Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
[KOADERNOA]

Auschwitz gogoan, gaur egungoa normalizatuta

Armada Gorriak Auschwizko kontzentrazio esparrua liberatu zueneko 80. urteurrena oroitu dute aste honetan munduko hainbat agintarik. Ekitaldira ez zuten Errusiako ordezkaririk gonbidatu. Putin edo Gobernu horretako inor ez dira, nonbait, duela 80 urteko sobietarren ordezkari egokienak. Bat nator. Eta Zelenski? Garai hartan Ukraina Sobietar Batasuneko errepublika baitzen. Eta Netanyahu edo Israelgo Gobernua? Esparru hartan izan zirenen ordezkaririk egokienak al dira? Edonola ere, Netanyahu gonbidatuta zegoen.

Antisemitismoak eragin omen zuen holokaustoa. Juduak gaitz guztien kausatzat jo zituen nazismoak -eta naziak ez ziren askok-, juduak eta ijitoak, eslaviarrak, afrikarrak, asiarrak... sobietarrak, alemaniar komunista eta sozialdemokratak, eta homosexualak... Arrazismoak eragin zuen holokaustoa batez ere, Israelgo Estatua palestinarren aurkako garbiketa etnikoa egitera eraman duen supremazismoak nola.

Hannah Arendt filosofoak esan zuen Europako holokaustoa gizateriaren aurkako krimena izan zela, eta juduak ez direla hark eragindako minaren jabe bakarrak. Izan ere, holokaustoaren biktimak juduak baino izan ez balira ere, gizateriaren aurkako krimena izango zatekeen. Hannah Arendt judua ez omen dute oso maite Israelgo Estatuan, eta ulergarria da, biktimek ez bezala biktimismoak nahi duen egiak errentagarria izan behar baitu egia izatekotan.

Europako Kontseilua antisemitismoaren gorakadarekin kezkatuta agertu zen astelehenean. Ultraeskuina Europako instituzioetako sukalderaino sartu duten horiek arrazismo eta xenofobia mota guztiak salatu zituzten beren adierazpenetan.

Holokaustoa. Euskaltzaindiaren hiztegiak hala dio adiera batean: «Gizakien hilketa handia, batez ere Alemania nazian juduekin egin zena», eta Espainiako Errege Akademiak: «Gran matanza de seres humanos» (Gizakien sarraski handia). Gaur egun sionistek egiten dutena, baina horren aurkako protestak edo iritziak antisemitismotzat jotzen ditu Europako Batasunak.

Ospitale bat suntsitu izan dutenean, kezka agertu dute Europako agintariek; hala ere, Netanyahuren trikimailu merkeari jarraitzen diote lotsagalduok: genozidioaren salaketa antisemitismoa da, eta nazien pare jartzen du salatzen duena. Europa demokratikoak, hark bezala, defentsarako eskubidea aldarrikatzen du, edozertarako zilegitasuna ematen duen berebiziko eskubidea. Horra genozidioaren normalizazioa. «Gaizkiaren hutsaltasuna» terminoa erabili zuen Hannah Arendtek, jakinekoa denez, holokaustoa hizpide.

Bitartean, munduko ultraeskuina, AEBetatik Errusiaraino tradizio antisemita duen eskuina, sionisten alde agertzen da orain. Denak ere, (bakan batzuen) askatasunaren izenean, berdintasunaren bizkar. (Askatasuna eta berdintasuna elkarren osagarri gisa ulertzen zituen Arendtek. Haren ustez, askatasuna berdinen artean gauzatzen da).

Ez dira garai onak, eta ez datoz hobeak. Ez dezagun pentsatu ez direla hona iritsiko. Eta ez Errusiatik, hain zuzen ere. •