Irati ARRIOLA
Psikologoa

Artea, norberaren ispilu eta bizitzarako gida

Arte-terapia garapen emozionala, mentala zein fisikoa sustatzen dituen psikologiaren adarra da.
Arte-terapia garapen emozionala, mentala zein fisikoa sustatzen dituen psikologiaren adarra da. (GETTY IMAGES)

Gauzatu diren hainbat ikerketaren arabera, gazteen osasun mentala geroz eta egoera larriagoan aurkitzen da munduko toki askotan, eta COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoren, areagotu egin dira adingabeen artean buru-osasunarekin zerikusia duten arazoak. Horren islatzat har daitezke, adibidez, suizidio tasak. Espainiako estatu mailan, 2022 urtean suizidioak eragindako heriotzen %65,9 40 urte baino gutxiagoko pertsonak izan ziren, eta horien %20, 5-14 urte arteko haurrak. Ukaezina da egoera horri berandu baino lehen aurre egiteko premia dagoela, eta uste dugu heziketak funtsezko zeregina izan dezakeela testuinguru horretan.

Pertsonaren garapen fisikoa, kognitiboa eta soziala bizitza osoan zehar ematen bada ere, haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen dira aldaketa nagusiak. Bilakaera horrek estres maila altua eragin dezake; are gehiago, aldaketa horietara egokitzeko zailtasunak agertzen direnean. Heziketa aproposak eraldaketa horretara ederto egokitzeko prozesua erraz dezake, identitate sendoak eraikitzen lagun baitezake, eta, ondorioz, pertsonen bizi-kalitate maila hobetu. Artearen bidezko psikoterapia dugu horretarako tresna egokia.

Arte-terapia garapen emozionala, mentala zein fisikoa sustatzen duen psikologiaren adarra da. Batzuetan hitzezko komunikazioa zaila izan daitekeela kontuan izanik, gaztetasunean bereziki, arte-hizkuntza hainbat pentsamendu, emozio eta esperientziaren adierazpena erraz dezakeen baliabide boteretsua izan daiteke. Programa artistikoen bitartez, adingabeek hainbat gaitasun garatzeko aukera izan dezakete. Esaterako, komunikazio-trebetasuna hobetzeko, norbere buruarekiko konfiantza areagotzeko, edota gatazken ebazpen egokia egiten ikasteko. Horrez gain, haien autonomia handitu, gaitasun sozialak hobetu eta autoadierazpenerako modu positiboak aurki ditzakete.

Hala nola, ohikoa da buztinarekin lan egitea, materialaren izaera organikoak zentzumen guztiak aktibatzen dituelako prozesu oso aberasgarria eraginez. Subjektuak barnean duena adierazteko modu alternatibo paregabea aurkitzen du, eta horrek segurtasuna eta autoeraginkortasuna areagotzen dituela egiaztatu da. Marrazketak, bestetik, lasaitasuna, hausnarketa eta arreta susta ditzake; eta irudikatzen den hori, pertsonaren bizipen, beldur, edota desiren informazio iturri izugarria izan daiteke.

Prozesu sortzaileetatik eratorritako produktua norberaren irudiaren ispilu bilakatzen da. Hala ere, artelanaren emaitzari baino, sormen prozesuari ematen zaio garrantzia; izan ere, materialekin sortzen den elkarrekintzak hainbat sentimendu eta oroimen azalera ditzake eta prozesu terapeutikoa gida dezake. Arteak gure kontzientetik at dagoen edukia esploratzeko eta komunikatzeko ahalmena du, alderdi emozionala oso kontuan izanik. Alegia, emozioek, besteak beste, gure gaitasun kognitiboak, osasun fisikoa eta lanerako errendimendua baldintzatzen dituzte. Adimen emozionalak horiek era egokian erabiltzea ahalbidetzen du, norberaren espresatzeko moduari dagokionez, baita bestearekin egoteko erari dagokionez ere. Hortaz, artearen bidezko psikoterapiak autoezagutza zein oreka emozionala sustatzen dituela esan genezake.

Laburbilduz, bizitzan zehar gertatzen diren arazoak eta gorabeherak ez dira sorginkeriaz desagertzen, baina prozesu terapeutikoek horiei aurre egiten lagun dezakete estrategia berriak garatuz. Arte-terapiak bereziki, ez-hitzezko hizkuntzaren espresioa sustatzen du, eta hori baliabide indartsua da bizipenak era ezberdinean adierazteko aukera ematen duelako. Izan ere, prozesu bisualak, korporalak, pertzepziozkoak, sinbolikoak eta kognitiboak eragiten ditu, eta horiek guztiak hitzezko hizkuntzaren osagarri bilaka daitezke. Oro har, esperientzia artistikoak azaldutako maila guztien integrazioa errazten du, eta horrek ongizate holistikoa ekar dezake. •