Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
[ANALISIA]

Urte askotarako, patriarkatua!

Pelicot eta Errejonen kasuek, edo emakumeek egindako salaketa publiko bateratuek, argi erakusten dute indarkeria matxista ez dela gaizkile bakan batzuen kontua, gaindi dadin gizarte osoak ardurak hartzea eskatzen duen egitura orokorra baizik

Pasaiako krimen matxistaren ostean herriko mugimendu feministak egindako ekintzaren irudia.
Pasaiako krimen matxistaren ostean herriko mugimendu feministak egindako ekintzaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Europan ufatzen ari den haizete ultraeskuindarra, andreen eskubideak babesteko eraiki diren murruak eraisteko mehatxuz dabilena, lurrin erako brisan pausatzen ari da gizonen sudur-zuloetan, eta zabaltzen ari dira indarkeria matxista ukatzen duen diskurtso faxista eta antifeminismoa, baita beren burua faxistatzat hartzen ez duten horien artean ere.

Diote indarkeriak ez duela generorik eta, hortaz, gizon guztiak zaku berean sartzea ez dela justua, sexuen arteko gerra pizteko besterik ez duela balio, hots, ongi dauden gauzak gaiztotzeko. Etorri da, baina, 2024a, kasu paradigmatiko batzuen bidez, indarkeria sexistaren ebidentziarik behinenak kiratsa darion erretilu batean aurkeztera. Eta Irantzu Varela kazetari feministak esango lukeen eran, gerra aspaldi hasia dute gizonek; beha, bestela, estandarterik gabeko sei emakumeren aurtengo heriotzei. 137 krimen matxista izan dira Euskal Herrian 2003tik, haurrak barne; askotxo, lau katu gaizkinen kontua izateko, ala?

Antza denez, errazago zaigu erabakitzea nork egin behar duen penitentzia, heriotza horien guztien ardurak zakuratu eta bizkar gainean eramanez, ardurak kolektiboki hartu eta pisua arintzea baino.

Ikusten ez duenak ikusi nahi ez duelako da, zeren eta patriarkatua maskararik gabe aurkeztu da eta bere burua salatu du. Azken hilabeteetan nazioarteko begiradak Estatu frantseseko Vaucluse departamenduan (Avignon, Okzitania) egin den epaiketan paratu dira. Aski ezaguna da kasua: hamar urtez, Dominique Pelicotek bere emaztea zena drogatu zuen, berak eta gutxienez beste 50 gizonek bortxatu zezaten. Akusatuen aulkian eseri ziren dozenaka horien artean ez zen garro luzedun munstrorik, ezta bisaia maltzurreko izaki doilorrik ere, baizik eta gizonak, soilik gizon arruntak; aita, anaia, seme eta senarrak, kazetari bat, suhiltzaile bat, DJ bat, soldadu bat... Dominique Pelicot bera ere «tipo bikaina» zela esan zuen bere emazte ohiak, «lotsa aldez aldatzeko» hautu ausarta egin duen Gisele Pelicotek.

Kasu honek modu ukaezinean deseraiki du gizon negazionistek aldarrikatzen duten “not all men” (gizon guztiak ez) diskurtsoa, eta mudatu du “Monsieur-Tout-Le-Monde”-ra (Mundu-Guztia-Jauna): edozein izan daiteke, gizon arruntena ere bai.

Hala eta guztiz ere, beti gertatzen den bezala, eta oraingoan ere bai, Pelicot kasua salbuespenaren ertzera bereizteko saiakerak egin dira. Baina, oraingoan, erantzun feminista indartsu batekin egin dute tupust. Nekaezin errepikatu dute feministek indarkeria matxista ez dela salbuespena, gerta dadin baimentzen duen gizartean arau delako.

Alta, Alienor Laurent Osez le féminisme erakunde feministako presidenteak esan zuen Gisele Pelicoten kasua, zentzu batean, badela «salbuespena», berak epaiketa izan duelako. Afera zehatz honetan, kasualitatez izan zuen Frantziako poliziak gertatzen ari zenaren berri, bortxaketetan parte hartu zuen edo parte hartzera gonbidatu zuten ezein gizonek ez baitzuen salaketarik jarri; anaitasun hauskaitzaren abantailak.

Gisele Pelicotek ezin zuen salatu, drogen eraginez ez zekielako zer egiten ari zitzaizkion. Baina badira bestelako arrazoiak indarkeria matxistaren biktima askok epaitegietara ez jotzeko; besteak beste, sistema judizialak ez dielako behar beste konfiantza ematen; maiz ikusi da nola birbiktimizatu dituzten epaitegietan bidea egitera atrebitu diren andreak.

Ziur aski horregatik, zabaltzen ari da, batez ere sare sozialetan, erasotzaileak publikoki eta modu kolektiboan salatzeko formula, justiziaren aurrean duten inpunitatea konpentsatzeko-edo. Euskal Herrian ere ikusi ditugu halakoak: hainbat euskal komunikabidetan aritzen zen gazte oñatiar baten erasoak salatu zituen neska gazte talde batek X sarean eta aurkezten zuen programa erretiratu zuen berehala EiTBk.

Errejonen koplak

Halako salaketa publikoen adibide makro bat Cristina Fallaras kazetari katalanaren eskutik iritsi da. Anonimotasuna gorde nahi izan duten hainbat neskek sufritu dituzten erasoen testigantzak bildu eta sare sozialetan zabaldu zituen hainbat urtez, aurten “No publiques mi nombre” liburuan argitara emateko. Lan horrek 1.500 kontakizun inguru ditu -askoz gehiago jaso zituen Fallarasek sareetan-, era askotakoak, haurtzaroko indarkeria egoeretatik hasi eta medikuntza edo lan esparruetaraino.

Guztiek ere indarkeria matxistaren larritasuna eta munta ulertzeko balio dute, eta agerian uzteko, beste behin, ez garela salbuespenez ez eta urrutiko munstroez ere hitz egiten ari.

(Jon URBE / FOKU)

Baina sareetan argia hartu duten kasu horien guztien artean, “Monsieur-Tout-Le-Monde”-z osatutako kuadrilla horretako kide batek batu du atentzio guztia: hainbat emakumek Iñigo Errejonek emandako tratu txarrak salatu dituzte. Gizon arruntarenak soilik ez, gizon feministenak ere badira indarkeria sexistaren koplak!

Sumar mugimenduko bozeramailea Espainiako ezkerreko politikagintzan erreferentetzat zuten askok, dozenaka bider aldarrikatu zuen feminismoa, eta beste hainbestetan gaitzetsi indarkeria matxista. Zinismoa eta hipokrisia egotz dakioke ahoz defendatzen zuen horren kontrakoa egiteagatik, baina, era berean, guztiz koherentea da bere jarrera: gizon hezita, indarkeria gauzatzeko boterea jasota, gizonki erabaki du pribilegio hori erabiltzea.

Milaka aurpegi

Probatu ez duenak ez daki zer den hau; hortxe, beraz, ezagutzen ez zuenarentzat, indarkeria matxista erretilu batean zerbitzatuta muturren aurrera, gordin eta kirasdun, edonork ikusi eta usaintzeko moduan.

Patriarkatuak baditu milaka aurpegi eta ez da kikilduko ez bazaio aurrez aurre begiratzen. Batzuek ispilu bat beharko dute horretarako.