Badator Trump: ziurtasun beldurgarri batzuk eta mila galdera
Hiru asteren buruan hartuko du AEBetako presidente kargua Donald Trumpek. Lehen egunean agindu exekutibo sorta bat sinatzeko konpromisoa hartu du; klima aldaketa zalantzan jarri, migratzaileen kontra gogor egin, abortu eskubidea birrindu... dagoeneko eman ditu pista esanguratsuak.
Munduko agenda urtarrilaren 20an jarrita dago. Astelehen horretan Joe Bidenek Etxe Zuria utziko du, eta Donald Trumpek bigarren agintaldia hasiko du. Inaugurazio ekitaldia solemnitate handikoa izan ohi da. Presidente berriak lehen aginduak ere sinatu ohi ditu lehen egun horretan; ekintza ikusgarri baina, era berean, sinboliko samarrak izan ohi dira. Finean, garrantzitsuena lau urteren buruan egiten den lana da. Baina Trumpekin ohikoak diren gauzek ezer gutxirako balio dute.
2016an mugen itxiera agindu zuen hainbat herrialde musulmanetako herritarrentzat. Orain, Trumpek lehen egunean agindu exekutibo sorta bat sinatzeko konpromisoa hartu du. Duela lau urte Joe Bidenek hartutako neurrietako bat gutun bat izan zen, AEBak berriz ere klima aldaketari aurre egiteko Parisko hitzarmenera itzultzeko. Presidente hautatuak iragarri dituen lehentasunen artean, berriz, gas eta petrolio ekoizpena sustatzea dago («zulatu, zulatu, zulatu» leloa), fracking-erako eta beste ustiapen mota batzuetarako baimenak azkartuz. Zalantzarik balego, bere exekutiborako izendatu dituen pertsonen artean begiratu besterik ez dago: energia berriztagarrien aurka eta ikatzari eta emisioei mugak jartzearen kontra luzaroan borrokatu diren lobbyetako buruak sartuko ditu bere administrazioan.
Era berean, duela lau urte Kapitolioari eraso egiteagatik espetxeratuta dauden pertsonak berehala askatzeko asmoa agertu du Donald Trumpek. Finean, Biden Etxe Zurira iristea eragozten saiatu ziren, Trumpek agintean jarraitzeko estatu kolpea ematen ahaleginduta. Orain, saiakera kolpista saritzeko unea da. Eta, era berean, orduz geroztik hura ikertzen eta Trumpen erruduntasuna frogatzen saiatu direnen aurka judizialki jotzen ere saiatuko dela iragarri du. Ikusi beharko da AEBetako sistemaren oinarriari eragiten dion proba hori noraino iristen den. Jack Smith fiskal bereziak aurreratu du dagoeneko Trumpek kaleratu aurretik dimititzeko asmoa duela.
Etorkinak jopuntuan
Arreta handiena, alabaina, immigrazioan egongo da. Deportazio masiboak agindu ditu Trumpek, eta deportazio masiboak eskatu dizkiote bere boto-emaileek. Kanpaina errepublikanoaren argudio nagusietako bat izan da: Ameriketako Estatu Batuetan legezko baimenik gabe bizi diren milioika herritarrak kanporatzea. Tom Homan izendatu du horretarako “mugako tsar”; lehen ere karguan egondako mugako patruilako beteranoetakoa da, besteak beste, gurasoak eta umeak bereizteko politikaren abiarazlea. Kargua hartu eta berehala aginduko ditu Trumpek, zalantzarik gabe, mugarako patruila gehiago, eta harresia eraikitzeko dirua. Baina deportazioak, Trumpek esan duen eskalan, beste gauza bat dira. Gaur egun Texasen dituzten atxilotze guneen kopurua biderkatzea dakar, besteak beste, eta horretarako eraikuntza lanak eta pertsonala kontratatzea. Zalantzarik gabe, espetxe, muga patruila eta espetxezain lanetan diharduten enpresentzako pagotxa izango da, baina milaka herritarren sufrimenduaz gain, diru publikoan ehunka milioi dolarreko kostua ere izango du.
Are gehiago, AEBetako -eta herrialde gehienetako- oinarrietako bat bertan behera uzteko asmoa agertu du: AEBetan jaiotzen den pertsona oro estatubatuarra izatea, automatikoki nazionalitatea jasotzea. Izan ere, legez kanpo herrialdean dauden pertsona askok haurrak Ameriketako Estatu Batuetan izan dituzte, hau da, estatubatuar seme-alabak dituzte. Trumpek familiak osorik kanporatuko dituela esan du, baita AEBetako herritarrak diren umeak ere.
Duela zortzi urte ez bezala, Trumpen taldearen gobernu plana askoz garatuago dago orain. 2016an jende askok sistemak berak dituen botere eta oreketan jarri zuen itxaropena, eta neurri batean horiek funtzionatu egin zuten Trumpen proposamen itsuenen aurka. Orain ere, batek baino gehiagok hala gertatuko den itxaropena du: sufrimendu handiko aldia datorrela ukatu gabe ere, sistemak neurri muturrekoenei galga jarriko dien itxaropena dute. Arazoa da, baina, eskarmentua hartuta datorrela Trumpen taldea oraingo honetan, orduko oztopoetatik ikasi dutela.
Ez da lezioa ikasi duen bakarra: Trumpen aurkariek ere, gizarte zibileko elkarteek esaterako, prest dituzte haien abokatu taldeak migratzaileen aurkako errepresioa geldiarazteko. Era berean, Kaliforniako eta beste estatu batzuetako agintariek ere argi utzi dute uko egingo dietela etorkinen aurkako razziak egiteko Washingtonen aginduei. Une horretan, gatazkak tentsio handia har dezake, immigrazioaren aurkako Trumpen planak lekuan lekuko polizia agenteen parte hartzea duelako oinarrian. Tom Homanek, dagoeneko, estatu eta hiri demokratak mehatxatu ditu, esanez nahi eta nahi ez gauzatuko direla atxiloketak, baina unea iristerakoan ikusi beharko da estatuek eta administrazio federalak noraino daramaten tirabira.
Gertatzen dena gertatzen dela, atzerritik iritsitako milioika familiaren ezinegona hastear da. Datozen asteetan lantegi eta eskoletan nabarituko da Trumpen administrazioarekin iritsiko den presio hori. Eta ezin da ahaztu ia langabeziarik gabeko herrialde batean ezinbestekoak diren milioika lanpostu langilerik gabe gera litezkeela.
Donald Trumpen promesetako bat ez da beteko, berak ere aitortu du dagoeneko hori. Kanpainan zehar, inflazioarekin igotako prezioak berehala jaitsaraziko zituela esan ostean, azken asteotan aitortu du hori «oso zaila» dela. Era berean, oraingoz Kanadari eta Mexikori egindako mehatxu ekonomikoek fruitua eman badiote ere, Trumpen eskariak onartu edo gutxienez negoziatzeko prestutasuna agertu baitute bi auzo-herrialdeetako gobernuek, epe ertainean ondorioak kaltegarriak izan litezke AEBetan. Ikusi beharko da noraino daraman Trumpek bere jarrera protekzionista Txinaren eta beste merkatu batzuen aurrean, aduana-zergak agindu beste igotzera iristen den eta horrek benetan barne produkzioari eragiten dion edo esportazioetan ere ordaina duen.
Aurreko administrazioaren ondorioetako bat Joe Bidenen agintaldian azaleratu da: abortu eskubide konstituzionalaren galera, Donald Trumpek Auzitegi Gorenerako izendatutako epaileei esker. Milioika emakumek beren gorputzaz erabakitzeko eskubidea galdu dute azken bi urteotan. Printzipioz, Trumpek eta errepublikanoek ez diote gaiari publizitate gehiagorik eman nahi, herritar gehienak abortuaren debekuaren alde daudela jakinik. Baina agenda ultrakristaua ez dago geldirik, eta Kongresuko bi ganberetan dagoen gehiengo errepublikanoarekin, Trumpek eskuak libre ditu epaile ultra gehiago izendatzeko. Babes federaletatik kanpo geratuko da abortua aipatze hutsa, baita pazienteak medikuari horri buruz galdetuz gero ere.
Nazioarteko agendan, Donald Trumpek agintea hartu eta berehala Ukrainako gerra amaitzeko gai izango zela agindu zuen behin baino gehiagotan kanpainan. Berehalakoan, gerra gogortzea ekarri du hauteskundeen osteko azken asteotan, eta Bidenen administrazioak arma hornikuntza areagotzea eta Kievi Errusia barnean jotzeko baimena ematea. Pentsa liteke hiru aste barru Etxe Zuriko bizilaguna aldatu aurretik negoziatzeko ahalik eta leku indartsuenean egon nahi dutela alde biek.