MOTO KLASIKOAK

Lasterketen beste aurpegia erakutsi digute Unai Arregik eta Aitor Olallak

Abiadura zirkuituetan dena ez da luxua eta distira. Maila nagusietatik kanpo, asko dira zaletasunak bultzatuta adrenalina horren bila dabiltzan pilotu amateurrak. Denbora eta diru asko bideratzen dute horretara, eta bizitza estilo bat bilakatzen da. Moto klasikoen mundura hurbildu gara Unai Arregi eta Aitor Olalla hernaniarren eskutik.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

Askotan nabarmendu ohi dugu Euskal Herrian daukagun kirolari eta kirolzale kopuru handia eta anitza, kasu gehienetan zaletasunak bultzatuta bere bizitza kirol jakin bati eskaintzea erabakitzen duena. Horixe da Unai Arregi eta Aitor Olalla hernaniarren kasua. Moto klasikoen lasterketetan murgilduta dabiltza biak azken urteotan, eta mundu hori ezagutu nahi izan dugu.

Unai eta Aitor 1990eko hamarkadako Honda CBR 600 zentimetro kubikoko motoekin lehiatzen dira. Hasieran Euskadiko Txapelketa izan zuten helburu, baina parte-hartzaile oso gutxi zirenez eta askotan zirkuitua Espainiako Txapelketa lehiatzen ari ziren pilotuekin partekatu behar zutenez, lizentzia atera eta Estatu mailako txapelketan ere izena eman zuten.

Aipatzen dutenez, kirol eta prestakuntza maila askoz altuagoa da Espainiako Txapelketan, erabiltzen dituzten motoen ezaugarriak ere apur bat desberdinak dira, eta 2025ean impasse moduko bat egitea erabaki dute. Aitorrek eroriko gogor bat izan zuen iaz -hatz bat hautsi zuen eta bost hilabetez egon zen bajan, denboraldi guztia galduz-, eta Unai ere arazo fisiko batzuekin dabilenez, aurten motoak behar bezala prestatu eta entrenamenduak egingo dituzte, 2026an lehiaketari berme handiagoarekin heltzeko.

Banandutako bideak, elkartu

Moto klasikoen mundura nola iritsi ziren galdetuz ekin diogu solasaldiari, eta ezusteko txikiz osatutako bi motozaleren istorio bat kontatu digute. Txikitako lagunak izan, bideak banandu, eta moto zaletasunak berriz nola elkartu zituen.

«Ni moto txikiekin hasi nintzen, bai gidatzen eta baita garajean lardaskatzen ere. Gero eta moto handiagoekin gero, eta 2005ean zirkuituetan hasi nintzen», ekin dio bere hasierak oroitzeari Aitorrek. «‘Zona Norte’-ko 1.000zk-ko txapelketan hartu nuen parte. Asturiaseko talde batek proba batzuk egin zizkidan eta fitxatu egin ninduen. Laugarren amaitu nuela uste dut. Baina dena nik egin behar izan nuen. Diru asko zen, ordu pila bat, motoa ere zaila zen... Urte bukaeran motoa mekanikari batengana eraman nuen eta esan zidan, nire emaitzak eta motoan egindako lana ikusita, 2012an lagunduko zidala. Baina urte hartan etxe bat tokatu zitzaidan eta dena bertan behera gelditu zen», oroitu du.

Bien bitartean, Unai ere bere moto zaletasuna -«50eko moto txiki horiekin hasi ginen, eta gero, lanean hasi eta diru pixka bat edukitakoan, ba gero eta moto handiagoekin»- beste bide batetik garatzen joan zen. «Lehen beste garai batzuk ziren. Errepidean ibiltzen ginen ia zirkuitu batean bageunde bezala. Istripuren bat ere izan zen eta esan genuen ‘aizue, hobe dugu zirkuituan ibili’. Eta 2007 inguruan zirkuituan ibiltzen hasi nintzen. Ez ziren lasterketak, guk ‘tandak’ deitzen diegu, entrenamendu modukoak ziren. Gaur egun ibiltzen dudan motoarekin hasi nintzen, CBR batekin. Gero modernoagoak erosten joan nintzen, baina une batean saltsa galtzen ari zen. Azkenean, moto modernoak gero eta garestiagoak ziren, eta gauza eskuetatik ihes egiten ari zela ikusi nuen. Konturatu nintzen hasierako moto harekin oso ongi pasatzen nuela. Eta behin Rafa Urangarekin aurkitu nintzen. Mutrikuarra da, hernaniar batekin ezkonduta dago, Euskadiko Federazioko delegatua da eta moto klasikoetan lehiatzen du. Animatzeko esan zidan, eta hark sartu ninduen».

Eta une hartan, beste kasualitate -edo kausalitate- bat iritsi zen. «Behin nire amak esan zidan Aitorrekin topo egin zuela eta kontatu ziola moto lasterketetan ibilia zela. Nik ez nekien. Txikitan lagunak ginen, baina gero elkarri pista galdu genion. Eta Hernani ez denez New York, topo egin genuen egun batean eskatu nion ea lagunduko zidan mekanikarekin, txapelketetan hasi behar nuelako». Aitorren erantzuna imajina dezakezue. «Mekanikari lanetan lagunduko niola esan nion, baina azkenean berotu eta ni ere korritzen hasi nintzen», baieztatu du barrezka.

Bi pilotuak lasterketa batean. Aurrean, 135 zenbakiarekin, Aitor; atzean, 182arekin, Unai.

Eboluzio eta arau desberdinak

Baina pilotu erabat amateurra izanda horrelako txapelketetan parte hartzea zailtasunez betetako abentura bat da. Gogo handia behar da, eta nahiko burugogorra izan. Duela bost urte izan zuten hasiera, horren adibide: «2020an eman nuen izena eta aurreneko lasterketa martxoaren 20an zen. Jaramara jaitsi behar genuen eta nik dena prest neukan. Baina justu pandemia iritsi zen eta dena bertan behera geratu zen», gogoratu du Unaik.

Hori bai, Aitorren kasuan, itxialdiak bere alde ona ere izan zuen. «CBR bat erosi zuen ikusi ere egin gabe. Mezularitza bidez bidali zioten eta pandemia hortxe pasa zuen, motoan lardaskatzen», aurreratu du barrezka Unaik. «Oso gaizki zegoen eta hura txukuntzen ibili nintzen itxialdi osoan. Garajea behean daukadanez, andrea eta alaba lokartzen zirenean, gauetan ni garajera joaten nintzen», jarraitu dio Aitorrek.

«Euskadiko Txapelketarekin hasi ginen, Espainiakoa oso urrun ikusten genuelako. Denborak begiratu eta maila oso altua zegoela ikusten genuen. Baina lehiaketetan parte hartzen hasi ginenean konturatu ginen, Euskadikoan parrillan oso pilotu gutxi ginenez, Espainiako Txapelketakoekin jartzen gintuztela. Azkenean lehiaketa pribatuak dira, eta asteburuan zirkuitua alokatzen duen enpresak nahi duena da ahalik eta jende gehien biltzea. Hamar pilotuko lasterketa bat ez zaio interesatzen. Espainiako Txapelketakoekin borrokan ibiltzekotan, lizentzia ateratzea erabaki genuen. Eta ‘ez gara horren onak’ pentsatzetik ‘ez gara horren txarrak’ pentsatzera igaro ginen. Pixkanaka lasterketak egiten joan ginen, maila hobetzen, motoak ere hobeto prestatzen...», kontatu du Unaik.

Kontua da aipatutako lehiaketa guztietan CBR motoekin korritzen dela, baina modelo horren barruan ere eboluzio desberdinak daudela, eta horrek eragin nabarmena duela denboretan. «CBR motoen barruan eboluzio desberdinak daude. Zenbat eta modernoagoa, orduan eta potentzia handiagoa. Bat 1989koa da, hori kategoria bat da. Beste bat 1992koa da. Eta hirugarren bat 1998koa. Zer gertatzen da? Kataluniako Txapelketan 1989an dagoela muga, Euskadikoan 1992an, eta Espainiakoan 1998an. Gu 1992koarekin joaten gara 1998koen aurka lehiatzera, eta haiek 15-20 zaldi gehiago dituzte. Ondo prestatuta gaude, zuzenguneetan agian jarraitu diezaiekegu, baina aurreratzea oso zaila da», azaldu du Unai Arregik.

Horregatik, beste urrats bat egitea erabaki dute: 1998ko motoak erostea hurrengo urtera begira Espainiako Txapelketan lehiakorragoak izateko. «Aurten erabaki dugu txapelketetan ez dugula parte hartuko. Aitorrek erorikoa izan zuen, nik ere arazo fisiko batzuk izan ditut, eta, poltsikoa apur bat betetzeko ere ongi etorriko zaigunez, pentsatu dugu entrenamenduak egingo ditugula, motoa prestatzeko eta datorren urtera begira lehiakorrak izateko. 2026an Espainiako Txapelketan parte hartu nahi dugu, benetan ikusi ea non gauden».

Abiadura maite dute bi hernaniarrek, baina mototik jaisten direnean izaten duten lagun giroa ere asko baloratzen dute.

Hasiberriak, orain beterano

Baina urte bereko motoen artean ere, prestaketa lanak izugarrizko garrantzia du azken emaitzetan, are gehiago klasikoen kasuan. Piezak lortu, haiek ongi jarri, arazo mekanikoak konpondu... Lana -eta gastua- ez da inoiz amaitzen, eta gure bikoteak bere kabuz egiten du ia guztia, babes ofizialik gabe eta behar denean lagunei laguntza eskatuz.

Hitz gutxitan deskribatu du egoera Unaik: «Motoa hondorik gabeko putzua da, beti dago zerbait hobetu daitekeena». Eta Aitorrek bere esperientzia aipatu du: «2011n motoa Tecnomotora eramaten nuen. Elektronika zeukan eta bakarrik ezin nuen. Baina orain dena egin behar izaten dugu. Batzuetan lagun mekanikariei deitu, galdetu, haiek esaten dizutena probatu... Hiru urtean master bat egin dugu eta pasatu gara hasiberriak izatetik adituak izatera. Motoak asko hobetu ditugu eta orain guri galdetzen digute besteek. 1998ko motoren bat ere aurreratzen dugu. ‘Zer egin diozue moto horri?’ galdetzen digute. ‘Asko maitatu eta diru asko sartu’», dio.

«Ikasten joaten zara», dio Unaik. Ordezko piezak lortzeko, adibidez. «Moto osoak erosten ditugu. Konturatu gara hobe dela. Salgai daukan norbaitek esaten dizu, ‘10 urte daramatza hemen geldi’. Azkenean moto osoa errepasatu behar duzu, beraz, hobeto ateratzen da. Imajinatu zer garaje ditugun. Diogenes sindromea dugula ematen du. Nik sei CBR horietako ditut: piezetarako dela, lehiaketarako dela, zaharragoa, berriagoa... Bikoteek jada ez digute galdetu ere egiten. Erremolkea ere bai... Beti mesedeak eskatzen jendeari».

Eta espiral moduko bat ere sortzen omen da: «Zenbat eta gorago, orduan eta gastu handiagoa. Hasieran pneumatikoak gutxi gorabehera begiratu eta ongi samar baldin bazeuden horrelaxe irteten zinen. Gora egin ahala, lasterketa bakoitzean pneumatiko berriak jartzen hasten zara, eta hori dirua da. Ez dira lasterketa asko, bost edo sei izan daitezke urtean, baina... Ezin duzu edozein moduz ibili. Pastillak ezin du erdi-gastatuta egon, pneumatikoak ezin du erdizka egon. Gertatu izan zait pneumatikoak gaizki ez zeudelakoan atera eta erorikoa izatea», dio Unaik.

«Hasi ginenetik denborak pila bat hobetu ditugu, sei segundo inguru itzuliko. Eta horrek exijitzen dizu motoak puntu-puntuan egon behar duela. Motoan burua garbi eduki behar duzu, jakin pneumatikoak ongi dituzula, pastillak ongi dituzula. Konfiantza eduki behar duzu, zalantzarik gabe pilotatu. Espainiako Txapelketan jendea azkar ibiltzen da», gehitu du Aitor Olallak.

Lagun giroan

Hala ere, eta oztopoak oztopo, lasterketetara joaten diren asteburu horietan izaten dituzten bizipenek aurrez izandako zailtasunei zentzua ematen diete. «Lehen urtean, lasterketa geneukan hilabetean, aurrez ‘tanda’ bat egitera joaten ginen beste asteburu batean. Baina konturatu ginen hobe zela asteburua luzatu eta ostiralean entrenamenduak egitea eta larunbatean lasterketa. Asteburu horretan sartuago bezala zaude. Ostegunetik joaten gara igandera arte. Furgonetan lo egin, lagunartean...», goraipatu du Aitorrek.

Eta iaz, bera lesionatuta egon arren, besteei laguntzen gozatu egin omen zuen. «Azkenean saltsan sartuta zaude, kanpotik ikusten ere ongi pasatzen dut, eta inguruko guztia da. Niri bi arloak gustatzen zaizkit, pilotatzea eta motoa prestatzea, eta mekanika horretan zentratu naiz. Patinete elektriko batean ibiltzen nintzen atzera eta aurrera, aholkuak eman, aurkariak aztertu, motoan zer hobetu daitekeen ikusi...», gaineratu du.

Solasaldia oso interesgarri doa, baina gehiegi luzatu aurretik amaitzea erabaki dugu -«guk Valentziarainoko bidea egin dezakegu motoez berriketan», ohartarazi digute protagonistek umoretsu-. Eskertzen diegu azalpenak eman eta mundu berri bat deskubritzen lagundu izana.