«Mila esker, Gisele»
«Mila esker, Gisele», zioen pankarta batek Avignongo epaitegiaren parean. Barruan bortxatzaileen inguruko epaia irakurtzen ari ziren. Kanpoan, pankarta horrek mundua habitatzen dugun emakume gehienon sentipena jasotzen zuen.
Izan ere, Giselek anonimatua gordetzeko aukera zuen, epaiketa modu publikoan ez egitekoa. Baina berak aurpegia erakutsi du munduaren aurrean, ez baitauka lotsatzeko motiborik. Hori bere lehen lezioa; bortxatua, erasotua, zapaldua izan den emakumeak ez dauka aurpegia ezkutatu beharrik. Ez dauka azalpenik eman beharrik, ez du ezer egin. Ardura, erantzukizuna, errua eta lotsa beste aldean daude, bortxatzaileen aldean. Begira dezagun horrantz.
Ez da hori eman duen lezio bakarra. Gertatu denaren larritasunak dimentsio ikaragarria dauka. Gorputz horrek jasan duena ezin da hitzekin azaldu. Eta, hala ere, gorputz horrek zutik jartzeko indarra bildu du. Eta munduaren aurrera agertzekoa. Askotan esaten zaie emakumeei inoiz gertatu dakieken okerrena bortxatuak izatea dela, hortik ezin dela atera. Tira, emakumeak erabaki dezala zer den bere bizitzan gertatu zaion onena, okerrena, erdipurdikoena... Emakumeak erabaki dezala nola orbaindu zauriak. Inork ez dezala zulora kondenatu beste batzuek egindako izugarrikeriengatik.
Miresmen infinitua Giselerentzat. Eta goraipatzekoa da erakutsi duen ardura ere, bere seme-alabak, bilobak eta munduko emakume guztiak izan ditu gogoan goizero epaitegira abiatu denean. Denentzat mundu hobea eraikitzeko grinak mugitu du, berak aitortu duenez.
Bazen kezkatzen ninduen kontu bat; Pelicot abizena. Krudela iruditzen zitzaidan horrelako mina egin zionaren abizena arrastaka eraman behar horrek. Krakatekoa sentitzen nuen Giseleri buruz ari zirela Pelicot esaten zioten bakoitzean. Azken egunetan jakin dudanez, Giseleren beraren erabakia izan da, epaiketa mediatiko hori Pelicot abizenera lotuta gera zedin betiko.
Berak dagoeneko ez dauka abizen hori, ezkondu aurrekoa jantzi du berriro. Eta bere bilobei eman nahi die herentzian. Abizen libre eta ausarta. Zoriontasunera ahalik eta gehien gerturatzea opa diot Giseleri. •