Amaren etxea defendatuko dut
Otsailaren batean Iruñean egingo den manifestaziorako deia luzatu dute Aroztegia gelditu!-ko lurren defentsan dabiltzan bizilagunek. Horietako zazpirentzat 56.000 euroko isuna eta 20 urteko espetxe-zigorra eskatu dute, luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxe-bakarreko egitasmoaren aurrean planto egiteagatik.
Euskal Herrian, iparraldetik hegoaldera, hiriguneetan zein landa-eremuetan, hamaika talde eta komunitate mobilizatu dira errepide, portu, trenbide, merkataritza-gune, zabortegi, meatzaritza erauzteko proiektu eta energia eolikoa, termikoa edo hidrikoa sortzeko proiektuen aurka, garapen turistikoak eta higiezinak eta beste azpiegitura-obra batzuk eraikitzeko egitasmoen aurka,… horiek guztiek eragiten dituzten edo eragin ditzaketen gizarte- eta ingurumen-kalteengatik. Azkenaldian, laborantza-lurren, basoen, hezeguneen eta kostaldeko ekosistemen suntsiketaren aurkako mobilizazio nabarmenak ere izan ditugu.
Iparralde honetatik, eta Hegoalde globalaren kontura, ezagunak eta ugariak dira erauzketa eta espoliazio proiektu biozidak, lurraldearen zein komunitateen kontrakoak. 70eko hamarkadan, Chipco mugimenduko emakume landatarrek arbolak besarkatuz India iparraldeko basoen kontserbazioa eta oreka ekologikoa eta euren biziraupena bera babestea zuten helburu; gaur egun antzekoak errepikatzen dira Ugandako Albertine eremuan, TotalEnergies korporazio frantsesaren petrolio-hodien eraikuntzarekin. Guatemalan enblematikoa izan da emakume xinkek Xalapango mendian meatzaritzaren aurka egindako borroka. Uruguain, emakumeen erakundeen altxamendua sojaren monolaborantzaren ereduaren aurka ari da. Berta Caceres Hondurasko indigenen buru eta gizarte-ekintzailea 2016ko martxoaren 2an hil zuten, Agua Zarcako presaren kontsultarik gabeko eta legez kanpoko instalazioaren aurkako oposizioaren buru izan ondoren; azken hamarkadan hildako 3000 defendatzaile baino gehiagoren ikurretako bat bihurtu da.
Front Line Defenders erakundeak bere txostenetan bildutako datuen arabera, erasoak jasateko arriskua bereziki handia da lurraren, ingurumenaren eta herri indigenen gaineko eskubideen defendatzaileentzat. Eraso zuzenak jaso aurretik ere kanpaina iraingarriak bizi ohi dituzte; defendatzaileak «garapenaren aurkakoak», «estatuaren aurkakoak», «traidoreak», «ekoterroristak» edo «delitugileak» direla esan ohi da, eta horrekin batera jazarpen psikologikoa, espioitza, atxiloketa arbitrarioak, akzio judizialak, mehatxuak eta indarkeria desberdinak bizi dituzte. Gainera, interes ekonomiko korporatibistek dagoeneko beren esku duten lege-paketea erabiltzen badute ere, Estatuek haien aldeko legeria berria sartzen jarraitzen dute, giza eskubideen defendatzaileek eta gizarte zibilak boterearen kontrol gisa jarduteko duten gaitasuna are gehiago mugatzeko.
EHn gertuko adibidetzat ditugu Arabako Mendiak Aske taldeko kideen aurkako epaiketa, mozal legearen aplikazioarekin, edo Magnesitas de Navarra enpresak Erdizeko artzaintza-lurretan sustatutako aire zabaleko meatze berriaren proiektua, Nafarroako Gobernuak berriki “Udalaz gaindiko eragina duen proiektu sektorial” gisa izenpetu duena, Baztango toki-erakundeen erabakitzeko ahalmena eta udal-autonomia urratuz; Tapia legeak EAEn duen norabide eta helburu berean. Halaber, Kanbon aurreikusitako higiezinen plana salatzeagatik inputatuta daude Ostia sareko kideak, eta legez kanpo uzten saiatu dira Lurraren Altxamendua mugimendua. Giza eskubideen defentsa erretoriko eta arranditsuak agerian uzten du beharrezko babes politikoaren eta praktikoaren arteko distantzia.
Abiatzera goazen 2025ean, elite ekonomikoen eta politika publikoen zati handi batek “trantsizio berde normalizatua” elikatzen du, gizartearen eta lurraldearen arteko deskonexioan sakonduz. Nahiz eta gizarte-mugimendu antolatuek akuilu egin eta arreta mediatiko puntuala jaso, krisi ekologikoaren aurrean eraikitzen ari den kapitalismo berde eta digitalaren modua eta eskala kolokan jartzeko zailtasuna nabarmena da. Badakigu Troiako zaldia ate kanpoan daukagula eta gu baino boteretsuagoa dela; gauzak horrelaxe daude. Baina gauzak ez direla horrela sinetsita gaude, eta komunitatean dugu abagunea eta erronka.
Zer da “amarenetxea”?
Lurraldearen nozioa modu instrumentalean normalizatu du gure eredu ekonomikoak, eta ekoizpen-jardueretarako baliabide gisa hartzen da; gainera, diskurtso sozialez mozorrotuta, buru (ez) jakin batzuen poltsikoentzat "antolatu beharreko gauza” agorrezina balitz bezala tratatzen da.
Begirada dikotomikoetan jausi gabe, zer da amaren etxea? Akaso banandu dezakegu gure herriko plaza gertu dugun mendixka edo gaztaina-baso horretatik? Edo banandu daitezke etxeko energia edo hozkailuan ditugun elikagaien kontsumoa euren jatorritik? Edo gu ta gutarrok ze lotura dugu gure ekosistemen egoera eta gure ohiturekin? Lurraldearen izaerak eta guk geuk osotasun ekonomikoa, kulturala, sinbolikoa, fisikoa, politikoa eta abar osatzen badugu…. Zertan gabiltza?
Lurraldearen suntsiketaren eta defentsaren birdefinizio garaia bizitzen ari gara; hainbat proiektuk eta beren eraginek ez dute atzera bueltarik. Lurraldearen defentsarako prozesuak eta borrokak ez dira kontu berria, baina etxe komuna birdefinitzeko egungo tentsio-unearen berri ematen digute. Lurraldearen izaera fisiko eta materialaren suntsiketarekin batera bizimoduak, izenak eta izanak edota antolaketa moduak desagerrarazten dira. Beraz, lurraldeak, gure eguneroko beharrak asetzeko lan eremu eta mantenu-iturri izateaz gain, izaera ekologikoa du, ondarea da, garenaren erreferentea, eta dimentsio kolektibo materiala du. Beraz, izatearen, egitearen eta munduan egotearen defentsa ere bada lurraldearen defentsa.
Nabarmena da emakumeak protagonistak izan direla hainbat lurralderen defentsaren borroketan, eta zapalkuntzaren erdigune-ikusezinean egon izan dira, botere eta erabakiguneetatik at. Gaur egun bizi dugun lurraldearen birdefinizioa, izaera patriarkala irmotzeko antolatzen ari bada ere (ikus irudia), euskal ekofeminismoaren autokontzientzia suspertzen eta kosmobisio kokatua lantzen ari da; eta oraindik formalki artikulatuak ez diren espazioak badira ere, etorkizun handiko abaguneak izan daitezke intersekzionalitate politikorako.
Orduan, nola defendatuko dut amaren etxea? Utopia gai klasiko bezain berritua da; eta nahiz eta gaur egungo gizarte konplexu eta aldakorrean utopiak ugaritu diren, esango nuke helburuak baino gehiago, gizarte hobea eraikitzeko bulkada ez-zerutiarrak direla; eta ez-leku direla esaten bada ere, nola ez dute izango utopiek bere osotasunean ulertutako lurralde bat? Lurraldearen defentsaren aldeko mugimenduak zerumuga argitsuak erakusten dizkigu oinak lurrez estaltzeko, eta erresistentzia prozesuak gizartea berregituratzeko beste modu batzuen esperantza dira.
Abestiak dio “urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu ta lau, baina gurean, berriz, hogeita hamalau!” Baldinbaitere! Beharbada, probatu ez duenak ez daki zer den hau, eta dantzak indarrez betetzen gaitu, harrotzen gaitu, itxaropena ematen digu, herria garela sentiarazten digu. Baina utopiak bultzatzeko, ilusio-bidea bezainbeste, beharrezkoa dugu autodefentsa ekofeminista, agroekologia, lana eta auzolana, lurrari lotutako elikadura politikak eta herri zaintzaileak, sareak, aitzurrak eta lan baldintza duinak, elkarrekikotasuna, aitortza, denbora eta erritmo bizigarriak, maitasun keinuak, kontraesanak partekatzeko konfiantza, mozkorraldiak eta negarrak, oparotasuna eta plazera, patxada, aniztasuna, euskara… Ea lurrarekiko atxikimendua gorritu eta Iruñean intxaurrak ugaritzen diren otsailaren 1ean.