikoki antisemitatzat jotzen dituzte, nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak defendatzeagatik soilik. Antisemitismoaren erabilera honek min egiten dio antisemitismoaren kontrako borrokari berari eta, oro har, giza eskubideen defentsari. Antisemitismoaren errelatoa bere eginez, Ursula von der Leyenek eta Espainiako Kanpo Arazoetarako Barne ministroak adierazpenak egin zituzten istilu horien harira. Non daude Jose Manuel Albares ministroaren tweet-ak Gazan Israelek egin dituen sarraski bakoitzarekin? Non dago apartheid eta okupazio ilegalaren aurrean? Apartheid eta legez kanpoko okupazioa sustatu dezaketen inbertsio eta merkataritza guztiak eteteko eskatu die Nazioarteko Justizia Auzitegiak Nazio Batuetako estatu kideei. NBEetako Asanblada Orokorrak adierazpen bat onartu zen ildo horretan, eta Espainiak adierazpen horren alde bozkatu zuen. Zer egingo du Espainiak apartheid-a eta legez kanpoko okupazioa erraztu dezaketen merkataritza eta inbertsioak eteteko, Israelerantz material militarra daramaten itsasontziak Espainiako portuetan geldialdiak egiten jarraitzen duten bitartean?
Azaroaren 8an Nazio Batuek aurkeztu zuten txosten baten arabera, Gazako biktimen %70 emakumeak eta haurrak dira. Jada 50 egun baino gehiago pasatu dira Gazako iparraldearen kontrako erasoaldia eta setioa hasi zenetik. Iazko urriaren 7tik hona, 40.604 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazako Zerrendan, eta zaurituak 102.929 baino gehiago dira. Libanon, azaroaren 26ra arte, hildakoak 3.768 ziren, eta zaurituak 15.699. Nola iritsi gara egoera honetara?
Israelen inpunitateagatik eta AEBen babesarengatik. 2006. urtean egin zuen bezala, auzo osoak bonbardatu ditu Libanon eta kilimak bilatu nahi izan dizkio Irani, hainbat eraso eginez. Eskalada militar horren barnean galdu egiten da honen guztiaren ardatza, hots, Palestinaren legez kanpoko okupazioa, apartheid-a eta lurralde gehiago anexionatzeko eta Israel Handia sortzeko Netanyahuk duen asmoa.
Gerraren bitartez, Israelek hamarkada hauetan lurralde gehiago bereganatu ditu, eta palestinarren zapalkuntza areagotu du kanporatze-oldearekin. Badaki gerraren esparruan errazagoa dela nazioarteko zuzenbidea urratzea. Gerraren, sarraskien, legez kanpoko inbasioen eta sarraski-kanpainaren bidez nazioarteko zuzenbidearekin lortu ezin duena lortu nahi du. Indartsuenaren legea da.
Soziologian «soberan dagoen biztanleria» terminoa erabiltzen hasi dira. Palestinan palestinarrak dira, Europan, soberan dagoen biztanleria migranteak dira; gure mugak gero eta gehiago kanporatzen dituzte, gure lurraldetik eta kontzientzietatik urrun hil daitezen. Baina diskurtso estigmatizatzaileak ez datoz soilik ultraeskuindarraren aldetik. Eta hori onartu egin behar dugu. Gure auzoetan ere badago soberan dagoen biztanleria. Eta horrela, marjinazio- eta bazterketa-poltsa berriak ari dira sortzen leku askotan, eta lehendik zeudenei gehitzen zaizkie. Hori da errealitatea, bestelakoa izan daitekeenean. Badira arrazakeria eta diskriminaziorik gabeko beste antolaketa-eredu batzuk. Baina sektore errespetagarri batzuek esaten digute gerraren eta sarraskiaren bidea dela aukera bakarra. Hori ikaragarria da. Egunen batean zentzua gailentzen bada, mundu guztiak esango du ez zela horretan ari. Bihar Estatu Batuek esango balute “zer eskandalu, Gazan sarraski bat dago”, koru europarrak jarraian esango luke “zer eskandalu, Gazan sarraski bat dago”. Lehenengoak hori esaten komunikabideak izango dira.
Bidenek dementzia zantzu batzuk erakusten zituenean, Estatu Batuetako eta Europako hedabide oso serioek zioten irudi horiek gezurrak zirela. Biden oso ondo zegoela eta hautagai izaten jarraitu behar zuela ziotenek, Harris hautagai izendatu zutenean, iritziz aldatu zuten ordu gutxitan.
Baina gauzak aldatu daitezke, ez baitago ezer finkoa. Inoiz ikusi gabekoak gertatzen ari dira. Nazioarteko Justizia Gorteak Israelen aurkako salaketa onartu du lehen aldiz, genozidioagatik, eta Netanyahu eta Defentsa ministroa atxilotzeko agindua eman du. Gosea gerra estrategia gisa erabiltzea eta gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatzen die, tartean, hilketak, jazarpenak eta bestelako ekintza ankerrak.
Lehen aldiz ere, Nazioarteko Justizia Gortearen adierazpen batek dio Nazio Batuetako estatu kideek berehala eten behar dituztela legez kanpoko okupazioa susta dezaketen merkataritza eta inbertsioak, hau da, boikotaren alde egin behar dela. Eta Nazio Batuen Asanblada Orokorrak hamabi hilabete eman dizkio Israeli, datorren urteko irailera arte, hain zuzen ere, Palestinaren legez kanpoko okupazioarekin amaitzeko. Badakigu zer egiten duen Israelek horrekin, zigorgabetasuna eta Estatu Batuen babesa dituelako. Baina ez ditugu adierazpen eta urrats horiek gutxietsi behar, nazioarteko zuzenbidea existitzen delako eta herriek irabazten duten eszenatokia delako. Gerraren eszenatokian, gero eta teknologia sofistikatuagoarekin -Gazan israeldarrak adimen artifiziala erabiltzen ari dira-, herriek beti galtzen dute. Gerrarekin elite bakar batek irabazten du. Nazioarteko zuzenbidearen eszenatokian, aldiz, herritarrok irabazten dugu; horregatik, inoiz baino gehiago nazioarteko zuzenbidea babestu behar dugu.
Hainbat gatazka testuingurutan egon ondoren, nolakoa da gerra baten estaldura? Are gehiago, emakumea izanik...
Historikoki, narratiba oso belizista izateaz gain, maskulinitateari lotua egon da. Beren buruari gerra-berriemaile deitzen dioten kazetari batzuk entzun ditut esaten gerrak zakila tente jartzen diela. Testu-hitzak. Beren maskulinitatea gerraren estalduraren bidez berrestea bilatzen duten horiek ez dute begi onez ikusten emakume kazetariak bertan egotea. Pertzepzio hori aldatuz joan da. Jakina, mota guztietako lankideak daude. Gerrako emakume korrespontsalen lanarekin beti errespetuz jokatu duten lankideak badaude, baita nirea baino belaunaldi zaharragoetakoak direnen artean ere.
Gerra baten estalduran bi plano daudela esango nuke. Batetik, nola hautematen gaituzten gerrak estaltzen ditugun lekuetan -askotan oso leku matxistak dira, erregimen diktatorial zapaltzaileekin-. Jarrera matxistak edo, gutxienez, paternalistak izaten dituzte emakume kazetariekiko, eta ni behintzat horiei etekina ateratzen saiatzen naiz, esaterako, ilara batean hamabi orduz egon behar baduzu zain bisa berritzeko, eta jaun bat etortzen bada zure aurrera, zaldun jatorrarena egin nahian, eta zu sartzea eskaintzen badizu, baiezkoa esaten diot. Zer beste abantaila ditu kazetari emakume izateak? Afganistan bezalako testuinguru batean, adibidez, gizona izango banintz egin ahal izango ez nituzkeen elkarrizketa oso interesgarriak eta mamitsuak egin ditut. Afganistanen gizonezko batek ezin du bakarka hitz egin emakume batekin, senarra, anaia edo aita aurrean egon behar dira. Emakumeei gauza asko gertatzen zaizkie. Familian bortxatuak izan daitezke edo aktore armaturen batek bortxatu ditzake, eta ez dute esaten familian ere, eta bakarka aitortu diezazukete, baina ez gizon baten aurrean. Hori guztia oso interesgarria da, eta abantaila bat da.
Jakina, emakumeok badugu mehatxu gehigarri bat, gerra-arma gisa sexu-eraso bat jasateko arriskua. Azken urteetan, gerra-testuinguruan sexu-erasoak jasan dituzten gizonezko lankideak ere egon dira.
Baina gehien mindu nauen matxismoa hemen bizi izan dudana da. Enpresa askok jarraitzen dute gizonei eta emakumeei modu desberdinean ordaintzen, edo gizonen eta emakumeon lana modu desberdinean aitortzen eta tratatzen. Badira, halaber, emakume lankideen lan bikaina gutxiesten duten gizonezko lankideak.
Gainerakoan, nolakoa da gerra bat estaltzea? Gerra da gerta dakizukeen okerrena, ezin duzu gainetik kendu. Zeharkatzen zaituen zerbait da, gerrak barrutik mugitzen zaitu. Orain tresnak ditut hori guztia kudeatzeko, baina hasieran asko kostatzen zitzaidan leku seguru batera itzultzea, bakera, bestea han geratzen zen bitartean. Munduak erlojuaren orratzak ez gelditzeak sortzen zidan nahasmena. Niri zaila egiten zaidana hemen egotea da, beti arrazoia duen eta bere politika batzuen ondorioak ikusi nahi ez dituen gizarte batean bizitzea kostatzen zait.
Begirada kolonialista, deshumanizatzaile, arrazista eta supremazista batek zeharkatzen gaitu, eta askotan ez gara konturatzen burua oso kolonizatuta daukagula.
Lagunak galtzea, gerrako krimenen lekuko izatea, gogorra da, eta are gehiago erredakziotik esaten dizutenean lekurik ez dagoela Gabonetako munduko zuhaitzik garestienaren irudiak iritsi direlako. Baina benetan gogorra dena operazio militar horien ondorioz zigortutako, zapaldutako, zatikatutako eta pobretutako gizarte horietako kide izatea da. Sarritan mendebaldeko armaden operazioei humanitario adjektiboa gehitzen diegu, gizateria salbatzeko guztiz beharrezkoak izango balira bezala aurkezten dizkigute.
Zerk eraman zintuen gerra korrespontsala izatera?
Kazetaritza ikasi ondoren nazioarteko harremanetan espezializatu nintzen. 2000. urtean bigarren Intifada hasi zen. Palestinan izan nintzen. Horren ostean, irailaren 11ko atentatuak izan ziren eta Ekialde Hurbilaren zurrunbiloan sartu nintzen. Pertsonalki, gerra korrespontsala hitza ez dut gustuko. Bagdaden, inbasioa hasi aurretiko asteetan, gau batean nazionalitate desberdinetako kazetariak elkartu ginen. Asteak eta hilabeteak generamatzan Iraken. Kazetariren batek esan zuen ea ekintza noiz hasten zen, hura oso aspergarria zela eta adrenalina behar zuela. Lankide lagun bati begiratu nion eta esan zion kontatzeko genuen albisterik onena, azkenean, diplomazia eta zentzu ona gailentzen zirela zela, eta ez gerraren hasiera. Bakearen korrespontsalak izateagatik brindisa egin genuen, hoteleko pisutik Bagdad gauez ikusten genuen bitartean. Egun batzuk beranduago, bonbardaketen hasiera adierazten zuten sirena hotsak entzun genituen. Jose Couso lankidearen hilketa, zibilen kontrako aire eraso masiboak, eta abar etorri ziren. Aipatu dizudan laguna ikusten dudan bakoitzean, bakearen korrespontsalak izatearen alde brindisa egiten jarraitzen dugu. Asmo horrekin joaten naiz beti gatazka eremu batera, bakearen kulturaren ikuspegitik informatzea dut helburu.
Gerrako korrespontsala sarritan identifikatzen da kaskoa eta balen aurkako txalekoa daramatzan tipo ausart batekin, eta, hain justu, zuzenean sartzen denean, zerbait gertatzen dela. Nik ikusi dut gizon armatu bati bost dolar nola eman dizkion kazetari batek, kamerako pilotu gorria pizten denean airera bi tiro bota ditzan. Eta ez naiz hori ikusi duen kazetari bakarra izan. Gerra akziozko pelikula gisa kontatzen digute, baina gerra ez da entretenigarria. Gerra gorputegietan dago, ospitaleetan, sufritzen ari den jendearen etxeetan. Hori da gerra, eta den bezalakoa dela kontatu behar dugu .
Nola eraikitzen da bakean eta giza eskubideetan oinarritutako kultura bat gerra bideojoko bat izango balitz bezala ikusten den une honetan?
Galdera ona. Lehenik eta behin, antolatu egin behar gara gizarte bezala, eta belizista dena seinalatu. 2022an, Ukrainaren inbasio ilegalarekin, bakearen alde ahalegina egin zuten pertsona, ekintzaile eta kazetariak estigmatizatu zituzten. Putinen aldekoak zirela esan zuten, giza eskubideak eta bakea defendatzen ari zirenean soilik. Errealitatea, ordea, burugogorra da, eta arrazoia eman digu gerra luzatuko zela eta gatazka bake akordioen bidez bukatu egin behar zela esaten genuenoi. 2022ko martxoan bake akordio bat lortzeko aukera bat egon zen eta boikotatu egin zuten. Guztiz lotsagarria izan zen. Sufritzen ari direnak Ukrainako biztanleak, hiltzen ari diren soldaduak eta Europa osoa dira. Gerrazaleak eta errealitatea desitxuratzen duten horiek seinalatu behar ditugu.
Era berean, hezkuntza programak birmoldatu behar ditugu. Bakean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza behar dugu, eta informazio faltsuak antzemateko tresnak erakutsi behar dizkiegu belaunaldi berriei txiki-txikitatik, izan eskoletan, izan institutuan edo unibertsitatean.
“Fortnite” bideojoko ospetsuan, adibidez, denak hiltzen dituenak irabazten du. Hori al da nahi duguna? Bake kulturan oinarritutako aplikazioak garatu ditzaketen profesionalak behar ditugu, eta besteari entzuteko prestutasuna.
Nazio Batuen barnean honen gaineko eztabaida sakona dago, zeren Nazio Batuen diseinua zaharkituta dago, 1945. urtekoa da. Erabat desberdina den beste mundu batean gaude egun. Beto dinamika alderatu behar da, eta estatuen arteko errespetuzko dinamikak bultzatu behar dira, errespetuzko dinamikak egungo inposizioen gainetik. Nazioarteko zuzenbidea indartu behar dugu, bestea oihanaren legea baita. Distopietan baino, utopietan pentsatu behar dugu, beste nazioarteko harreman batzuk eraiki behar ditugu.
Mobilizatu egin behar gara, giza eskubideak gure seme-alabei transmititu behar dizkiegu eta esperantza gure egin behar dugu. Egungo belaunaldiei sistema berri bat eraikitzea egokituko zaie, zeren egungoak jada ez du balio. Horrela jarraituz gero, elite txiki batek soilik irabaziko du eta gizateria pikutara joango da, Elon Musk-ek irabaziko du. Hori gerta ez dadin, beste sistema bat eraiki behar dugu. Horrek aktibatzen nau.