Hamar urtetan bideratu litekeen arazoa
«Etxebizitzaren arazoan ez dago errezeta magikorik» esanari erantzunez, egileak konponbidera hurbiltzeko hainbat gako eskaintzen ditu.
Badaude bi topiko errepikakor, bereziki Jaurlaritzatik entzuten direnak: «ezin da alderatu, Vienan 100 urte daramatzatelako etxebizitza-politikak egiten» eta «etxebizitzaren arazoa konpontzeko ez dago errezeta magikorik». Egia tranpatiak dira. EAEn jada 43 urte daramatzagu etxebizitza-politikak egiten eta ez gara pittin bat ere gerturatu Vienako egoerara, non alokairua hemen baino merkeagoa den. EAEn ez delako hango “errezeta magikoa” aplikatu nahi: alokairu sozialaren eta prezioaren kontrolaren aldeko etxebizitza politika bat. Eredu hori jarraituko bagenu, hamar urtetan, akaso erabat konpondu ez, baina etxebizitzaren arazoa onbideratu genezake.
Horretarako, baina, borondate politikoa behar da. Orain arteko Jaurlaritzek izan ez dutena. Jabegoko etxebizitzaren aldeko politika egin dutelako eta etxebizitzaren negozio harrapakaria zalantzan jarri ez dutelako. Gaur egungo EAEko datu kezkagarriak (inoizko preziorik altuenak, babes publikoko etxeen inoizko eskatzaile-zerrenda luzeena eta Europako emantzipazio-tasa okerrenetakoa) bi erabaki horien ondorio dira. Jaurlaritza berriak iragarri dituen “aldaketak” ez dira kosmetikoak izatera ere ailegatzen. Erregresiboak ere badira: Etxebideren zerrendan gehien kobratzen dutenengan aurrekontu publikoak zentratzea “alokairu eskuragarria” delakoaren bidez, lursail publikoak saltzea auskalo zertarako dirua biltzeko, kolaborazio publiko-pribatuan sakontzea gertuko enpresa jakin batzuekin, etxe-hipotekak eskuratzeko abal publikoak jartzea, Lurzoru Legea aldatzea sustatzaileei eskakizun txikiagoak ezartzeko...
Alokairu soziala bultzatzeko arazoa aurrekontua da, neurri batean (hormigoizko azpiegitura jakin batzuk egiteko beti dagoena), baina ez soilik hori. Dirua egon badago. Kontua da jabegoko etxeen erosketa sustatzeko erabiltzen dela (2022an, 320 milioi euroko erosketa-desgrabazioak) eta prestazio-sistema gero eta handiago batera bideratzen (2025erako 180 milioi euro baino gehiago sartu dira aurrekontuetan, etxebizitza-prestazioak, Gaztelagun, Emantzipa eta alokairurako AES gizarte-larrialdietarako laguntzak batuz). 500 milioi, bi politiken artean. Baina erosketa-desgrabazioa haien soldataren % 30 baino gutxiago hipotekara bideratu behar duten herritarrei kendu beharko litzaieke. Eta prestazioak ere, aurrekontu publikoetatik zuzenean etxejabe pribatuen poltsikoetara doazenak eta alokairu-burbuila gehiago puzten dutenak, gradualki murriztu beharko lirateke, alokairu sozialeko parke publikoa handitu heinean. Aurrekontu publiko handiagoa bideratu behar da etxebizitzara, bai, baina horrekin batera, gaur egungo gastua justizia sozialarekin lerrokatu.
Hala ere, aurrekontua ez da edozein gauzatara birbideratu behar. Alokairu sozialeko parke publikoa handitzera baizik. Dibertsifikazioa nahi duenak (EAJ-PSEren Jaurlaritzak egin nahi duena, haien esanetan) jo dezala merkatu librera. Etxebizitza-politika publikoa Etxebideren zerrendan alokairu soziala eskatzen duten 84.000 herritarrengan zentratu beharko litzateke, behar handiena dutenengan-dik hasita. Eskatzaile horiei alokairu sozialeko etxeak eskaintzeak, gainera, alokairu librearen merkatu-prezioa hoztuko du. Baita jabegoko etxeen merkatuarena ere. Baina benetan hori nahi dugu? Erantzuna baiezkoa bada, eta hamar urtetan etxebizitzaren arazoa bideratu nahi badugu, alokairu soziala bultzatuz eta prezioen kontrola ezarriz, zeren zain gaude? Dagoeneko badakigu zeintzuk diren jo beharreko teklak.
Hutsik dauden etxeen alorrean, hain zuzen, badakigu zeintzuk diren neurri pizgarriak eta zigortzaileak. Neurri pizgarri nagusia Bizigune programa da, alokatzaileari segurtasun osoa ematen diona: hobetu dezagun, besteak beste, alokairu soziala gehiago sustatuko duen fiskalitate berri baten bidez. Eta neurri zigortzaile nagusia hutsik dauden etxeen kanona da, bildutako dirua alokairu soziala bultzatzera bideratu beharko lukeena. Baina oraindik ere ez da inon aplikatzen ari, Jaurlaritzaren utzikeriagatik: “marroia” udalen esku utzi du, inolako laguntzarik eman gabe eta bere ardura subsidiarioari muzin eginez. Jakin badakien arren 10.000 etxe inguru daudela EAEn kanona aplikatzeko moduan. Ezinbestekoa da etxe horiek ofizialki huts izendatzea, zeren eta, deklaraziotik urtebetera, gune tentsionatuetan daudenak desjabetu daitezke derrigor alokairu sozialean jartzeko. Zeren zain gaude?
Etxe merkeak ere eros litezke, ondoren alokairu sozialean jartzeko. Jaurlaritzak, hain zuzen, babes publikoko etxeak lehentasunez erosteko eskubidea dauka. Urtero salerosten direnen zati bat eros lezake, esaterako, erdia: 500 inguru. Prezio maximoa legez mugatuta dutenez gero, erraza da erosketa horiek ekonomikoki planifikatzea. Bide horretatik hamar urtetan 5.000 etxe gehiago egon litezke parke publikoan (gaur egun 20.000 etxe ingurukoa da, Bizigune programakoak alde batera utzita). Ez da gutxi: % 25eko igoera. Zergatik ez da egiten ari?
Etxebizitza-eraikinetan ezarri diren pisu turistikoak debekatu behar dira, gutxienez tentsionatutako guneetan. Berandu goaz horrekin. Norbaitek ostatu-negozioa egin nahi badu, primeran, baina horretarako bila dezala lursail tertziario bat. Etxebizitzetan garatzea baimendu den turismo-erabilera bateraezina da gaur egun pairatzen dugun etxebizitza-larrialdiarekin. EAEn, 5.000 etxebizitzaz ari gara (gutxienez, pisu turistiko gisa legalki erregistratuta daudenak). Horiek guztiak etxebizitzak izatera itzuli behar dira. Jabeek etekin ekonomikoa atera nahi badiete, alokairu sozialeko Bizigune programara jo dezatela.
Tentsionatutako guneak aipatu ditugula, esan behar da Jaurlaritzak hutsik dauden etxeekin egindako joko bera errepikatu duela: “marroia” udalei pasatzea, inolako laguntzarik eman gabe. Estatuko Etxebizitza Legeak ez du agindu udalez udal egin behar denik: EAE osoa tentsionatutako gune izenda liteke. Herritarren batez bestekoak dagoeneko haren diru-sarreren % 30 baino gehiago bideratu behar duelako hipoteka edo alokairua eta etxe-gastuak ordaintzera. Zergatik ez dute oraindik EAE osoa gune tentsionatu izendatu? Hori jada egin beharko litzateke, hurrengo urratsa eman ahal izateko: alokairu-prezioak mugatzea. EAJk eta PSEk benetan hori egin nahi dute? Eta besteok?
Azkenik, last but not least, hirigintza-espekulazioa gelditu behar da. Etxeen prezioa lurzoruaren prezioarekin hasten delako. Plangintzaren kudeaketa, urbanizatzeko erritmoak eta salerosketa espekulatiboak, orain arte sustatzaile pribatuen esku utzi direnak, kontrolatu behar dira. Bai herri inguruetan bai eraberritzerako eremuetan. Kudeaketa publikoa orokortu behar da. Zoru urbanizagarrien desklasifikazio automatikoa ezarri behar da, zeinen urbanizatzea nahita atzeratzen den. Eta espektatiba urbanistikoak dituzten zoruak administrazioak lehentasunez erosteko eremu izendatu behar dira. Gaur egungo etxebizitza-larrialdiak justifikatzen ditu neurri horiek.
Vienako alokairu soziala etxe-parke osoren % 60 da; EAEkoa, % 2,5 baino ez. Jarraituko dugu jabego pribatua eta higiezin-negozioa sustatzen, azken 43 urteotan bezala, ala beste zerbait egingo dugu datozen hamar urteotan etxebizitzaren arazoa bideratzeko?