Venezuelan 28 urte geroago: Iraultza bat herrialde bat aldatzeko
Pozarren itzultzen da bat aspaldi egondako tokira. Urtea hasi besterik ez, eta pentsamendu horrekin abiatu ginen Venezuela aldera. 1997. urtera itzuli zen geure burua, Venezuela ezagututako lehen aldi hartara, Hugo Chavezek Movimiento V Republica alderdi politikoa sortu zuen urtera, hauteskundeak irabazi eta bolibartar iraultza abian ezartzeko.
![Irudian, Hugo Chavezen omenezko mausoleoa. Uneoro soldaduek zaindua da.](/media/asset_publics/resources/001/199/974/article_main_landscape/0125_chavez.jpg)
Geroztik gauza anitz aldatu dira gure bizitzan. Halako konparazioekin hasita, Venezuelan zer aldatu ote den izan da gure jakin-min nagusia abiatzerako orduan, batez ere karriketan, ezagutu genuen garaian hiri ezegonkor bat aurkitu genuelako, sozialki eta politikoki hautsia, ondasunak gutxi batzuen eskuetan pilatuta eta Caracas kanpoaldeko auzoetan pobrezia eta miseria zegoelarik nonahi.
Nicolas Madurok presidente kargua hartzeko gonbidapenaren barnean, Europatik charter hegaldi bat aterako da Madrildik, mugimendu sozialetako kideak, politikariak, kazetariak, akademikoak, intelektualak eta arte sortzaileak egongo dira bertan. Urtarrilak zortzi egun ditu, eta euskal delegazio bat ere badoa Caracaserako hegaldi horretan, mundu mailako jaialdi antifaxistan parte hartzeko ideiarekin. Nazioarteko jaialdi horretan 125 herri desberdinetako kideak elkartuko dira, bolibartar iraultzari babesa eskaini eta elkarlan bat abiatzeko ideiarekin.
Ezker batuko lagun eta kideekin aurkitu dugu Juan Carlos Tizon aireportuan, ez dela politikari edo pertsona ezaguna, hori aitortu digu ezagutu berritan, eta tira, hargatik galdetu diogu zer aurkitzea espero duen Venezuelan. «Ez dut sinesten munduko komunikabide boteretsuetan esaten duten guztia; hau da, Venezuela diktadura dela eta bozen kontaketetan iruzurra egin dutela, kontuan izan gabe Justizia Auzitegi Gorenak justu samarra izanda ere Madurori garaipena eman diola, beraz hauteskundeak zuzenak izan zirela, komunikabide horien propaganda ukatuz. Ezagutzen dugu AEBetako eta Europako jarrera munduko baliabideen gainean; AEBen kasuan, ustiatzen jarraitzeko kolonia gisa nahi dute Venezuela, eta bere independentzia onartzea kosta egiten zaie. Erraldoi baten lupaz begiratzen diote, beste herrialdeei buruzko akusazioen inguruan isilduz. Gezurrak eta egoera errealaren exajerazio handiak daudela uste dut».
Baliabideak aipatzen dituelarik, petrolioaz ari da Juan Carlos. PDVSAren arabera munduko erreserba handienak ditu Venezuelak, eta kolonia gisa izan zuen espainiar estatuari hiru milioi tona baino gehiago bidali zizkion pasa den urtean. Orain ordaindu egin behar dute, ordea, jabetzan zituztenean ez bezala. Kolonizazio prozesuen begipuntuan izan da beti Caracas, Simon Bolivar hiriaz jabetu zen 1813an, burujabetasuna aldarrikatuz, baina espainiarren esku geratu zen berriro 1814an. 1821eko Caraboboko guduan, Kolonbia Handia deitutako lurraldeak burujabetza lortu zuen eta Bogota hiriburuaren mende gelditu zen. 1830. urteko urtarrilean, ordea, Kolonbia Handi hartatik bereizi eta Venezuelako hiriburua bihurtu zen Caracas.
Karibe itsasoaren kostaldetik 20 bat kilometrora dago Venezuelako hiriburua, modernitatearen atarian oraindik orain. Krisi desberdinek eragin latza utzi diotela begi bistakoa da, baina diru publikoaren erabileran iruzurra egiteaz kondenatua izan zen Carlos Andrez Perez presidentearen garaian ez bezala, orain, hirigunearen eta kanpoaldeko txabola auzoen errealitatea parekatuago dagoela ikus daiteke: txiroenak daude kanpoaldean, baina eskolek, ospitale berriek eta azpiegitura desberdinek antolakuntzaren sentsazioa hedatu digute.
Armada eta polizia bolibartarra ikusi dugu karriketan, urtarrilaren 10ean zin egingo baitio Nicolas Madurok presidente karguari, eta oposizioak protesta ekimenak burutuko dituela aurreratu duenez, tentsio hori baretzeko saiakera gisa aurkeztu digu Nohelia Velascok poliziarena bere komertzio denda txikiaren aurrean: «Urte hasiera arraroa da hau, normalki jende gehiago izaten da hirian. Antzematen dugu egun nahasiak direla, eta behin presidentea izendatu ondoan normaltasunera itzuliko garen itxaropena daukat». Ez da ausartu gure galderari jarraituz iraultzaren alde edo kontra dagoen esatera, baina «ikusten ari gara interes handia dagoela hor zehar, guri buruz hitz egiten dutela munduko telebista askotan, presioa sentitzen dugu alde askotatik eta guk bakea baino ez dugu nahi» dio.
Gure Euskal Herrian ere denetarik entzuten da Venezuelari buruz, ez da gure helburua gezurrak edo egiak argitzea, baizik eta herritarren egunerokotasuna zein den gure begiz ikusi eta errealitateari buruzko iritzia zuzenekotik ukaitea, jakinik horrek mesede ederra egingo liokeela urruneko begiradaz iritzi emaile denari, prefosta.
Adeitasunez komertziante txikia agurtu eta komertzio ganbarara abiatu gara «Real Compañía Guipuzcoana de Caracas» merkataritza konpainiari buruz galdetzera, orain zertan den jakiteko intentzioz. Europako merkataritza trafikoan biziki garrantzitsua izan zen eta Espainiaren zerbitzura egondakoaren historian iluntasuna eta beltzuneak daude ugari, kolonizazioaren mesedetan, eta betiere Venezuelako burujabetzaren aurka. Tropelia bat beste tropelia baten atzetik; informazioa bildu ahala, ukan dugun sentimendua da lur aberats honetan kanpoko eskuhartze gehiegi izan dela bertakoen kalterako.
![Marla Martinez, Urtarrilak 23ko komunitateko eragileetako bat. Chavismoaren auzo indartsua da. (GARMENDIA)](https://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/001/199/996/original/0125_venezuela4.jpg?1737657627)
2002. urtean, Estatu Kolpea jasan ondoren, horixe bera adierazi zuen bolibartar iraultza honen komandanteak, Hugo Chavezek. 2013ko martxoan hil zen eta espresuki atondu zioten mausoleoa «El cuartel de la montaña 4F» militar museo historikoan. Oinez igo gara bertara «El calvario» parketik, eta Caracas ikusten da gain ederretik, Mirafloreseko jauregia, isiltasunaren dorreak eta Cagigal behatokia, astronomia eta meterologia zentroa. Mausoleoa irekita dagoen artean, lau militar daude Chavezen hilobiaren ondoan; beste lau militar agertu arte geldirik egoten dira, eta txanda egin ondoan hartzen dute deskantsua, kanpoan, kanoi salba bat egiten dute egunero-egunero 16.25 direnean, «Chavez vive carajo, la patria sigue!» oihua erran ondoan.
«El cuartel de la montaña» Urtarrilak 23 parrokian dago, chavismoaren auzo indartsua den komunitatean. Han ibili gara, «Comuna socialista Simon Bolibar» bisitatu dugu eta txabolaz betetako auzoetan itxaropena eta poza sumatu dugu, Madurorekin haien bizitzaren kalitateak hobera egingo duela sinetsita. Haurrak jolasean, gotibeherak erabiliz aldapari neurria hartzeko, zaku-karrerak eginez, ur hotza partekatuz, eta berantarekin badatoz errege magoen bisita jasotzeko prestatzen dabiltzanak ere, behartsuei eta ezintasun desberdinak dituzten auzokideei zorion pixka bat ekartzea izan da haien helburua duela 30 urtez baino gehiagoz.
Urtarrilak 23ko komunitatearen eragileetako bat da Marla Martinez, herritarrekin lan egiten du, baina baita politika ordezkariekin ere, bere komunitatearen hobekuntza bidean. «Venezuelako Estatuak akordioak ditu bertako enpresari txikiekin diruz lagundutako janaria banatzeko; horrela, 12 produkturekin osatutako poltsa bat banatzen dugu guk Urtarrilak 23ko komunitatean, eta antzekoa egiten da Venezuela guztian, kostatik oihaneraino, hirietatik herrixka txiroetaraino. Azukrea, irina, esnea, olioa, zerealak, kafea, gurina, kontserbak… hartzen ditu banatzen dugun poltsak, eta 25 bolibarren truke eskaintzen dugu, ez da iristen dolar batera. Chavezek aldatu zuen guztia, ordura arte inportazioa egiten zen, produktu asko etortzen zen kanpotik eta jende behartsuak ezin zituen eskuratu, hori inork ez dio kenduko bolibartar iraultzari, sekulako lorpena baita». 5.089 familia eta hamasei komunitate dituzte beren kargu.
Urtarrilaren 10ean izendatu zuten Nicolas Maduro presidente, eta karrikak jendez bete dira ospakizunarekin, ehunka mila pertsona Caracas erdian, oihaneko herrietatik etorriak asko, iraultzari beren babesa emateko. Oposizioak 10.000 pertsona atera zituen bezperan Venezuela osoan. Bakeaz hitz egin du Madurok, hori izango duela ardatza; eta leialtasuna berak jasotako testigutzari.
Nazioarteko jaialdi antifaxista ere bukatu da, eta hauek izan dira 125 delegazio horiek adostutako ondorioak eta ibilbide orria: Nazioarteko antifaxismoa antolatzen, garatzen eta finkatzen jarraitzea; “Nazioarteko antifaxismoaren Pentsamendu Tankea" izena duen Caracas Foroa sortzea eta martxan jartzea; martxoan “Mundu Berriko Hazitegiak” izeneko Formakuntza kanpamendua abiaraztea; Antifaxista Gazteen Topaketari jarraiki, mundu berri bat eraikitzeko gazte liderrak formatzea; erlijioaren sektorean Munduko Topaketa egitea; hego globaleko politika formakuntzako eskolen Nazioarteko Topaketa; ekimen komunitarioak garatzea; martxoaren 8an Nazioarteko Feminista Antifaxista abiaraztea; nazismoaren porrotaren 80. urteurrena ospatzea, justizia eta autodeterminazioaren aldeko borroka berresteko aukera gisa; abuztuaren 9an Herri Indigenen Munduko Kongresua egitea; faxismoaren aurkako Juristen Munduko Topaketara deitzea; munduko herriak Nazioarteko Antifaxismoaren Sareari indarra ematera deitzea, kolektibitatearen erresistentziako tresna gisa. Finean, 2025a bakea, berdintasuna eta emantzipazioa bilatzeko mugarri bihurtzea.
Faxismoa eta antifaxismoa hitz nagusi gisa, horiekin hartu dugu etxerako bidea, eta berriz Juan Carlos Tizonekin topo egin dugunez, zer ikusi duen galdetu diogu: «Hedabide nagusiek zabaldutakoaren kontrakoa. Modu ordenatuan antolatzen direla ikusi dut, hirian lasaitasunez paseatzeko aukera izan dut, produktuz hornitutako denda asko topatu ditut. Merkataritzak normaltasunez funtzionatzen zuen, tabernak irekita zeuden, batzuk gaueko ordu txikiak arte. Azken finean, Caracas lasaitasunean bizi den hiria da, eta mundu guztiak bakea nahi du; hori bai, interferentziarik gabe. Itzuliko naiz».