Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
SIMONE VEIL

Nazien kontzentrazio esparruetan igarotakoaren kontakizun gordina

2006ko maiatzean egindako elkarrizketa batean, Simone Veilek nazien kontzentrazio esparruetan bizitakoak era intimo eta gordinean kontatu zizkion Catherine Bernstein kazetariari. Bere esanak “Solo la esperanza calma el dolor” liburuan argitaratu berri dira orain, Auschwitzen askapenaren 80. urteurrenean.

Simone Veil, Liburu politikoaren Jardunaldian, 2010ean.
Simone Veil, Liburu politikoaren Jardunaldian, 2010ean. (Fondapol - Fondation pour l'innovation politique | Wikimedia Commons)

1945eko urtarrilaren 27ko arratsaldean, Armada Gorriaren 332. infanteria-dibisioko talde batek burdin hesi handi batekin topo egin zuen. Goian, Arbeit Macht Frei irakur zitekeen (“lanak aske egingo zaituzte”). Parez pare zuten naziek Polonian eraikitako sarraski eremurik handiena: Auschwitz. Geroztik, egun hura Holokaustoaren Biktimak Oroitzeko Nazioarteko Eguna da eta, orain, 80. urteurrena kari, “Solo la esperanza calma el dolor” liburua argitaratu du Lumen argitaletxeak. Simone Veil, Simone Jacob jaiotzez, du liburuak protagonista.

2005eko urtarrilaren 27an, kontzentrazio esparruaren liberazioaren 60. urteurrenean, eman zuen hitzaldiaz geroztik, nazismoaren aurrean biziraun zutenen bozeramaile bilakatu zen Simone Veil. Nekaezin, gertatutakoa ez ahazteko lan egin zuen mundu osoan zehar, hitza eta ekintza erabiliz. Baina Holokaustotik bizirik ateratzea lortu zuen abokatu eta politikari frantses honek era intimoagoan hitz egin zuen 2006ko maiatzaren 9an.

Fondation de Memoire de la Shoah-k abiatutako proiektu bat du abiapuntu “Solo la esperanza calma el dolor” liburuak. Fundazio frantses horrek 115 deportaturi elkarrizketak egiteko egitasmoa abiatu zuen, bideoan jaso zituen testigantzak, eta memoriari eta historiari ekarpen izugarria egin zien (INAI Ikus-entzunezkoen Institutu Nazionalaren webgunean ikus daitezke bideoak).

Kamera baten aurrean galderak erantzutera agertu zen 101. deportatua zen Simone Veil. Veilek Catherine Bernstein izan zuen elkarrizketatzaile. Ez zen ausazko aukeraketa izan. Telebistako zuzendari honek “Assassinat d’une modiste” pelikula egin zuen, bere izebaren, Odette Bernsteinen, bilaketan oinarritua: 1943an hil zen Auschwitzen.

Horrela, artean itxi gabe zituen zaurien sakoneratik hitz egin zion Veilek Bernstein kazetariari, minak eta amorrua ezkutatu gabe.

Simone Veil, haren hitzekin josi da «Solo la esperanza calma el dolor» liburua. (Kay NIETFELD | EUROPA PRESS)

Ez zen ‘drôle de guerre’

Familia «guztiz laiko» baten seme-alabetan gazteena zen Simone Jacob, laugarrena. Nizako auzo burges batean zuen jaiotetxea, baina familiak eremu umilago batera egin zuen laster, 1929ko krisiak gogor jota. Urriko Iraultzaren ostean Nizara errefuxiatu ziren errusiar asko bizi ziren auzo horretan, eta horietako batek, Antoinette Babaïeff-ek, Jacob familiaren etxean egiten zuen lan. Bera izan zen deportatu zuten aurretik Simonek ikusi zuen azken pertsona. «Trenetik ezagutu nuen, agur esaten ari zitzaigun», kontatu zion Bernsteini 2006ko maiatz hartan.

Trenera bortxaz igoarazi aurretik, baina, ondo gogoan zuen Jacobek gerra deklaratu zuten eguna. Aigoual mendian zegoen girl scouts-en kanpamendu batean, baina egun gutxi batzuk besterik ez zuen iraun egonaldiak, etxera itzuli behar zutela esan baitzieten han ziren gaztetxoei. Paristik gertu bizi zuten izeba baten etxera joan ziren Simone eta bere familia, han oporrak igarotzeko asmotan. 1939ko uda zen. Gerra deklarazioa ez zuten serioegi hartu hasieran, inork ez zuen espero gerora gertatuko zena, “drôle de guerre” esaten omen zioten: «Txantxetako gerra». Eta, hala, normaltasun osoz itzuli ziren eskolara.

1940ko udan, artan babestuta zegoen Niza, baina hasiak ziren iristen hainbat errefuxiatu judu. Zailak ziren sinesteko haiek kontatzen zituzten barrabaskeriak. Egiaztatuko zuten, baina, txantxatik ezer ez zutela Alemaniatik ihesi zetozen haien hitzek. Eta orduan konturatu zen Simone Jacob zer zen judua izatea, edo zer esan nahi zuen, ordura arte ez baitzuen horren arrastorik.

Auschwitz eremuko hesia; «Lanak libre egingo zaitu» irakurri daiteke bertan. (Kay NIETFELD | EUROPA PRESS)

1943ko irailaren 10etik aurrera hasi ziren Kosta Urdineko juduak atxilotzen. Simone Jacob Nizan atxilotu zuten, Excelsior hoteletik gertu. Hotel hori juduak elkartzeko baliatu zuten Alois Brunner SSko kapitainak eta enparauek, gero Drancyra bidaltzeko. Gestapoko agenteek Simoneren dokumentazioa faltsua zela egiaztatu zuten. «Nik ezetz esan nien. Pentsatu nuen onena zela nire familiari abisatzea, dokumentazioa aldatu ziezadaten. Mutil bati eskatu nion joan zedila ostatu hartzen nuen lekuko maizterrei abisatzera; ziur nengoen han ez zela nire familiako inor egongo. Uste dut mutikoa jarraitu zutela, eta kasualitate itzelez, han zeuden guztiak, nire ama, anaia», kontatu zion Veilek kazetariari.

Excelsior hotelera eraman zituzten guztiak. Egun gutxira, trenean sartu zituzten, Drancyra eramateko. 1944ko apirilaren 7an iritsi ziren. Sei egunen buruan eramango zituzten Auschwitzera.

Gas ganbera ekidin zuen birritan

«Konboia osatu zenean, jendeari abisatu zitzaionean hurrengo goizeko lehen orduan aterako zela konboia, zehaztu zen 50 urtetik beherako gizonak eta 18 urtetik gorako gazteak ez zirela joango. Horrela, nire anaia Drancyn geratu zen eta ez zuten Auschwitzera deportatu. Besteok ez genekien ezer... Zioten lanera gindoazela... Alemaniara? Ez genekien [...]. Inork ez zituen imajinatzen gas kamerak. Beraz, gure buruari esaten genion: ‘Ados, gogorra izango da, lan egingo dugu, itzuliko gara eta janari goxoa prestatuko dugu haurrentzat’. Pentsaezina zen...». Horrela jasotzen ditu “Solo la esperanza calma el dolor” liburuak Veilen hitzak.

Alemania gurutzatu eta gero, trena bat-batean gelditu zen, gau itxi bateko ordu txikietan. Marradun pijamak jantzita zituzten hainbat pertsona arduratu ziren jendea trenetik ateratzeaz. Fokuen azpian, ilaran jarri zituzten denak. Hamasei urte zituen Simone Jacobek, baina marradunetako batek gomendatu zion esan zezala adin nagusikoa zela. Horren erruz, Auschwitzera sartu zuten, eta horri esker, gas ganbera ekidin zuen. Eremura sartu ziren Simone, ama eta ahizpa.

Kapo (deportatu) talde bat iritsi zen eta tatuatu egin zituzten. «Konturatu ginen, tatuatu bagintuzten, haientzat soilik zenbakiak ginelako zela eta, batez ere, ez ginela bertatik aterako, bizi osorako zela hori», hartu zuen gogoan Simone Veilek kazetariarekin izan zuen elkarrizketan. 78651 zenbakia ezarri zioten berari.

Entzun zutenez, kamioietan sartzen zuten oro ez zen sekula itzultzen, baina sinesgaitza zen gaseztatu zituztela pentsatzea. Segituan jarri zituzten lanean: bagoietatik harriak deskargatzen, hondeatzen, lurra lau gera zedin harriak kentzen. Zertarako ari ziren lanok egiten ez zekiten, ordea.

«Gose ginen, egarria geneukan, hotza genuen, hotz ikaragarria, logura ere bai. Lo falta izugarria iruditzen zait [...]. Zutik lo hartzen nuen, oinez ari nintzela. Baina umiliazioa, gainera, berariazkoa zen. Adibidez, jaten hasi behar genuenean, pentsatzen genuen SSak ostiko bat emango ziola gure kaikuari, eta hori gertatzen zenean, ez genuen jaten edo lurrean zegoena jasotzen genuen... Etengabeko umiliazioa zen», agertzen du urtarrilean argitaratu berri den liburuak.

Emakume Europarren Kontseiluan. (Alain NOGUES / SYGMA via GETTY)

Simone Jacobek bigarren aldiz lortu zuen gas ganberari ihes egitea, zehazki, bertan hiltzeko «ederregia» zelako. Hala esan zion Stenia izeneko kapo poloniar batek. «Ederregia» zelako, lagundu egin nahi ziola zineztatu zion kapo honek, eta gas ganberara zihoan ilaratik atera zuen. Egun gutxi barru, Simone, ahizpa eta ama, ordurako gaixo, Josef Mengelerengana joateko deitu zituzten. Mengelek esperimentu pseudozientifikoak egiten zizkien deportatuei, laborategiko arratoiak bailiran tratatzen zituen. Amaren akabera ematen zuen, baina ez. Steniak zerbait esan zion Mengeleri, eta hirurak salbu geratu ziren. Uztailean iritsi ziren Bobrekera, han sei hilabete emateko.

Eta Parisera iritsi ziren

Esparru txikia zen Bobrek eta nazien zaintza ez zen hain zorrotza. 35 emakume inguru zeuden, eta 250 gizon. Veilek gerora kontatu zuenez, gizonak etengabe saiatzen ziren «andreak erosten», jasanezina zen: «Deportatu batek sukaldean egiten zuen lan, eta jana eman nahi zidan, baina trukean...»

Bobreken bizi izan zuen Simone Jacobek lehen esperantza printza, Hitlerrek atentatua sufritu zuela jakin zuenean, 1944ko uztailaren 20an. Deportatuek uste zuten hil egin zutela, baina, tamalez, ez zen horrela izan, eta pozak gutxi iraun zien. Baina zerbait gertatzen ari zenaren susmoa zuten: armada alemaniarra atzera egiten ari zen eta ofentsiba errusiarra hasia zen. Hala ere, beldur ziren: «Zer egingo dute? Denok gaseztatzeko denbora izango dute, gu ezabatzeko ezein hondarrik gera ez dadin?»

Bobreketik atera zituzten eta 80 kilometro egin zituzten oinez «heriotzaren martxan», soilik geldialdi batekin, Gleiwitzera iritsi arte. Jende asko hil zen bidean.

Bi egun igaro zituzten Gleiwitzen, «infernuan», harik eta beste tren batera igo zituzten arte. 1945eko urtarrilaren 28an iritsi ziren Simone, ahizpa eta ama Dora-Mittlebau eremura, Hirugarren Reich-eko esparru odoltsuenetarikora. Han, baina, bi-hiru egun besterik ez zituzten igaro, gero Bergen-Belsenera eraman baitzituzten.

Jendetza iritsi zen Bergen-Belsenera eskualde guztietatik, Alemania, gutxika, estutzen ari baitzen. Jendea gosez, egarriz eta tifusaren ondorioz hil zen bertan. «Uste dut... Kontatu didate, eta arrazoi asko dauzkat egia dela sinisteko, kanibalismoa izan zela Bergen-Belsen», jakinarazi zion Veilek Bernstein kazetariari.

Simone Jacoben ama, Yvonne Jacob, tifusa hartuta hil zen han, 1945eko martxoaren 15ean, britainiarrak iristeko aste gutxi falta zirenean.

«Apirilaren 17an askatu gintuzten eta maiatzaren 23an iritsi ginen; beraz, maiatzaren 18an atera ginen bertatik. Bestela esanda, ez zuten inolako presarik gu etxera eramateko. Ez gintuzten zaindu», oroitu zuen Veilek.

Kamioi batean egin zuten itzulerako bidea. Eta Parisera iritsi ziren.

Memoria

Catherine Bernsteinekin izan zuen elkarrizketan, Simone Veilek argi esan zuen ez ziola beldurrik errebisionismoari, gertatu zenaren inguruko ebidentziak soberan daudelako. «Beldurra ematen didana orain geratzen ari dena da, banalizazioa», aitortu zuen. Ultraeskuin europarraz ari zen, hil berri den Jean-Marie Le Penez, adibidez. Horren kontra, gertatutakoaz hitz egitea ezinbestekoa dela baieztatu zuen.

2017ko ekainaren 30ean hil zen Simone Veil, bizi osoa bere minak eta zauriak, eta besteenak, hitzez orbaintzen eman ostean. «Guretzat, memoria beharrizan bat da. Betebeharra dugu transmititzea», esan zuen.

Auschwitz kontzentrazio eremuko irudi orokorra, 2020an hartuta. (Kay NIETFELD / EUROPA PRESS)

 

BORREROA GONBIDATU DUTE

Koherentzia ez da historiaren dohaina, eta distopia urratzera ere iritsi daiteke une batzuetan. Datorren astelehenean, historiaren une honetako genozidarik bortitzena beste genozidio baten zero gunera ager dadin borroka egin dute batzuek, naziek juduei egindako ankerkeriak salatzera. Itxuragabekeria horren eszenatokia Auschwitz kontzentrazio eremua izango litzateke: etzi, urtarrilaren 27an, 80 urte beteko dira kontzentrazio esparrua askatu zela eta Andrzej Duda Poloniako presidentearen kantzilertzak bere herrialdeko Gobernuari galdegin ziola oroitza ekitaldietarako sarbide «libre eta segurua» bermatu diezaiela Israelgo arduradun politikoei, tartean Benjamin Netanyahu Lehen Ministro ankerrari. Bere agintepean, gutxienez 46.876 pertsona hil ditu Israelek Gazako Zerrendan 2023ko urriaren 7az geroztik, Gobernuko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

Dudak gutun bat bidali zion Donald Tusk Poloniako lehen ministroari, eta bertan eskatu zion agintariek berma dezatela Netanyahuk Polonian «egonaldi lasaia» izango duela, ekitaldiaren “baldintza guztiz ezohikoak” argudiatuta.

Kontua zera da: Nazioarteko Zigor Gorteak, Hagan egoitza duenak, atxilotze aginduak eman zituela pasa den azaroaren 21ean Netanyahuren aurka, Gazako gizateriaren aurkako krimenengatik eta gerra krimenengatik. Berez, Polonia Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutuaren sinatzailea da eta, beraz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak emandako aginduak betetzera behartuta dago. Donald Tusk Poloniako lehen ministroak aintzat hartu zituen Dudak eskatutakoak. «Izan Israelgo Estatuko Lehen ministroa, presidentea edo Hezkuntza ministroa, Auschwitzeko zeremoniara Oswiecimera datorren edonork segurtasuna bermatuta izango du eta ez dute atxilotuko», azpimarratu zuen.

«Ezin dut imajinatu Israelgo Estatuko buruzagi politikoek modu seguruan ezin parte hartu izatea Auschwitzen askapenaren urteurreneko ospakizunean. Guztiz onartezina da», azpimarratu zuen lehen ministro poloniarrak.

Halaber, Donald Tuskek zalantzan jarri zuen Andrzej Duda Poloniako presidentea, oposizioko PiS taldekoa, gai hori eztabaida publikoan jartzeagatik. «Gai batzuk diskrezioz erabili behar dira, batez ere hain garrantzitsuak direnean», adierazi zuen. Hala ere, Lehen ministroak esan zuenez, Israelgo Enbaxadatik jakinarazi diote Hezkuntza ministroa agertuko dela urteurreneko ekitaldietara Estatua ordezkatzera; beraz, badirudi Netanyahu ez dela bertaratuko.

Auschwitz-Birkenau kontzentrazio esparrua, Polonia okupatuan eraikia, Alemania naziak Europako sei milioi juduren aurka egindako genozidioaren ikurra da; horietatik milioi bat hil ziren kanpamendu horretan 1940 eta 1945 artean, baita juduak ez ziren beste 100.000 pertsona ere.