Intza taberna, 92 urtez pilatutako argi-ilunak arnasgune bat izaten segitzeko
1933an ireki zuten Intza taberna Paulina Garmendiak eta Juan Antonio Irulegik Donostiako Alde Zaharrean. 1936ko gerrak mina ekarri zuen; Irulegi fusilatu egin zuten eta Garmendiari baldintza gogorra jarri zioten tabernarekin segitzekotan, «Bar España» izena jartzea. Gaur, Intza da berriz. Betikoa, denak etxeko egiten dituena.

Donostiako Alde Zaharreko Esterlines kalean dago Intza taberna. Turistifikazioa dena irensten ari den honetan, garai batean Alde Zaharrak zeukan herri izaerari eusteko ahalegin konstante bat da Intza. Oasi bat basamortuan.
Ez da erraza eta ez da kasualitatea. Ahalegin horren atzean sufrimendu handia pilatu duen bidea dago. 1933ko San Sebastian bezperan jarri zuten martxan Paulina Garmendia eta Juan Antonio Irulegik. Haien ondorengoak dira oraintxe bertan lanean ari direnak, hirugarren eta laugarren belaunaldia, hain justu, Koldo eta Asier Astrain. Herentzian jaso dituzte hamaika errezeta eta sinesmen irmo bat: herritarrak zaintzen dituen biltokia da taberna.
1933ko urtarrileko egun hartatik, estuasun dezente pasatu dituzte Intzakoek. Dani Fano ilustratzaileak “Xabiroi” aldizkarian argitaratutako komiki batean bildu du tabernaren historia, “Intza, ez da munduan beste bat” izenburu argigarriarekin. Komiki horretako protagonistetako bat da Koro Solana Garmendia, urte askoan Intza tabernako nagusi izandakoa. Orain bere seme Koldo Astrain eta biloba Asier daude gidari. Bera egunero joaten da bazkaltzera tabernara, etxera. Koro Solana, Koldo Astrain eta Dani Fano eseri ditu Intza tabernako mahai batean, GAUR8k kontatzea merezi duen istorio bat entzuteko.
Paulina Garmendia eta Juan Antonio Irulegi senar-emazteek jarri zuten martxan Intza 1933ko urtarrilaren 19an. Urnietarra zen Garmendia, eta sukaldari bikaina, segituan lortu zuten bezeroak hurreratzea. Tabernak bazuen beste berezitasun nabarmen bat: euskarazko lehen irratia jartzen zuten bertan, eta euskaltzaleen bilgune ezaguna bihurtu zen.
1936ko gerra lehertu zenean, Juan Antoniok eta Paulinak ezin izan zuten ihes egin. Erreketeak agertu eta Juan Antonio atxilo eraman zuten eta taberna itxiarazi zieten. Paulina etxean geratu zen beren bi seme-alaba txikiekin. Jazarpen latza sufritu zuten emakumeak eta haurrek, goseak eta babesgabetasunak zeharkatuta. Juan Antonio Irulegi fusilatu egin zuten. Gaurdaino, gorpua ez da inon ageri. Paulina Garmendia alargun eta bi umeren kargu geratu zen, taberna ezin ireki eta ezin bizimodua aurrera atera. Gipuzkoako gobernadore zibilaren aurrera joan zen Garmendia, eta belauniko erregutu zion taberna berriz irekitzeko baimena emateko. Jatetxea irekitzen utzi zion, baina bi baldintza mingarri tarteko: Intzari “Bar España” izena jartzea eta eraikineko goiko bi solairuak “Circulo Carlista de San Sebastian” elkartearen esku uztea. Bada beste detaile gogor bat; eraikineko udal zerga guztiak tabernak ordaintzen zituen.

Garai hartan Paulina Garmendia bigarrenez ezkondua zen Ignacio Solanarekin, eta alabatxo bat zeukaten, Koro. «Guretzat, etxean, familian, beti izan da Intza taberna; inoiz ez da España izan». Koro Solana Garmendiak grina bereziz egiten du azpimarra, Intza izena aldarrikatuz eta aldarrikapen horren azpian dagoen istorioa eta sufrimendua ezin ezkutatuz. Bere seme Koldo Astrainek ere amorruz kontatzen du oraindik batzuek “España” esaten diotela. «Beti galdetzen diet ea badakiten ‘España’ horren azpian zer dagoen, oso arin esaten dutela. Guri mina egiten digu gure taberna ‘España’ zela entzuteak. Guk badakigu zergatik izan zen ‘España’, eta hori kontatu du komikiak. Pozik gaude horregatik».
Koro Solanak dioenez, «ni Intzan jaio nintzen, Intzan lan egin dut eta Intzan bizi naiz». Bera jaio zenean kanpoko errotuluan “Bar España” jartzen zuen arren, berak garbi dauka nongoa den.
«Ama Urnietako baserri batekoa zen. Oso-oso sukaldari ona zen. Igandeetan fabriketan lan egiten zuten emakume gazteak etortzen ziren tabernara kozinatzen ikastera. Jende pila bat elkartzen zen sukaldean nire amarekin ikasteko!». Sukaldaria zen Intza tabernaren tiradizoaren sekretuetako bat. Bestea, aurretik aipatu bezala, euskarazko irratia jartzen zutela. «Urte luzez izan dugu etxean irrati hura. Nire amak hobeto egiten zuen euskaraz gazteleraz baino, oso barruan zeukan bere hizkuntza. Ni txikiena naiz, ahizpa baino 11 urte gazteagoa, eta amak ezin izaten ninduen zaindu, beti tabernan lanean zegoelako. Tabernako lana gogorra da. Zaintzen ninduten neska gazteak soldaduekin elkartzen ziren eta nire amak hori ezin zuen jasan. Hortaz, sei urte nituela Hondarribiko barnetegi batera eraman ninduten. Horregatik, nire amak, asko kostatzen zitzaion arren, gazteleraz hitz egiten zidan. Hondarribiko barnetegian frantsesez egiten zidaten. Euskara ulertzen dut, baina hitz egitea kostatu egiten zait. Hori da nire pena».

Bezeroak aldatu ziren
Intza taberna izatetik “Bar España” izatera pasatu zen, derrigorrez, Esterlines kaleko taberna. Pentsatzekoa da bezero mota dezente aldatu zela. «Erabat aldatu zen, inguruko polizia guztiak hasi ziren etortzen. Izugarria zen. Eta hori gutxi ez, eta karlistak sartu zitzaizkion amari goiko solairuan. Berez gure etxea zen, baina haientzat hartu zuten. Eraikin osoko zergak gurasoek ordaintzen zituzten. Gogoratzen naiz zergen fakturak iristen ziren aldiro ama sutan jartzen zela, sekulako fakturak zirelako».
Sei urte zituela bidali zuten Hondarribira, eta opor garaian bueltatzen zen Donostiara, taberna ingurura. Uda sasoian bueltatzen zen Koro txikia etxera, eta maiz ez zuen aitarekin egoteko aukerarik izaten. «Franco Donostiara oporretan etortzen zen aldiro, jende mordoa sartzen zuten kartzelan, nire aita tartean». Tabernan tragoak hartzen zituen sarjentuak berak aurreratzen zion Ignacio Solanari bere patua: «Gaur lana dugu bihurriak biltzen. ’Azor’ badiara heldu da». Eta tragoa jarri zion tabernaria bera preso eramaten zuten ordu batzuk geroxeago. «Aita ohetik altxatzen zuten preso eramateko. Justu tabernan behar handiena zegoenean, uda zelako eta jende gehiago ibiltzen zelako, aita Ondarretako kartzelara eramaten zuten. Uda osoa bertan pasatzen zuen».
Intzakoek jasaten zuten jazarpenak bazituen beste forma batzuk. 1953ko azaroaren 23tik abenduaren 18ra bitartean, Donostiako Udalak 15 isun jarri zizkien arropa eskegitzeagatik. «Gurea jatetxe handia zen, bankete handiak ematen zituen amak. Mahai-zapiak eskegitzen zituen eta udaletxetik inoiz ez zioten bakerik ematen».
Gaurko tabernaren alboan, askoz handiagoa zen garai bateko Intza, bizpahiru jangela oso handirekin. «Amak lehia zuzena zeukan garai hartan Arzakekin. Arzak orduan ez zen orain dena, noski, banketeak ematen zituen, eta Intzak ere berdin. Borroka zen zeinek eman bankete gehiago».
Jangela handiak zituen Intzak, metro karratu asko. Bankete oso handiak ematen zituzten, musika eta guzti. «Sekulako banketeak ematen genituen eta jende askok lan egiten zuen bertan. Amak denetarik egiten zuen, etxean egindako chips patatak saltzen zituen. Ezkontzak genituenean, zerbitzari bereziak etortzen ziren. Izugarrizko mugimendua zegoen beti tabernan», gogoratu du Koro Solanak.
Etxean mimoz gordetzen du altxor bat: amaren errezeta liburua, eskuz idatzia. «Nik uste dut nire ahizpa Ixiarrek idatzi zituela errezetak. Londres hotelean goi mailako sukaldaritza ikastaroak antolatzen zituzten, puntako sukaldari frantsesak etortzen ziren klaseak ematera, eta ama bertara joaten zen, ikasteko sekulako gogoa zuelako. Oso azkarra zen ama, eta oso langilea».
Hamasei urte zituela hasi zen bera tabernan lanean. «Garbi neukan tabernan jarraitu nahi nuela, gustatu egiten zitzaidan giroa. Gogorra da tabernako lana, baina niri gustatu egiten zait. Semeari ere gustatu egiten zaio tabernako lana. Giroa, jendearekin etengabeko harremana izatea, batekin eta bestearekin hitz egitea... tabernan lagunez inguratuta egon gara beti, gure bezeroak gure lagunak direlako. Auzoan gertatzen zen guztiaz enteratzen nintzen ni, gauza onak eta txarrak. Bezeroak etorri eta beren gauzak kontatzen zizkidaten, beren bizitza kontatzen zidaten. Topaguneak dira tabernak, elkar zaintzeko tokiak. Guk horrela ulertzen dugu. Eguneroko bezero batek huts egiten badu, kezkatu egiten gara», esan du Solanak.
Ondo gogoan du ordu txikitan nola gerturatzen zen gauzaina, zalapartarik ez ateratzeko eskatzera. «Gauetan kartetan egiten zuten bezeroek tabernan, etxeetan ez zegoelako berogailurik eta epelago zeudelako tabernan».
1960ko hamarkadan Koro Solanak eta bere senar Luis Astrainek hartu zuten tabernaren martxa. Paulina Garmendia, depresio gogor batek jota, iluntasunean murgildu zen. 1982. urtea klabea izan zen; karlistak joan egin ziren -diru truk- eta Korok eta Luisek erabaki garrantzitsua hartu zuten: “Bar España” suntsitu eta berriz Intza izena jartzea beti Intza izan zenari.
«Senarra eta biok joan ginen tabernari izena aldatzera. Nire amak ez zuen nahi, oso ikaratuta zegoelako. Gobernu zibilera joan ginen tabernari izena aldatzeko eskatzera. Bitxia izan zen, Madrilen taberna oraindik Juan Antonio Irulegiren izenean zegoelako, amaren lehen senarraren izenean, fusilatu zutenarenean. Amaren izenean jarri genuen eta berriz Intza izena jarri genion. Kontatu genionean, ama oso-oso pozik jarri zen».

Paulina Garmendiaren azken urteak ilunak eta gogorrak izan ziren; eskizofrenia diagnostikatu zioten. «Hemen Okendo kalean zegoen psikiatra batengana eramaten genuen. Hark azaldu zigun bizikletaren kateari bezala gertatu zitzaiola amari, hainbeste buelta eta sufrimenduren ondoren, katea hautsi egin zela. Amaierako urteak gogorrak izan ziren, baina berriz ikusi zuen taberna Intza izenarekin, eta horrek poza eman zion».
Bere ondorengoek gogoratzen dutenez, nortasun handiko emakumea zen Paulina Garmendia, «emakume gogorra zen, jenio bizikoa. Eta eskerrak, bizitzak eman zizkion astinduen aurrean aurrera egiteko indarra bildu zuelako. Nire amaren oroitzapen oso-oso ona daukat. Erabakimen handiko emakumea zen, jakin-min berezikoa. Intza taberna gaur nola dagoen ikusiko balu, oso harro egongo litzateke».
Aldiz, Donostiako Alde Zaharra gaur ikusiko balu Paulina Garmendiak, pena hartuko lukeela uste du bere alabak. «Lehen herri bat zen Alde Zaharra, denok ezagutzen genuen elkar. Kalean nabilenean, oraindik kaso egiten didate. Bista ez daukat oso ondo eta batzuetan ez naiz konturatzen nor den, baina agurtu egiten naute eta nik agurtu egiten ditut, horrek poza ematen dit. Tristea da garai batean ginen herri hori desagertzen ari dela ikustea».
Intzaren istorioa, komikian
Koro Solanak kontatutako istorioa aparteko moduan jaso du Dani Fano marrazkilariak komiki batean. “Intza, ez da munduan beste bat” izeneko istorioa argitaratu zuen Xabiroi komiki-aldizkarian, eta orain Intza tabernan bertan lagunei banatzen diete komikia, tabernaren istorioa jasotzen duen argitalpena.
«Guk aurrekoen bidea jarraitu dugu, aurreko belaunaldiek erakutsi digutena. Eta tabernan ere ikusten da transmisio hori, lehen etortzen zirenen seme-alabak, bilobak, etortzen dira bertara», kontatu du Koldo Astrainek. Transmisioa barraren bi aldeetan. «Bezeroak etxean bezala sentitzea nahi dugu, hori da gure helburua». Intzan etxean bezala sentitzen direnetako bat da Dani Fano. Hortik, segur aski, komikiaren ideia. «Beste lan bat egiteko dokumentatzen ari nintzela topatu nuen Intzaren historia, euskarazko lehen irratsaio haien inguruko erreferentzia batzuekin. Koldori galdetu nion eta zerbait kontatzen hasi zitzaidan. Ni oso historiazalea eta Intzazalea naiz, eta zerbait egitea pentsatu nuen. Gu oso gaztetatik hasi ginen Intzara etortzen, gogoratzen dut Koro sukaldean. Orain, seme-alabak ditugunetik, ia larunbatero etortzen gara familian. Etxean bezala sentitzen gara. Eta horrela bota nion ideia Koldori; elkartuko gara eta kontatuko didazue amak eta biok Intzaren historia? Izan ere, zerbaitetarako banaiz sortzailea, gauza hauek egiteko da, kontatzea merezi duten istorioak kontatzeko eta protagonisten aurpegiak ikusteko. Hori opari bat da niretzat».
Jakin beharreko istorioak kontatu eta protagonistei aitortza egin. Ez da helburu makala. «Ez da kasualitatea taberna hau den bezalakoa izatea. Horretarako eutsi egin behar zaio, zure nortasuna mantentzeko eta nor izan nahi duzun eta zer egin nahi duzun garbi izateko. Eta hori beti ez da erraza. Intzak zerbait garbi baldin badauka, hori da: nor izan nahi duen eta zer egin nahi duen», iritzi dio Fanok.

«Xabiroi aldizkarian argitaratu zuen Danik tabernaren istorioa, eta asko gustatu zitzaigun. Jende asko etorri zaigu galdezka eta erabaki dugu aparte argitaratzea, bezeroen artean banatzeko». Arrakasta izan du komikiak eta jende asko gerturatu da eskean. Elkarrizketaren unean, beste sorta bat argitaratzeko eskatu berri zuten bi Astrainek.
Aurtengo San Sebastian bezperan 92 urte bete dira Intza taberna ireki zutenetik. Egunero bertara joaten direnak bere izenez agurtzen dituzten tokia da. Lehen Paulina eta Koro zeuden tokian daude orain Koldo eta Asier Astrain aita-semeak, hirugarren eta laugarren belaunaldiak. Etorkizunari begiratzen diotenean, martxan ikusten dute Intza. «Semeak sukaldaritza eta kudeaketarekin lotutako ikasketak egin ditu, eta bera ari da tabernaren martxa hartzen. Nik uste dut pixka baterako badugula Intza taberna», aurreikusi du Koldo Astrainek.
«Eta nik jarraituko dut etortzen. Horrelako oasiak behar ditugu Donostian, arnasguneak dira», amaitu du Dani Fanok.

Erreleboa Bizkaiko baserri ekologikoetan

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
