Elkarrizketa
Ruth SALABERRIA UDABE
LARRIALDIETAKO MEDIKUA

«Hala moduz atera ginen pandemiatik, eta berdin jarraitzen dugu»

Osasuna «eskubide» bezala ulertuta, «osasungintza publiko eta kalitatezkoa» du helburu. ESK sindikatuko eta Zumaiako Osasungintza Publikoaren Aldeko Plataformako kidea da, besteak beste.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Azken ikerketa soziologikoen arabera, Osakidetza da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen kezka nagusietakoa. Itxaron zerrenda amaigabeak, zitatik zitarako mediku aldaketak, norbere hizkuntzan artatua izan ezina… ez da kezkatzeko motiborik falta. Gainera, aldez edo moldez denoi eragiten digu: «Denok egongo gara gaixo momenturen batean; gu geu edo geure ingurukoak».

Osakidetzaren bilakaera ulertu eta irtenbideak pentsatzeko asmoz, Ruth Salaberria (Zumaia, 1986) larrialdietako medikuarekin egon gara.

Gaur egun ia denek onartzen dute Osakidetzaren egoera okertu dela. Askotan pandemia jotzen da mugarritzat, baina aurretik nolakoa zen egoera?

Aurretik justu genbiltzan. Osasun langileok oso prekario geunden: kontratu oso prekarioekin, lan baldintza eskasekin… Adibidez, nik 2016an bukatu nuen “erresidentzia”, sei urteko karreraren eta bost urteko espezialitatearen ostean, eta kalera joan nintzen, intentsiboetan ez zegoelako lanik garai hartan. Eta ni bezala, nire aurreko jende asko, eta nire ondorengoak ere bai.

Gero larrialdietan bi hilabeteko kontratua eskaini zidaten, eta hor hasi nintzen lanean. Baina nik neure espezialitatean ez dut inoiz lanik egin, ez didate inoiz kontraturik eskaini. Beraz, prestatu naute zerbaitetarako, baina gero ez didate uzten jakintza hori erabiltzen.

Orain harritu egiten gara: «Mediku falta dago…». Ez, aurreikuspen falta dago. Kudeaketa txar baten ondorio da hau guztia.

Eta bat-batean pandemia etorri zen.

Pandemia iritsi zenerako minimoetan geunden. Guri aurreko urtean eman ziguten kurtso bat gaixotasun emergente horiei guztiei buruz, eta esan ziguten halako gaixotasun bat etortzeko aukera oso handia zegoela. Hori orduan bagenekien, eta badakigu berriz ere gerta daitekeela

Baina ez geunden prestatuta. Donostiako ospitalean gela bakarra prestatu zuten. Otsail horretan eman ziguten kurtso txiki bat nola jarri EPIak eta abar, baina hilaren oso bukaeran. Horrela, sartu zen pandemia, gainera etorri zen sekulako olatua, eta gu oraindik prestatu gabe geunden: ez genuen nahikoa musuko eta berrerabili egiten genituen, zakar poltsekin hasi ginen lanean, arrantzale jantziak erosi genituen geure kabuz… super-prekarioa izan zen.

Langile bezala eromena, ezta?

Bai, martxoaren 16an sartu gintuzten etxean eta ni 19an gaixotu egin nintzen. Eta segituan bata bestearen atzetik gaixotu ginen. Nik banekien gaixotuko nintzela, baliabiderik ez nuela ikusten nuen eta.

Pandemian funtsezkotzat jo zintuzteten, eta txalo egin zitzaizuen, baita instituzioetatik ere. Gerora hartu dira hartu beharreko neurriak?

Ez. Pandemia bat jasan dugu, hala moduz atera ginen hortik, eta berdin jarraitzen dugu. Gobernuak ez zuen autokritikarik egin, planteatuz nondik gentozen eta zer neurri hartu beharko liratekeen hobetzeko. Hori egin beharrean, atzerakada bat izan zen: «Jada diru pila gastatu dugu honetan, gehiago ez dugu gastatuko». Uste dut hori izan zela beraien politika.

Gainera, pandemian hartutako neurri askorekin jarraitu egin zuten. Adibidez, gure herrian, Zumaian, pandemia aurretik anbulatorioa irekita egoten zen larunbat goizetan. Pandemian itxi egin zuten eta gehiago ez da ireki. Edo, adibidez, pandemia garaian agian aukera ona izan zen gehiena arreta telefonikoa izatea, baina gero, askotan, ez da bueltatu presentzialera. Eta hor ikusi da izugarrizko zuloa dagoela osasungintzan.

Zuloari dagokionez, langileak falta direla esaten da askotan.

Ez dira langileak falta: baldintza onak behar dira. Nik beti esaten dut: nik ez dut dirurik nahi, nik baldintza duinak izan nahi ditut. Ez da posible osasun sistema publiko batean ordukako edo egunkako kontratuak eskaintzea. Edo egun berean erizain bat bi planta erabat ezberdinetan ibiltzea.

Gehienok emakumeak gara, gainera. Lan eta familiarekin kontziliazio bat izan behar dugu. Amak gara, haur txikiak ditugu… ezin da egun batetik bestera deitu eta «bihar gauez etorri» jakinarazi.

Hori bukatu egin behar da, kudeaketa askoz hobea behar da. Ikusi behar da zer behar dauden, eta horren arabera dimentsio egoki bat eman sistemari.

Gizartea nola, beharrak ere aldatzen ari dira, ezta?

Piramidea aldatu egin da, gero eta jende adindun gehiago daukagu, eta horrek behar gehiago eskatzen ditu. Hortaz, zuk kudeaketa guztiz aldatu behar duzu: zaintza sistema bat sortu behar duzu, publikoa, paziente horien kudeaketa osasungintzatik egin beharrean zaintzatik egin… Hori dena kudeatu behar duzu eta sekulako analisia egin behar duzu. Izan ere, 5-10 urte barru babby boom horiek jubilatu egingo dira, eta zer gertatuko da horiekin?

(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Jubilatuko direnetako asko medikuak dira, gainera. Hala ere, medikuntzako graduatuen kopurua Europako batez bestekotik behera dago.

Horri ere heldu beharko zaio. Ikasle garaitik guk ikusten genuen medikuntza ikasten ari ginen ikasleak gutxi ginela jubilatu behar zuten guztiak ordezkatzeko. Beraz, hori kudeaketa txarra! Badakigu 5-10 urte barru nortzuk jubilatuko diren, eta ez duzu ikasle kopurua gehitzen? Eta gainera, ikasle askok kanpora joan behar izan dute ikastera, nota oso altua eskatzen delako.

Kudeaketa horrek herritar eta paziente gisa ere eragingo zizun.

Bai, nik beti esaten dut egun batean alde batean eta beste egun batean beste aldean egongo naizela.

Adibidez, Zumaian beste herri askotan gertatu dena gertatu zitzaigun. Zortzi mediku izatetik, momentu batean, bi medikurekin bakarrik egotera pasatu ginen, eta mediku bakoitzak 4.000 pertsona artatzen zituen. Eta pediatrarekin ere berdin: bi izatetik batera pasatu ginen, eta gainera, horrek baja hartu zuen, eta pediatra gabe egon gara denbora luzean.

Eta orduan esan genuen herri mailan mugitu behar genuela. Izan ere, ikusten ari naiz, herritar bezala ez bagara mugitzen, anbulatorioa ixteko arriskua ere badagoela. Esango dute «moldatzen bazarete anbulatorio bat izanda, adibidez, Zarautzen, guk hau itxi egingo dugu». Beraz, guk mugitu behar dugu herritar bezala, geure eskubideen alde. Ez bagara gu mugitzen, goikoak ez dira mugituko.

Osasun Mahaia eratu du Lakuak. Zure ustez, zeintzuk dira hartu beharko liratekeen neurriak?

Aurrena diagnostiko on bat egin beharko litzateke. Osakidetzak %100 publikoa izan behar du, eta horretan egin behar dugu borroka. Azpikontratatu edo pribatura desbideratuz gero, hori negozioa baita. Argi eta garbi eduki behar dugu osasuna ez dela negozioa, eta publikoa izan behar duela, unibertsala, denei iritsi behar zaien zerbait.

Eta herritar guztiei berdin iritsi behar zaie, ekitatiboki. Ezin da onartu Donostian Antiguan bizi zarelako arreta bat edukitzea, eta Legazpin edo Zerainen bizi zarelako, beste bat.

Hortik hasita, analisi bat egin beharko da: hemendik 5-10 urtera zein herritar eta patologia izango ditugun… Tartean, lehen arretan zer egin, izkina batean batean utzi baitugu eta ez baikara konturatzen garrantzitsuena dela. Piramidearen oinarria da. Zergatik? Pazienteak ezagutzen dituzulako, eta prebentzio lan garrantzitsua egin dezakezulako.

Beraz, analisi bat egin behar da, eta horri kasu egin, eta ez goian daudenen poltsikoari.