Nerea GODOY
Hezitzailea eta Bizipozako kidea
{ ANALISIA }

2035.urte berri on!

Euskara 2024ra iritsi da, XI. mendetik gutxienez kezka bera izango zuten euskaldun adinekoek. Egoera ez da samurra, baina bada itxaropenerako argirik.
Euskara 2024ra iritsi da, XI. mendetik gutxienez kezka bera izango zuten euskaldun adinekoek. Egoera ez da samurra, baina bada itxaropenerako argirik. (Oscar MATXIN EDESA | FOKU)

Non egongo ote gara hamar urte barru? Ez dugu etorkizuna ikusteko kristalezko bolarik, ezta seigarren zentzumen berezirik ere. Baina iragana hortxe dugu, non geunden duela hamar urte? Sarri entzun dugu iragana iragan dela eta oraina bizi behar dugula, baina, lagun on batzuek dioten bezala, aspalditik gatoz eta urrutira goaz. Orain arteko bideak zerbait irakatsi digu eta aurrera egiteko dugun oinarria da. Sustraiak sendo eta hegoak, arin. 2035ean hezkuntzak izango dituen erronkak aurreikusi ezin baditugu ere, atsotitzak asmatu zituzten gure arbasoek iraganeko jakinduriaz lagunduko digute etorkizunari begiratzen.

Baleuka eta balitz, elkarren ondoan dabiltz

Haurrik jaiotzen ez dela eta, jaiotza tasaren jaitsiera guztion ahotan dabil, gizartearen zahartzea. Zer izango da, bada, datozen hamar urteetan beherantz jarraitzen badu? Bada, ez dira ikasle taldeak osatuko eta zenbait ikastetxetan, lerroak galduko dira. Gela batzuk itxi beharko dira, alegia. Bai? Akaso, aukera izan liteke behingoz ikusteko ratio handiegiak ditugula edozein mailatan. Eskaini nahi dugun arreta, banakakoa eta gertukoa, ezinezkoa da 25 haurrekin gelan, edo 27 neraberekin, edo 30 gazterekin. Kalitatezko hezkuntza eskaintzea bada asmoa, ikasle kopurua asko murriztu beharko litzateke eta ez, ez naiz irakasleen lan baldintza duinez (soilik) ari. Ratio handiak ikasleen denborak eta erritmoak errespetatu ezina dakar, ustezko denbora galtzerik gabeko ordutegi estu bat jarraitu beharra, banakako arretarik eza, irakaslearen azalpenak ardatz izatea, norbere garapenarekin lotutako zailtasun emozional eta sozialak… Ikasle bakoitzari egunero bost minutu eskaintzea ez da posible gaur egun inongo hezkuntza mailatan, zer moduz dagoen galdetu eta erantzuna patxadaz entzuteko denbora. Hamar urte barru haur gutxiago jaioko bada, ikasle taldeen kopurua birplanteatzeko aukera izan daiteke.

Zer ikusi, hura ikasi

Jaiotza tasak behera eta aniztasunak, aldiz, gora egiten du bere zentzu zabal guztietan. Hainbat jaioterritako lagunek herrialde berean topo egiten dute, familia eredu desberdinek guraso izatea erabakitzen dute, gaitasun eta gabeziak dituzten pertsonak jaiotzen dira eta bizitzako uneren batean kutsagarriak ez diren gaixotasunekin bizikidetza egin behar izaten dutenak. Aniztasunaren atzean beti daude gorrotatzaileak, festara inork gonbidatu ez baditu ere, munduan leku bat izanik, beste batzuek halakorik merezi ez dutela aldarrikatzen dutenak. Baina zein da gure kezka, aniztasunari erantzutea ala gorrotoa deuseztatzea? Bi eginbehar ditu hezkuntzak hor: alde batetik, aniztasun guztiei gorazarre egin eta ikusgarritasuna ema-tea, kolektibo guztietako pertsonen errepresentazioa (material pedagogikoan, ipuinetan, lanpostu guztietan…) eta parte-hartzea (bizitzako arlo orotan) bultzatuz. Eta hori guztia gutxi balitz, fobiaren aurrean kontzientziatzea, identifikatzea eta onarpenik ezean heztea, bai ikasleak, bai etengabe ikasten dabiltzan irakasleak. Bigarren horretan, pixkanaka, ari gara. Baina, hamar urte barrurako helduko dira zuriak eta neurotipikoak ez direnak aldarrikapenaren aurreneko lerrora? 2014rako Euskal Herria anitza zen, 2024an are anitzagoak gara eta 2034an biderketak jarraituko du. Aniztasunetik eutsi beharko zaio aniztasunari, horra erronka.

Izena badu, izana aurkitu

Oihu bat entzun da: gora euskara! Bidean jarri gara. Baina euskararen bidea berdintsua zen duela 10 urte. Gure gurasoek uste zuten gu izango ginela euskaraz biziko zen belaunaldia, baina “huts egin” genuen nonbait. Zeinen ohikoa den gazteek okerreko bidea hartu dutela entzutea edo “lehengo garai” horietan iraulkatzea. Euskara 2024ra iritsi da, XI. mendetik gutxienez kezka bera izango zuten euskaldun adinekoek. Eta bai, euskara hizkuntza txikia da, globalizazio garaian bi estaturen pean bizi dena. Egoera ez da samurra, baina itxaropen mezuz eta kantaz beteriko herria eta irria dira euskararenak. Izan ere, geu gara eskolan geure artean erdaraz egiten genuenak, irakasleek euskaraz egin eta erdaraz erantzuten ausartzen ginenak, Euskararen eguneko herri kiroletan purrustadaka ibiltzen ginen nerabe petralak, bai. Baina geu gara auzoko eta herriko gazte asanblada euskalduna, Durangoko Azokako standetan gauden musikari gazteak gara, geu gara unibertsitateko graduak euskaraz nahi ditugula aldarrikatu dugunak, geure seme alabei euskara batuan egin eta D ereduan matrikulatu ditugunak, geure izanaren bila abiatu ginenak nerabezaroa bukatuta. Izan ginen eta izango gara hamar urte barru, baina horretarako, izatean hezi beharko litzateke eta ez sentipenik gabeko derrigortasunean.

Jakiteak ez du ogirik jaten

Aurreko guztia borobiltzeko asmoz, funtsean, hezkuntza sistema aldatu beharko genuke 2034. urtean kalitatezko hezkuntza eskaintzea bada asmoa. Horrela izango ote den ezin dugu jakin, baina oraina dugu horretarako tresna. Aldaketaren muina eta gakoa unibertsitateak izan ditzake: zer nolako irakasleak hezten ari gara? Zeintzuk dira irakasle izateko eskakizunak? Zenbaki bat, batez besteko bat. Eta halakorik ezean, dirutza. Ez da eskatzen herrigintzarekiko atxikimendurik edota parte-hartze aktiborik, aisialdi zein euskara taldeetako kide izatea ez da meritu, boluntariotzak ere baliorik ez… akademikoki ona izatea edo pribilegio ekonomikoa, horiek ez dira transmititu nahi ditugun balioak. Baina hori ere bada hezkuntza; are gehiago, hezkuntzaz arduratzen direnek jasotzen duten hezkuntza eredua da. Legeak aldatzen doaz eta zerbait aldatzen dute, baina funtsean, barruak duela hamar urte bezalakoa izaten jarraitzen du. Ez dadila horrela izan hamar urte barru berriro ere, baina, nola? Jakitea premiazkoa da, ezagutza batzuk eta horiek aplikatzeko gaitasuna ezinbestekoa da; ea bada, zer dakigu? Europako herrialdeetako hiriburuak badakizkigu! Eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetakoak? Munduko klimak eta bertako fauna eta landaredia ezagutzen ditugu! Eta Anbotora joaten garenean pagoa zein den esaten badakigu? Logaritmoak egiten trebeak gara gero! Eta erosi nahi dudan alkandora horrek %20ko beherapena badu, zenbatean gelditzen da? Frantziako Iraultza eta frankismoa ikasi ditugu! Hara, eta Amaiurren zergatik ote dago monolitoa? Nortzuk dira euskal margolariak, musikariak, zientzialariak, kirolariak, artistak… hori ez da eskolan ikasten, hori aisialdian deskubritzen dute batzuek, ez denek. Jakintzak esanguratsua eta hezigarria izan behar du, baina abiapuntuak bertokoa izan beharko luke.

Urte barri, txarri belarri

Hamar urte ditugu aurretik eta auskalo zenbat atzetik. Egin dezagun atzera so azken une batez, noiztik lantzen dira gaur egun lantzen diren eduki berberak? Noiztik da ratioa horren handia? Noiztik dira “gaur egungo” gazteak lehengoak baino okerragoak? Eta, izan al dira noizbait gure gazteak harrotasun arrazoi?

Mundua biribil borobil, biraka dabil bere ardatzaren inguruan. Ez dakit zorabiatu ez ote garen, hezkuntzaren sorgin gurpilean bueltaka eta bueltaka.

Txiribuelta egiteko garaia da: hartu, tenka eta tira, etorkizunari begira!