Ikasleak Saharan: Elkartasun balioetatik hasita, ikaspenak dituen esperientzia baten kontakizuna
Laudioko batxilerreko ikasle talde bat Saharako kanpalekuetan egon da astebetez elkartasun proiektu bat gauzatzen. Lankidetza balioen ariketa izanik, bidaia prestatu, hegaldia finantzatzeko bideak bilatu eta eramandako laguntza antolatu dute. Esperientzia ahaztezin horretaz hitz egin dute GAUR8rekin.
Laudio Ikastolako ikasle talde batek errefuxiatu sahararren kanpalekuetara bidaiatu zuen pasa den abenduan, ikastetxeko hezkuntza proiektuan txertatutako kooperazio egitasmo baten barruan. Aaiunen egon ziren, Bucraa herrian, bertako familiekin astebetez elkarbizitzen. Laguntza humanitarioz beteriko 25 kiloko motxilak eraman zituzten haranzkoan, bertan uzteko. Bizipen eta ikaspenez betetako bagajea ekarri dute itzulerakoan.
Sentipen horiek guztiak partekatzeko gogoz agertu dira gazteak, 17-18 urte ingurukoak, esperientzia paregabea bizi izanaren sentsazioarekin, muturreko egoera bizi duen herri batean bizitzeak duen guztiarekin, eta gainera, bizimodua lehen pertsonan bizitzeak ematen duen ikuspegi hurbilarekin. Elkartasunak duen garrantziaz jabetuta, jaso duten eskuzabaltasunarekin eskertuta..., bizi dutena ez da soilik bidaia bat izan.
Adinak ere paper bat jokatuko du, segururenik, sentsazio horietan. Ez da oso ohikoa izaten adin horietan kooperaziora bideratutako bidaia bat bizi ahal izatea. Azaldu dute markatzen duen esperientzia dela, eta «adin horrekin izan dezakezun begirada zabaltzen laguntzen» duela. Edozelan ere, bistakoa da aztarna uzten duen esperientzia bat dela. Azaroaren 29an hartu zuten hegaldia Aljeriaraino, baina lehenago hasi zen bidaia baten kontakizuna da hau. Aiaraldeko gazte talde horrek bizi duen «abentura» ez da Saharan izandako egonaldira mugatu.
Ez da mota honetako lehen esperientzia izan Laudioko ikastetxearentzat. 2009an eta 2010ean egin zuten lehen aldiz elkartasun-proiektua. Lehen esperientzia horien ostean, urte batzuetako etenaldi bat izan zuen ekimenak, «egoera eta faktore ezberdinengatik», 2022-23 ikasturtean egitasmoa berpiztu zen arte. Gauzak horrela, herri sahararreko ordezkariekin izan beharreko elkarlana berreskuratu eta ostera ere forma hartzen joan zen egitasmoa, ikasleen bidaia berriak ahalbidetuz.
Batxilerreko bigarren mailako ikasleak dira istorioaren protagonista nagusiak. Errefuxiatu sahararrei emandako laguntza izan da azken helburua, baina arestian esan bezala, ibilbide luzeago bat izan duen esperientzia da Laudioko hau, eta kooperazioari eta hezkuntza proiektuari lotuta egon da. Errefuxiatu sahararren etxeetan egin dute egonaldia. Tokiko errealitatea, kultura zein historia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute horrela, baina hango egoera eta azpiegitura ezberdinak ere ezagutu dituzte, eta laguntza humanitarioa eraman dute: medikamentuak, arropa, elikagaiak... Bertan, gainera, Rabuniko ospitalea, Bucraako Lehen Hezkuntzako eskola edota Erresistentziaren Museo Nazionala ezagutu dituzte, besteak beste; eta ordezkari ezberdinekin hitz egiteko aukera ere izan dute.
Balioen lanketa
Amets Meatza proiektuko koordinatzailearekin hitz egin du GAUR8k, esperientziak eskatzen duen antolaketaz, bilatutako helburuez eta, behin Euskal Herrira itzulita, horretaz egiten duten balantzeaz hitz egiteko, proiektuak alderdi ezberdinak biltzen baititu.
Meatzak nabarmendu du herri sahararrarekin kooperaziora bideratutako ekimena dagoela proiektuaren muinean, baina urrunago joan nahi duen ariketa ere badela, beste ikasketa batzuk landu nahi dituena. Elkartasun eta lankidetza balioez gain, saharar herriaren egoera politiko eta sozioekonomikoa gertutik ezagutzeko aukera izan dute, euren errealitatearen antipodetan dagoen bizimodu bat ezagutuz. Ziurtatu duenez, horrek guztiak «lehena eta geroa markatzen dituen» bidaia bat osatzen du, eta gazteei entzutea baino ez dago gogoeta baieztatzeko.

Bucraako azpiegiturak hobetzearekin batera, lankidetza balioetan hezi eta trebatzea bilatzen du esperientziak, saharar herriaren egoera era zuzenean ezagutzeak eta euren bizimodutik oso urrun dauden familiekin izan duten elkarbizitzak zer pentsatu handia eman die.
Ikastolan bertan, eskola egun baten atsedenaldian egin du GAUR8k hitzordua ikasle horien gogoetak bertatik bertara ezagutzeko. Mahai baten bueltan eseri dira zuzeneko kontakizuna egiteko, bidaiaren prestaketaz, helburuaz eta izandako bizipenaz hitz egiteko.
Bucraa herrian adinekoen eguneko zentroak duen baratzaren hormak margotu dituzte ikasleek aurtengo bidaian. Egindako lan horrez gain, botikak, higienerako produktuak, arropa eta janaria ere bildu eta eraman dituzte. Bidaiaren antolaketa eta prestaketaren zati handiena gazteek eurek garatu dute; eta bidaiaren beraren kostuari aurre egiteko finantzazioa lortzea zen ariketaren alderdietako bat.
Laudiorekin senidetuta
Bucraa herria Laudioko udalarekin senidetuta dago. Horrek pisua izan du herriaren aukeraketan, baina ez bidaiaren antolaketa garatzeko orduan. «Laudioko Udala herri horrekin senidetuta egon izanak helmugako herria erabakitzeko balio izan du, baina behin herria aukeratuta, harreman berriak egiten eta sortzen joan gara, beharrak identifikatzen, guk ikastola moduan zertan lagun genezakeen zerrendatzen, hurrengo ikasle taldeek izan dezaten aukera modu batean edo bestean laguntzeko», azaldu du Amets Meatzak.
Beharren identifikazio egokiak berebiziko garrantzia dauka kooperazio proiektu batean. Esku hartzeak, gainera, ikasle talde baten aukeren artean egon behar du, eta denbora-mugak ere baditu, gainera. Azaldutakoaren arabera, proiektua berrartzean, hasieratik sortu zen adinekoen eguneko zentroan laguntzearen beharra. «Han, egoera zein zen bertatik bertara ikusita, zentroak duen baratzea hobetzea adostu genuen, eta orduan erabaki genuen hurrengo taldearekin ortua babesteko itxiera perimetroan horma bat eraikitzea», gogoratu du bidaiaren koordinatzaileak.

Proiektuaren aurreko edizioan joandako ikasleek udaletxea margotu zuten, azken bidaian jarritako helburua eguneko zentroaren babestea izan da. «Haizea dagoenean edo umeak jolasten ari direnean eguneko zentroko nagusiek landatzen duten baratzea babestea izan da asmoa; paretak altxatzeko dirua bidali genuen eta bertara egindako bidaian margotu ditugu. Haiek eskatzen duten horri erantzutera joaten gara, edo, behintzat, erantzuten saiatzen gara, zeren batzuetan gauza batzuk ez dira ekonomikoki bideragarriak».
Hurrengo ekimen bat prestatzeari begira, dauden beharrak aztertu dituzte aurtengo bidaian; bertako ekipamendu ezberdinak edota eskola bera bisitatu dutenean, dauzkaten beharrez galdetu diete.
Bildu eta eramateko prestatutako janaria, botikak eta arropa ere ez da ausaz aukeratu, eta beharrezko askotariko produktuen presentzia bermatzen saiatu dira. Adibide gisa aipatu dute adinekoen zentrora eraman diren botikak kolektibo zehatz horrek dituen beharren araberakoak izan direla aukeratuak.
«Minerako medikamentu arruntak, glukosa neurtzekoak, tentsioa neurtzeko beharrezkoak... jende nagusiaren artean ohikoak diren medikamentuak izan dira eraman ditugunak. Haiek pasatzen dute behar duten gauzen zerrenda, baina une bakoitzean, egoeraren arabera, behar horiek ezberdinak izan daitezke. Aurten, adibidez, uholdeen ondorioz jende bati kalte egin dio hango urak, eta aurten, adibidez, Fortasec bezalako botikak eskatu dituzte bereziki», zehaztu du Meatzak.
«Etxeetan launaka edo bosnaka egoten garenez, saiatzen gara elikagai eta medikamentu ezberdinak eramaten, botikak ez errepikatzeko, eta errezetarik behar ez duten botikak dira edonola ere», aipatu du. Gazteek eraman duten 25 kiloko maleta handian joan da laguntza humanitarioa.
Saharako kanpalekuen errealitatera gerturatzea inpaktua duen esperientzia da edozein kasutan, baina talka are handiagoa izan daiteke mendebaldeko gazte batentzat. Hemengo errealitatetik hangora igarotzeak suposatzen duen talka bistakoa da haientzat, eta hala ere, ez dute faltan bota duten ezeren inguruan inolako aipamenik egin. Aldiz, jaso duten eskuzabaltasuna azpimarratu dute guztiek. Detaile bat aipatzearren, nabarmendu dute harremanetan jarraitzen dutela hango familiekin.
«Penarekin itzuli ginen»
Mikel Garmendiaren esanetan, esperientzia aberasgarria da, dudarik gabe, baina aipatu du ikaspen gehiago izan dituela bidaiak. «Bertako egoera ikusita, ikasi dugu gu zortedun pertsonak garela, eta hona bueltatzean penaz itzuli ginen. Esango nuke ikaspen handiena dela bai Saharan bai errepresioa jasaten duten antzeko herrialdeetan laguntza emateko prest egon behar garela, beharrezkoa dela laguntza eskaintzea horrelako egoeretan, eta gu laguntza emateko prest egon behar garela», gaineratu du.
Han bizitzea nolakoa izan zen galdetuta, errefuxiatuek egin zieten harrera eta jasandako tratua azpimarratu dute ikasleek. «Etxekoak bagina bezala tratatu gaituzte. Ez da berdina han egotea eta ez egotea, eta konturatzen zara onena ematen saiatzen direla. Galdetu nion etxekoari ea guk jaten genuena jan ohi zutena zen eta ezetz esan zidan», adierazi du Oihan Gorostiagak, Saharako familiek egiten duten ahalegina nabarmenduz.

Hango gazte batzuekin ere egon dira kontaktuan, baina hori ere hemengoarekin alderatuta oso bestelako bizimodua da. «Mutil gehienak Armadan zeuden», batzuk kanpoan ikasten, eta nesken artean, herrian zeudenak «etxean zeuden normalean, ezkontzea zen gehienen helburua, baina batzuk ikasten ari ziren Tindufen», aipatu dutenez. Batzuek, gainera, argi diote prest egongo liratekeela parte hartzeko kooperazio proiektu gehiagotan.
Egitasmoari esker elkartasunaren balioetatik edan dute, bertan jaiotzeagatik bakarrik dituzten pribilegioez jabetu dira, baina egitasmoak arlo gehiago landu ditu. Maialen Egia proiektuan parte hartu duen ikasleetako bat da. Azaldu duenez, bidaia ordaintzeko dirua ateratzeko kamisetak eta poltsak egin zituzten herriaren izenarekin eta prestatutako logoarekin. Material hori azokan saldu zituzten, txosna jarri zuten Gau Beltzaren egunean eta bertan bokatak saldu... eta horrez gain, botika eta janari bilketan hartu zuten parte. Ohiko produktuez gai,n bidalketan eskola materiala ere jaso zela aipatu du.
Aurretik behar den prestaketa horretaz, Meatzak azaldu du «baiezkoa ematen denetik ikaskuntza prozesu» bat hasten dela, eta bide horretan lan handia egin behar izaten dutela: «Txandak egin, egutegia finkatu, ideiak proposatu, azoketan parte hartu, txapelketa antolatu...», eta diruaren kudeaketa eta antolaketaz ere arduratu behar dira.
Egitasmoaren koordinatzailearen esanetan, lan guztia eginda ere, ikasleentzat «markatzen duen bidaia» da. Errealitate bien arteko talkatik haratago, errefuxiatu sahararrekin izandako harreman xamurra ere nabarmendu du. «Oso pertsona hurbilak dira, oso eskertuak... eta horregatik ere uste dut badela markatzen duen bidaia. Eta ez bakarrik egonaldiak berak; etxe bakoitzak errealitate eta egoera bat dauka, ez daude guztiak egoera berean, baina uste dut begirada ezberdin bat ematen dien bidaia dela, gauzak baloratzeko orduan ere bai, ikusteko zenbat gauza dauzkagun soberan, zenbat erosi nahi ditugun inolako beharrik gabe...». Esperientziaren informazio trasbasea egin ondoren, ikasle taldeak identifikatutako beharretatik abiatuta, elkartasunezko beste proiektu bat dago bidean, Lehen Hezkuntzako (LH) 6. mailako ikasleekin, etenik ez duen elkartasun hari bat.

Migratzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen harrera-espazio bat

Oinherri eta Hiritik at, hirigintza sozialagoak probatzen

«Bibragailuak oso tresna garrantzitsuak dira zoru pelbikoaren osasunerako»
