Zure bir-bir-bir aitonak esan zuen...

Etxe honek beti izan beharko zuela gure familiarena bertan bizitzeko. Sorry? Bir-bir horrek ezin zituen jakin egungo heldu baten ametsak, ezta beharrak eta bere bizi-baldintzak ere. Mugikorra, interneta, egungo balio sozialak edo inteligentzia artifiziala ezin zituen susmatu ere egin.
Lokal hau arrandegia izango da beti eta gure familiak bertan jarraitu behar du betiko.
Barkatu? Norbait dago bizi-bizirik eta zama hori mantentzen itzalpean.
Itzalpean ere egoten da batzuetan bikotekidea, bestearen zailtasun sexualak mantentzen. Nahita? Nahi gabe? Agian beldurragatik. Ezjakintasuna medio, gehienetan.
Orain azkar eiakulatzen du. Ez dit gehiegi axola. Hori konpondu ezkero, agian beste batzuekin ibili nahiko du.... Pentsamendu hau izar iheskor baten abiaduran desagertu daiteke, baina bere arrastoak indarrean jarrai dezake luzean. Itzalean.
Bagina-sarketa egitea kosta egiten zaio. Ezin dut lagunen aurrean ñaka-ñakari buruz ahoa ireki. Lotsa. Sarketa gustatzera heltzen bada, agian konturatuko da ni ez naizela Superman.
Gordelekura doa Batman.
Babes bila bizi gara.
Batzuetan behar-beharrezkoa da.
Gure etxean, janariak prestatzen ibili eta gero... sukaldea nola dagoen deskribatzeko HIROSHIMA erabiltzen dugu.
Hiroshima. Nagasaki.
Sarraskiak.
Garai gogorrak bizi izan dituenak baliteke duena gehiago baloratzea.
Anbizio handirik gabeko bikote harremanak gustatzen zaizkit bereziki. Hor oreka dagoela iruditzen zait.
Ez dut esan nahi aspergarriak.
Askotan egin daitezkeen gauzak eginez eraikitzen direnak diot.
Hotel jakin batera soilik bizitzan BEHIN joan ahal baduzu, orduan, zure baliabideen gainetik dago.
Baina hotel batera NAHI BEZAIN BESTETAN joan bazaitezke, orduan, zure ahalbideen barruan dago.
Harreman sentimental batean muga marka oso goian jarri ezkero, azenarioaren atzetik doan astoaren bizipen bilduma izango duzu.
Zerk sostengatzen du harremana? Zenbat aldiz joan zaitezkete pipak jatera elkarrekin? Eskiatzera elkarrekin? Lagunekin elkartera bazkaltzera? Nahi bezain beste bada, eta gustukoa bada, oreka polita egongo da hor.
Pentsamenduek bizitza propioa dute.
Baina erabakiak geuk hartzen ditugu.
Adibidez, nik aspaldian erabaki nuen arropa gehiago ez plantxatzea. Nere ahalmenen barruan dago? Ez dakit, ez dut jakin nahi ere. Nahi bezain beste aldiz egin ahalko nuke? Beharbada bai, baina ez dut nahi.
Beste batzuek txortan ez egitea erabakitzen dute. Baina euren bikotekideek ez.
Ez dut txortan egiten, baina ez dut nahi zuk beste batekin txortan egitea. Haserretzen naiz txortan egin nahi baduzu beste batekin, baina nirekin horri buruz ez hitz egin. Pornoa ikusten ari zara, nazka ematen didazu, ez dut zurekin txortan egingo.
Pornoa ikusten ari naiz zu bakean uzteko eta beste norbaitekin txortan ez egiteko, zu ez haserretzeko.
Txotx!
EGIN ZERBAIT HONEKIN, MESEDEZ. BAINA EGIN ONDO.
Ezin ditu baldintza guztiak bikoteko kide batek berak bakarrik jarri.
Negoziatu, trukatu, entzun, aldarrikatu, ulertu, adierazi, askatu.
Korapilo hori askatu. Leialtasunez. Ez menderatzez.
Zartaginean olioa nahiko bero dagoen jakiteko, patata-espioia botatzen dugu lehenik gure etxean. Jarri patata-espioi bat zuen harremanean.
Ez erabaki zure etorkizuna besteak zein aukera eskaintzen dizkizun benetan ondo jakin gabe.
Zerbitzutik kanpo bazaude, adierazi. Ezin dugu beti denerako egon.
Berdin da herriko alkatea, pertsona ospetsua, diruduna, ala auzotar xumea sentitzen zaren. Gure kontsultan denetarik dago eta egon da. •

Beñat Olea, euskararen inguruko bideo batetik etorri zaio arrakasta Instagramen

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria
«Woke» lubakiaren sakona erakutsi du Jane Fondak
