Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria

Azken tabako paketea

AHTaren hormigoizko zutabe erraldoiak naturak erdi janda geratuko zirela aurreikusten genuen.
AHTaren hormigoizko zutabe erraldoiak naturak erdi janda geratuko zirela aurreikusten genuen. (Jon URBE | FOKU)

Badira bost urte azken tabako paketea erosi nuenetik. 2030eko abenduaren 31n izan zen. Eskailerak igo, atea ireki eta giltzak uzteko handiegia baina liburu bat jartzeko txikiegia zen mahaitxoaren gainean ezarri nuen, tentuz, jakinik behin betiko debekatua zutela XX. mendearen sinboloa izandako tabakoaren kea. Alderantziz hasi nintzen ni erretzen, taberna barruetan debekatu zenean eta nire solaskideak etengabe kalera ateratzen hasi zirenean. Independentziaren eguna imajinatzen genuen orduan, sozialismoa ezarriko genuenekoa eta, “Novecento”n ez bezala, guk bai, guk irabazi egingo genuela azkenean. Sozialdemokrazia erradikalera pasatu ginen gero, Europan zehar faxismoaren orbana hedatzen hasi zen garaian. Nork esango zigun gure lagunak atxilotarazten zituen alderdi haren gobernua babestuko genuela erresumako hiriburuan.

Kamiseta erreibindikatiboak eramateari ere utzi genion, erretzeari baino askoz lehenago. Zerbait topatzen ez duzunean bakarrik irekitzen dituzun kaxoi horien atzeko partean egongo da oraindik baten bat, Abiadura Handiko Trenaren aurkako pegatina erdi kenduta. Hori, bai, aurreikusi genuen, hormigoizko zutabe erraldoi haiek Rafaelen aurreko margolan baten antzinako aztarnen antzera geratuko zirela naturak erdi janda. Haurrek galdetuko zutela zer zen hura eta guk lehendakarien garaiko faraoikeria harroa izan zela kontutako geniela, autonomiarekin batera geldiaraziko zena.

Hura bai kolpe latza askorentzat, autonomiarena eta, harekin batera, hizkuntza koofizialena. Euskararena apur bat geroago izan zen, egia, tabakoa erostea debekatu eta hilabete batzuetara. Larrialdi klimatikoa ezartzearekin batera kendu zituzten autonomiak, Iberiar Penintsula zeharkatzen zuten tifoi erraldoi haien erdian, gero inoiz ez berrezartzeko. ´Zenbat eta okerrago guztiontzat, orduan eta hobe niretzat zurea, onura politikoa´, edo halako zerbait, zizelkatu zuen aspaldi M. presidenteak. Eta autonomiarekin esan daiteke horrelako zeozer gertatu zela, klandestinitateak espero ez genuen militantzia eman baitzion euskarari. Ez nuen nik aurreikusi berriro ere isilpeko ikastolak sortzen ibiliko ginenik, noiz eta ituna desagertu eta gutxira. Tabako paketea gordetzen zuen mahaitxoa erretiratu behar izan nuen orduan, eskolarako euskarazko materialak pilatu baitziren ate ondoan. Agian orduan galdu nuen paketea, ez dut gogoan.

Oraindik ere “GARA”-rako idazten nuen. Gainbehera gerora etorri zitzaion, udako furgoneta hura inori tokatzen ez zitzaiola deskubritu zenean eta kontuak bahitu zizkiotenean. Ordukoan ez zien inork lagundu eta kolaboratzaileak kanporatzen joan ziren, lehenbizi gasteiztarrak, ondoren besteak. Goitik etorri omen zen erabakia. Azken tabako paketea erosi nuenetik elurra ez da inoiz itzuli urtearen bukaerara. Agian lehenago ere joana zen, gailurretara erretiratua betiko, gabonetako postal zaharretan fosildua. Baina elurra joan bada ere, urtarrileko hotzetan taberna eta etxe goxoetan, lehenik eta behin alboetara begira entzuten da, autonomiarekin batera hitzak ere lapurtu nahi izan baitzizkiguten berriz ere, eta zurrumurrua bihurtzen ari da, inoiz alde egin ez duen independentziaren aldeko topa irribarretsua.