Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Ama onak ekoizteko haur lapurretak

Patriarkatua zapalkuntza sistema anitzekin korapilatzen da. Kapitalismoaren historia oso lotuta dago emakumeen zapalkuntzaren historiarekin. Apropiazio erlazioetan oinarritzen diren etxeko lanak eta ordaindu gabeko zaintza-lanak funtsezkoak izan dira burgesek aberastasuna metatzeko eta langile-klase feminizatua sortzeko. Lan erreproduktibora bideratu den emakumeak senarraren soldatarekiko dependentzia zuen. Senarraren soldatarik ez zutenek ezin zuten haien lan indarra industrian saldu, eta hori aukera gisa zutenek ere, lan feminizatua hain gaizki ordainduta zegoela ikusita, bide hobe bezala ikusten zuten prostituzioa. Hor sortzen den bereizketak determinatu zuen nor zen emakume ona, ama, emakume pribatizatua, eta nor emakume txarra, puta, emakume publikoa.

Ama ona (doako etxeko langilea) eta txarraren (diru truk lan egiten duen puta) arteko bereizketak ama ona eta sexu langilea izateko bateraezintasuna determinatzen du. Haurrarekin duzun harremanak zure lanarekin loturarik ez duen arren, bateraezintasun horrek zerbitzu sozialen jomugan jartzen ditu sexu lanean jarduten duten emakumeak. Behin jomuga horretan egonda, ohikoak dira kontrolak, zure amatasunarekiko zalantzak eta haurrak kentzeko mehatxuak.

Ezaguna egin zen Eva Marreeren kasua. Suedian, sexu lanak kontratatzen zituzten gizonak zigortu nahi zituen sistema abolizionistak biktima estatusa eskaintzen zien sexu langileei. Eva Marreeri estatuak haurrak kendu zizkion ez zuelako biktima izaera onartzen. Marreek bere burua eta bere haurren bizitza indarkeria instituzional horren mende ikustean, sexu langileak langileak direla eta ez direla ezeren biktima azpimarratu zuen. Horrela izanik ere, Suedia abolizionistak Marreeren seme-alabak derrigortu zituen bere ama txarrarekin beharrean indarkeria matxista praktikatzen zuen gizonarekin, haien aitarekin, bizitzera.

Nik ezagutzen ez ditudan arren, Euskal Herrian ere egongo dira horrelako egoerak, erraietan sartuta dugun kristautasunaren joera ohikoa baita putafobia. Kontua da, gure estatuan, Linda Porn sexu langileak izendatzen duen bezala, Espainiako erreinuan, nahi edo ez nahi putafobia arrazakeriarekin batzen dela, atzerritartasun legeak ez dizulako uzten lan duin bat eskuratzen edo hona etortzeko bidaiatik kargatzen dituzun zorrak itzuli nahi dituzulako ahalik eta azkarren. Horregatik, haurren gaineko kustodia kentzea emakume migratzaileen aurkako indarkeria forma bat da.

Linda Pornen arabera, trata biktimak laguntzen dituzten fundazioak dira haurrak kentzeko prozesua abiarazten dutenak. Haiek ematen dute abisua, eta horren ondoren, polizia, gizarte zerbitzuak eta epaileak mobilizatzen dira, kustodia kentzea baimentzeko. Prozedura horretan, amekiko aurreiritzi arrazistak eta sistematikoki baztertzaileak eragin nabarmena dute. Adibidetzat jartzen ditu nigeriar emakumeak. Haien jatorria eta arraza ez datozenez bat familia tradizional heterosexual europarrarekin, hau da, gizonik gabeko emakume beltzak direnez, gure estatuaren ustetan ez dira ama onak izateko gai. Tutoretza kendu ostean, emakumeak harrera-zentro batera eramaten dituzte eta haurrak beste batera, non, teorian, haien ongizatea bermatu nahi den. Baina praktikan gertatzen dena da jatorri arrazialagatik amen zaintza-eskubidea ukatzen dela, haurrak haiengandik bananduz eta gehienetan haiek berreskuratzeko aukera itxita mantenduz.

Ama izatea ez da eskubidea, baina haurrak kentzea sexu lanean jarduteagatik edo atzerritartasun legeak ez dizulako hiritar estatusa onartzen eraso instituzional arrazista, klasista eta putafoboa da, eta hori babesten duen feminismoa supremazia zuri ariketa hutsa, doako ama-emazteak izango diren emakumeak ekoizteko diziplinamendu forma garaikidea. •