Euskaraz eta kulturartekotasunaz
Migrazioa, euskara eta kulturartekotasuna ohiko mintzagaiak dira. GARAn eta GAUR8n ere izaten ari da isla azken hilabeteetan: Andoni Olariaga, Safia El Aaddam, Leire Amenabar, Xabi Iraola, Alaitz Aizpuru... Zein baino zein interesgarriago aritu dira, egia esan! Horietan oinarrituta, hona hemen zenbait ikaspen eta iruzkin.
Hasteko, migrazioa errealitate ekidinezina da. Inoizko Euskal Herri pluralenean bizi gara eta datozen urteetan are pluralagoa izango da. Iraolak esaten duen bezala, ez dago erronka bezala ulertu eta estrategiak eraginkortzen ahalegintzea besterik. Etikoki ez ezik, baita estrategikoki ere: nola eraikiko dugu gehiengo independentista bat gizartearen herenari baino gehiagori entzungor eginda? Nola izango da aske eta berdinen Errepublika herritarrak eta azpi-herritarrak badaude?
Kualitatiboki ere funtsezkoa da: «Herririk gabe ez dago estaturik, eta kohesiorik gabe ez dago herririk», dio Iraolak. Nik zera gehituko nuke: herri-kohesiorik gabe, ez dago hizkuntzarik ere. Joxe Azurmendik errepikatzen duen eran, hizkuntza bat, gramatika, hiztegi edo altxor bat beharrean, hizkuntza-komunitate bat baita: hizkuntzak abstraktuki beharrean norbaitekin komunikatzen gaitu, eta elkarren arteko elkarrizketa etengabean birsortzen da. Elkar topatzeko zubirik ezean, nekez izango da elkar-hizketarik eta, ondorioz, hizkuntzarik.
Hala izanik, ezinbestekoa da elkarren arteko aliantzak josi, elkarguneak bilatu eta kulturartekotasunean sakontzea. Hau da, “besteen” aitortza eta errespetutik, elkarren arteko elkarrekintza eta nahastera pasatzea. Izan ere, Olariagak dioenez, arrazismoa ez da soilik “besteen” gutxiespen eta jazarpenean oinarritzen. Arrazismoa gizartea sailkatzeko sistema bat den neurrian, “besteak” goratu edo egurtu, “besteak” eta “gu” arteko bereizketa naturalizatuan bertan datza arazoa.
Beraz, nola eraiki “gu” berri eta askotariko bat? Ezin da jokalekua neutrala bailitzan planteatu. Aizpuruk ohartarazten duenez, «arrisku bizian dagoen kultura batean, politikaz ezer jakin nahi gabe kulturan eta kulturaz aritzea egoera ez ulertzea edo oso ondo ulertu eta iruzur egitea da». Kulturartekotasuna kultura arteko botere erlazioek blaituta dago eta: zein kultura dira aitortu beharreko diferentziak (“besteak”) eta zeintzuk normalak? Estatu espainol eta frantsesean, begi bistakoa da (horrexegatik dago egiteke “Ocho apellidos españoles” filma).
«Eleaniztasun diglosikoan» (Amenabar dixit), nahasteak ere ez dira ausazkoak izaten. El Aaddamek kontatzen duenez, «Frantziatik edo Londrestik badatoz, ‘zein ongi, elebiduna zara’ eta halakoak esaten dira. Baina zure hizkuntzak ez badira pertsona zurienak edota Europako herrialdeetakoak, poliglota izatea negatiboa da». You know, hizkuntza-aniztasunak baino, espainola, frantsesa edo ingelesa (hots, hizkuntza normalak) hitz egiteak egiten baitzaitu “mundutar”. Euskal Herrian ere ezaguna da supremazismo hori: gutxituek hizkuntza eta kultura nagusia derrigor jakin behar dituzte Konstituzioz; nagusiek, aldiz, ez dute zertan “bestea” ezagutu, eta horretarako emandako pauso ñimiño bakoitza “inposaketa” eskandalagarritzat salatu eta indargabetzen da.
Hortaz, “gu” berri bat eraiki behar da, bai, baina euskararen ardaztasunetik. Bide horretan, Olariagak galdera iradokitzailea egin du abertzaletasunaz izandako solasaldian: «Nola eraiki aniztasunaren diskurtso eta praktika Euskal Herritik?». Hizkuntza politika burujabeen eskutik, zergatik ez bihurtu euskalduntasuna «diferentziak kudeatzen dituen txapela»? Alegia, diferentzia indiferente bat gehiago beharrean, zergatik ez izan diferentzia ezberdinei harrera, aitortza eta bultzada eskainiko dien aterki komuna?
Hori zer izango litzatekeen irudikatzen hasi, eta Korrikako Irun eta Hendaia arteko irudia etorri zait gogora. Geroaren ernamuina ote? Hala bedi! “J’accuse”. •

Migratzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen harrera-espazio bat

Oinherri eta Hiritik at, hirigintza sozialagoak probatzen

«Bibragailuak oso tresna garrantzitsuak dira zoru pelbikoaren osasunerako»
