Itzea URKIZU ARSUAGA

Geltokiak eta lubakiak

Lauki-laukiak dira leihoak, bi. Kristalak eguraldiaren biografia bat dira, tanta eta haize ufada bakoitzak urtetan hemen utzi duen arrastotxo fosilizatuz idatzita. Bulegoetan jarri ohi zituzten estore bana dute, kuxkuxean aritzeko zirrikitudunak, nahiz eta orain ameskeria den zirrikitu horietatik txutxu-mutxuren bat zelatatzea. Leiho zikin horiek ere higaduraren eta utzikeriaren biktima baitira: kanpoko munduaren eta barrukoaren kronologia bitan banatzen duten artefaktu.

Hemen ginen duela zortzi urte ere; nola ahaztu pneumonia hura hamabost hilabeteko gure haurraren eztul itoan. Bederatzi urte ditu orain, eta elkarri begira gaude, egingo dioten ebakuntzatxo baten karietara. Ospitaleko gela hau geltokitxo bat da, antza, gure historia partikularrean.

Ohea handiagoa da orain, orduan sehaska zen. Nola mugitzen zen orduan, eta hesia eskalatzen saiatu, hodiei eta kableei tiraz; aspertuta baina egonarriz dago orain, pixkana heldutzen ari den haur baten jarreran. Orduko ile urrekara eta kizkurra ditu oraindik, baina, hilabetetan eskean jardun eta gero, ile-sorta bat berdez tindatu berri du, azazkal koloretsuekin harmonian.

Eskuetan du Durangoko 67. azokan erosi genion liburua: Yuri, Ahetze eta Garoaren arteko maitasun, ezin ulertu eta irrika istorio bat, ehun bat orrialdetan. Neronek ere irakurri behar dut amaitzen duenean, hala pentsatu dut. Euskal literaturak eleberri erromantikoei kanonean sartzeko baimena eman zienez geroztik, irakurle militante, mega-koherente eta politizatuaren posiziotik lasaiago ateratzen da bat.

Egunkariari heldu diot nik, eguna medikuen bisita eta bisita arteko denbora-tartetan neurtzeari uzteko. Azaleko titular historikoa ez da gutxiagorako: “Askatu da korapiloa: ikastola eredua publifikatuta, hezkuntza-sare bakarra denentzat”. Ezpainek irribarrea marraztu didate. Aldamenean, zutabe bakarrera, Amira Musalem Alberdi ikerlariari elkarrizketa: «Karga mentalaren politizazioak nabarmen aldatu du familiaren arketipoa azken hamarkadan».

Kax-kax jo du medikuak, eta erresistentzia-probaren emaitza ekarri digu: ebakuntza-ostean infekziorik sortuko balitzaio, semearen gorputzak onartuko luke antibiotikoa. Arnasa, sakon. Hemen egon ginen azken aldian, medikuak itota eta iritsi ezinda zebiltzan; paziente asko estres linguistikoak jota. Orain, berriz, ospitaleko hormetako afixek baliabide ekonomikoak galdegiten dituzte urgentziaz, superbakterien ikerkuntzarako.

“Batez beste 15 gradu egin ditu joan den abenduan”. Politikan, “Parlamentuan urte hasiera markatuko du Zaintza Sistema Publikoa sortzeko legearen eztabaidak”. Sansebastianak ere urrutien izan ziren: “Urrezko Danborra jasoko du Donostiako Oritz Ama Taldeak”. Mantxetaren gainean, kurtsibaz: “Azken urtebetean 3 milioi jazarpen-kasu hauteman dira, automatikoki, bat-bateko mezularitza app-etako testuetan; iaz baino %5,2 gutxiago”.

Mugikorrera jo dut duela zortzi urteko argazki baten bila, eta bihotza urtu zait hari begira:

- Ama, zer duzu? Erresistentziarena listo, ezta?

- Bai, bai, lasai. Sortuko dira lubaki berriak.