Euskal Herria, sei argazki esanguratsutan
>Urdaibai eta eskualdearen defentsan
Guggenheim Urdaibai «makroproiektua» bertan behera uzteko asmoz, urrian manifestazio jendetsua egin zuten Gernikan, Busturialdeko udal ordezkarien gehiengoaren eta Euskal Herriko erreferente ezagun ugariren babesarekin. Proiektuaren inguruko «inposaketak» salatu eta eskualdeko beharren araberako plan bat galdegin zuten.
> Korrikan «herri bat gose» eta harro
Irundik Baionara, «inoizko Korrikarik jendetsu eta anbiziotsuena» egin zen. Garazi Arrularen mezuak aldarrikatzen zuenez, «arrainak ura, eta euskarak ekosistema osoa» behar du. Eta horretarako, «kontingentzia planik ez: egiazko trantsizioa nahi dugu». Bada, «esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten».
> Athleticek Kopa irabazi du
40 urteren ondoren, Athleticek Errege Kopa irabazi zuen apirilean. Ez zuten bultzada faltarik izan, 70.000 zale joan baitziren Sevillara. Gauean bertan eta ondorengo egunetan, gogotik ospatu zuten. Tartean, nola ez, gabarra atera zuten, milioi batetik gora herritarren aurrean. Ohi legez, elkarrekin “Txoria txori” abestuz borobildu zuten festa.
> Dufau, ordezkari abertzalea Parisen
Euskal Herria Baik ere bat egin zuen Fronte Herritar Berriarekin. Koalizioa bigarren itzulian garaile izan zen Ipar Euskal Herrian, eta 6. hautesbarrutian EHBaiko Peio Dufau hautatu zuten: «Gaurkoa ez da pertsona baten garaipena, ezkerreko pertsona guzien garaipena da, euskaldun guziena, Euskal Herriaren garaipena da», aldarrikatu zuen.
> Alaia Martin, Gipuzkoako txapeldun
Arantzazu Loidik jantzi zion txapela eta argazki esanguratsua osatu zuten. Txapela buruan, laguntasunaren aldarria egin zuen: «Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu/ badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu/ entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu/ eta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku/ mendeko hitza bilakatu den hontan mendeku/ disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu/ egon gaitezen lagunekin hauskor eta inperfektu/ elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu».
> Bengoetxea, EHUko errektore berria
Aurreko errektore Eva Ferreirari nagusitasunez irabazi ostean, hurrengo sei urteetan Joxerramon Bengoetxeak gidatuko du unibertsitatea. Kanpaina dezente lokaztu ostean, parte hartzea nabarmen igo zen sektore guztietan. Errektore berriaren hitzetan, «unibertsitateak irabazi du», eta, bere kanpainako leloari jarraikiz, unibertsitatea «denon artean» eraikitzea da asmoa.