Aitor Irizar eta Asier Basurto Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformako kideak
{ ANALISIA }

Desazkunde turistikoaren bidetik, eredu berri bat eratzearen erronkara

Turismoa gatazka iturri bilakatu da Euskal Herriko hainbat lekutan. Etxebizitzaren edo ingurumenaren arazoarekin oso lotuta egon arren, merezi du hausnarketa propio bat.

Uda garaian euskal kostaldeko edozein hiri edo herritan ohikoa den irudia. Kasu honetan, argazkia Donibane Lohizunekoa da.
Uda garaian euskal kostaldeko edozein hiri edo herritan ohikoa den irudia. Kasu honetan, argazkia Donibane Lohizunekoa da. (Patxi BELTZAIZ)

Turismo jarduera asko areagotu da azken hamarkadetan. Munduko jarduera ekonomiko nagusietako bat bilakatu da eta erabat baldintzatzen du gure lurraldeetako bizimodua. 2008ko krisiaren ostean bereziki hirietan gertatu dena ez da kasualitatea; ekonomia estrategia baten ondorioa da. Krisi osteko berregituratze sistemikoa turismo-higiezin arloko kapital metaketaren estrategiaren bidez egin da; beste hitz batzuetan, “turismoak adreilua salbatu” du, hiri-lurrekin espekulatuz. Eta, horrela, turismo xaloz mozorrotuta, higiezin arloko kapitalak, finantzarioak eta plataforma-kapitalismoak erabakitzen dituzte gure hirietako inbertsioak, eredu ekonomikoak eta errentaren banaketa. Testuinguru honetan, ia hiri, eskualde eta lurralde orok garatzen du marka estrategia bat politika publikoetatik, turistak erakartzeko. Hegaldi merkeek, pisu turistikoen eta sare sozialen eraginek ere badute zerikusia herritarron bidaiatzeko ohiturak aldatu izanean.

Hirien eta lurraldeen turistifikazioa azkartu egin da eta herritarrek ahotsa altxatu dute Euskal Herriko eta Europako hamaika bazterretan. Turismo jarduerak eredu ekonomiko, sozial, kultural eta ekologikoa erabat baldintzatzen du. Herritarrek ikusi dute euren bizi baldintzek okerrera egin dutela turismoaren hazkundearen aldeko politika eta dinamiken ondorioz. Venezia, Bartzelona, Palma eta Donostian milaka dira urtetan “nahikoa da” esanez kaleak hartu dituzten bizilagunak.

Azken urteotan bizi izandakoa ikusirik, pentsa dezakegu turismoaren bilakaera garrantzitsua izango dela, gure bizitzeko moduei dagokienez, etorkizunean ere. Galdera asko eta ziurtasun gutxi ikusten ditugu gertatuko dena aurresaten saiatzerakoan.

Mundu mailan aldaketa sakonak ematen ari diren une batean gaude, eta horiek, ezinbestean, eragina izango dute datozen urteetako estrategia turistikoan. Alde batetik, Europako ekonomian garrantzia duten industria sektoreek merkatuan lehiakortasuna galtzeak (automozioa, adibidez) industria turistikoaren aldeko apustu handiagoa egitea ekar dezake. Alde horretatik, oraindik ere masifikatu eta ustiatu gabeko auzo eta lurralde berrietara zabaltzea aukera bat da bide horretatik jokatzen eta hirien salerosketan etekin handiak ateratzen jarraitu nahi dutenentzat.

Edozein arlori lotutako prospekzioetan bezala, klima larrialdiaren bilakaera kontuan hartu beharko da. Batetik, ezaugarri klimatikoen aldaketak nolako eragina izan dezakeen turismo fluxuetan; aspaldi dihardute zenbait operadore turistikok inbertsiogileei saltzen Kantauri kostaldea Mediterraneo berria bihurtuko dela, hilabete bero edo epel gehiagoko denboraldiak etorriko direlako. Denborak esango du. Bestetik, eta hau gertatzeko aukera handiagoa da, gas emisioak eta bestelako kalte ekologikoak kontrolatzeko edo gutxitzeko araudi berriak indarrean jartzea. Horietako batzuk aire trafikoari eta turismoarekin lotutako azpiegitura handiei lotutakoak izan daitezke. Gainera, kalte klimatikoei erantzuteko beharko den inbertsio publikoak murrizketa ekar lezake beste sektore batzuetan.

Zer esan nazioarteko harremanei buruz. Aspaldi ikusi gabeko nahas-mahasa eta ezegonkortasuna ezagutzen ari gara urteotan. Gatazka armatuak une batetik bestera pizten ikusi ditugu. Nazioarteko aktoreen arteko aliantza politika mugitzen ari da. Europara heltzen diren eta hura zeharkatzen duten migrazio fluxuak ere hazten eta aldatzen ari dira une oro, lehen aipatutakoei loturik, sarri. Joera horiek zuzenean eragingo diote turismoari, nazioarteko mugikortasunean eta komunikazio globalean oinarritutako industria baita.

Argi dirudi, halaber, sektoreak adimen artifiziala erabiltzearen aldeko apustua egingo duela, zerbitzu eta esperientzia berriak eskaintzeko. Ez litzateke harritzekoa izango negozio modu berriak eta plataforma-kapitalismoaren aldaera berriak sortzea, Airbnb, Glovo, Amazon edo Uber lehenago iristen ikusi genituen bezala. Gero eta gutxiago diren arren, badaude oraindik gure bizitzan merkantilizatu gabeko eta marketinaren eta teknologiaren bidez monetizatu gabeko esparruak. Ikusi egin beharko da zein rol jokatzen duen horrek guztiak eta zein ondorio dituen hirien turistifikazioan.

Bestalde, indarrean dagoen eredu turistifikatzailearen aurka azken urteotan izan diren kritikei eta gero eta iritzi partekatuagoari erantzuteko, arrosa koloreko etorkizuna eskaintzen zaigu, bi kontzeptu nagusirekin apainduz: turismo jasangarria eta kalitatezko turismoa. Beste sektore batzuetan bezala, jasangarritasunaz hitz egiten da, turismo jardueraren eta negozioaren hazkundea zalantzan jarri gabe. Turistifikazioaren inpaktu negatiboak minimizatzea posible dela sinetsarazi nahi da, turismo industriaren etekinek hazten jarraitzen duten bitartean. Bigarrenik, kalitatezko turismoaren atzean turismoa elitizatzeko estrategia bat ezkutatzen dute: aberatsentzako turismoa, ez hain masiboa, kanpo efektu ez hain agerikoekin eta ez hain zaratatsuekin, eta, batez ere, errentagarriagoa. Apustu horrek desberdintasunak areagotu eta tokiko populazioak kanporatuko ditu, eta, aldi berean, erresistentzia eta erantzun sozial gehiago sortuko ditu.

Beraz, datozen urteetan, hau hautatuko da: edo baliabideak agortu, desberdintasuna sortu, tokiko populazioa kanporatu eta auzoetako osasuna kaltetzen duen ereduarekin jarraitu edo, desazkunde turistikoaren bidetik, pertsona guztientzako etorkizun duinerako trantsizio ekonomiko eta sozial prozesu planifikatu bati ekin. Horrek hiri gatazka gehiago eta, etorkizun hurbilean, mobilizazio gehiago eskatzen ditu, baina gure aisialdi eta atseden moduak birpentsatzeko beharra ere mahai gainean jartzen du.

Irtenbidea ez da konponbide desarrollista eta klasistak ematea, baizik eta eguneroko bizitzako esparru guztiak demokratizatzea, etxebizitza izateko eskubidea, lan baldintza duinak izateko eskubidea eta datozen belaunaldiak bizi daitezkeen herriak, hiriak eta planeta. Turismo eredu postkapitalista bat eta hurbiltasuneko eguneroko aisialdira itzultzea ikusi behar ditugu gaur egun turismoa ulertzeko dugun moduaren alternatiba gisa. Eta gure hiriak saldu eta erosi nahi dituztenei aurre egiten diegun bitartean pentsatu, eztabaidatu eta esperimentatu beharko dugu eredu berri horren inguruan.