Iñaki SANZ-AZKUE
Biologoa

BIODIBERTSITATE GALERAREN AURREAN, NATURA ERDIGUNEAN

Ikertzaileek alarma gorria piztu dute. Munduan 46.300 espezie desagertzeko zorian daude une honetan. Ebaluatu diren espezieen ia herena, alegia. Atzerabueltarik ez duen egoeran sartzen ari gara. Gizakiari zuzenean eragingo diona eta ondorio aurreikusezinak ekarriko dituena. Biodibertsitatearen galerak eztabaida politikoaren lehen lerroan beharko luke egon, baina planeta honetan biziko ez bagina bezala jarraitzen dugu erabakiak hartzen; horrek gure biziraupenean eraginik izango ez balu bezala. Maila lokalean zein globalean, modu ordenatuan eta koordinatuan landu beharreko gaia da esku artean duguna. Natura erdigunera ekarri behar da; berandu aurretik...

Ingurumenarekin lotutako erabaki politikoak planeta honetan biziko ez bagina bezala hartzen dira.
Ingurumenarekin lotutako erabaki politikoak planeta honetan biziko ez bagina bezala hartzen dira. (Iñaki SANZ-AZKUE)

Datuak beldurgarriak dira. IUCN-ren (Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Elkartea) azterketen arabera, orain arte ebaluatu diren planetako espezieen %28 desagertzeko zorian dago. Alegia, ezer egin ezean, desagertu egingo dira. Ikertzaileak arduratuta daude eta klima aldaketarekin batera, biodibertsitatearen galerarena ezinbestean heldu beharreko gaia dela azpimarratzen dute behin eta berriz. Zientzialarien oharrek eta jakinarazpenek, ordea, ez dute oihartzun handirik izan gizartean. Eta ondorioz, biodibertsitatearen galera ez dago oraindik politikaren lehen lerroan.

2024ko azaroan Cali-Kolonbia biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Erakundearen konferentzia egin da. Bertan, besteak beste, hamar erabaki hartu dira munduko biodibertsitatea kontserbatzeko. Horien artean dira, esaterako, klima aldaketaren eta biodibertsitatearen agendak koordinatzea, eta biodibertsitatea kontserbatzeko nekazaritzan zein turismoan praktika jasangarriak bultzatzea. Halaber, nazioarteko uretan dauden itsas eremuak identifikatzeko eta babesteko akordioa ere lortu da, zortzi urteren ostean.

Harturiko hamar erabaki horien aurretik, ordea, Kunming-Montreal mundu mailako Biodibertsitate Markoa ere ezarria zegoen jada 2022. urtean. Horrek larrialdiaz hitz egiten du eta azpimarratzen du 2030erako aldaketen teoria piztu behar dela; premiazko ekintzak martxan jarri behar direla mundu mailako politika arloan. 2030erako bezala, 2050erako ere mundu mailako helburuak finkatuak ditu markoak. Erronkak ez dira nolanahikoak eta adar asko ukitzen dira. Besteak beste, biodibertsitateak eta osasunak duten erlazioa, erabakiak datu zientifikoetan oinarrituta hartzeko beharra eta hezkuntzaren garrantzia etorkizuneko eszenatokiei begira.

Konplexutasunari nondik heldu

Datu zientifikoek erakusten dizkigute azterketen emaitzak, eta emaitza horiei begira hartu behar dira erabakiak. 1970. eta 2016. urteen artean, animalia ornodunen populazioak %68ko jaitsiera izan du, eta batez beste, ekosistema naturalen %47 gainbehera dago gaur egun. Horretarako, bost arrazoi nagusi azpimarratzen ditu IPBES erakundeak: habitaten galera eta esplotazioa, klima aldaketa, poluzioa eta espezie inbaditzaileen presentzia.

Agerian geratzen ari den bezala, beraz, biodibertsitatearen galera mailu askok jotzen dute, eta horiek guztiak izan behar dira kontuan gaiari heltzeko garaian.

Oinarrizko kontuez hitz egiten dugunean, ordea, askotan zailena erraza dela pentsatzen dugu. Izan ere, datu zientifikoen beharraz hitz egin dugu, baina datu horiek lortu eta gaur egungo egoera orokorra ezagutzea bera erronka ikaragarria da. Esaterako, ornodunen datuak badira, baina beste hainbat talderen daturik ez dugu, ez ornogabe, ez alga, ez onddo...

Biodibertsitatearen galera bultzatzen duen testuinguru konplexuari heltzeko, beraz, ezinbestekoa da ezagutzan inbertitzea. Izan ere, iraganeko daturik ezean, jada zaila zaigu zer galdu dugun jakitea. Ikerketa zientifikoan inbertitu beharra dago premia larriz, diagnostiko zehatza izan eta neurri egokiak ezartzeko. Katamotz iberiarraren kasuak erakusten du ezagutza eta borondatea izanez gero, posible dela espezie bat iraungitzeko arriskutik ateratzea.

Euskal Herriko egoera

Aurretik ere egoera larrian ziren Euskal Herriko hainbat espeziek jada gainbehera argian direla erakutsi dute. Hala, adibide bat jartzearren, EAEn, 417 espezie daude mehatxatuen katalogoan. Horietarik %23 (96) desagertzeko zorian daude eta %33 (138), zaurgarri moduan. Gainontzekoak “arraro” edo “interes bereziko” moduan daude sailkatuak. Espezie askoren egoera ezezaguna da eta babes zerrendak etengabe luzatzen ari dira.

Mundu mailan anfibio espezieen %41 desagertzeko zorian dagoela adierazi dute, eta gurean, ditugun 18 espezietatik bat ia desagertutzat jo dugu: apo pintatu iberiarra (Discoglossus galganoi). Eta beste hainbaten populazioak gainbehera doazela dirudi. Dirudiela diogu, izan ere, orain arte arruntak izan diren espezieei arreta gutxi eman zaie, arruntak direlako. Ez dirudi, ordea, arruntasun hori betiko denik, eta gaur egun, biodibertsitate galera egoeran, are eta gutxiago. Espezie arruntei ere fokua jarri beharrean gaude eta nola dauden aztertu, benetako egoera ezagutu nahi badugu.

Ugaztunen kasuan ere, mundu mailako datuak ez dira nolanahikoak. Lautik bat (%26) desagertzeko zorian dago. Euskal Herrian, bisoi europarrak (Mustela lutreola) egoera kritikoan jarraitzen du, eta muturluze piriniotarra (Galemys pyrenaicus) gainbehera azkarrean doa.

Datuak datu, eta espezieak espezie, biodibertsitatearen galera eragiten duten faktoreei heldu beharra dago premia larriz. Etorkizun hobea izate aldera, mundu mailako erabakiak ezinbestekoak izango dira. Erabaki gogorrak hartu beharko dira kasu batzuetan, bai eta arauak zorroztu ere, betiere guztion ongizaterako ezinbestekoa den biodibertsitatearen egoera hobetu nahi badugu. Nazioarteko erabakiak eta ekintzak ez dira inora joango, alabaina, maila lokalean ekiten ez bada. Etorkizunera begira, ezinbestekoa izango da natura erdigunean jartzea erabakietan. Txikitik ere asko baitago egiteko.

Natura erdigunean

Maila lokalean hartzen diren erabaki askok, tamalez, biodibertsitatearen krisia areagotu besterik ez dute egiten. EAEn onartu berri da, esaterako, iraungipen arrisku larrian dagoen aingiraren arrantza profesionala sortzea, horrelakorik ez zegoen tokian. Nafarroan Eugiko harrobiak zabaltzeko asmoak aurrera jarraitu du, nahiz eta horrek muturluzea are gehiago kaltetuko duen. Udalerri askoren plan urbanistikoek, bestalde, biodibertsitatea zuzenean kaltetzen dute, eremu natural samarrak urbanizatzen jarraitzea proposatzen baitute. Eremu urbanoa zabaltzeko prozesuak ez du etenik.

Herri mailako erabakietan ingurumenaren kontzeptuak gero eta indar handiagoa badu ere, sarri ekintza txikietan oinarrituriko jarduerak izaten dira horiek. Askotan, planifikazio eta helburu oso zehatzik ez duten ekimen solteak izaten dira, dibulgazioari edota sentsibilizazioari begirakoak, edota, epe luzeko kudeaketa plan baten barruan sartzen ez direnak. Biodibertsitatearen galera bezalako gai garrantzitsu bati heldu nahi bazaio, ordea, ezinbestekoa da lurralde antolamenduan natura erdigunean jartzea. Bai erkidego mailan, bai udalerri mailan, modu serioan eta konpromiso politiko irmoarekin heldu beharreko gaia da, eta izan beharko da, datozen urteetan ere.

Erabakiak hartu beharko dira, eta Euskal Herriko ibai arroen lurralde antolamenduari ekitea izan daiteke horretarako modu eraginkor bat. Biodibertsitatearen kontserbazioa irizpide dela, lurraren erabileraren mapak zehaztu, korridore ekologikoak diseinatu edota espezie jakinen kontserbaziorako eremuen kudeaketak adostu. Arro mailako erabaki horiek, era berean, udalerri mailako hirigintza planetan gelditu beharko lirateke islatuak, eta hala, etorkizun jasangarriago bat marraztuko duen Euskal Herria diseinatzeko aukera izango genuke.

Zer egina badago; baita nondik hasia ere. Dauden datuek ere argi hitz egin dute. Orain, politika berritzaileak martxan jartzeko garaia da, eta datozen hamar urteek definituko dute, hein handi batean, ondorengoei nolako Euskal Herria uzteko prest gauden. Biodibertsitatearen baitan dago gizakiaren ongizatea; eta ardura, orain, gurea da. Natura erdigunean jartzeko prest al gaude?