Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Oinherri eta Hiritik at, hirigintza sozialagoak probatzen

Gure herrietako espazioek badute zeresana heziketan. Egokituak al daude? Nolako ekipamenduak behar ditugu? Elkarrekin diseinatuz ez ote ditugu espazio atseginagoak sortuko? Bost herriren proiektu parte-hartzaileak ezagutu ditugu Oinherri eta Hiritik At-en herrien arteko foroan.

Lezoko gaztetxoak, plazan bertan nolako espazioa irudikatzen duten marrazten, parte-hartze prozesuaren barnean.
Lezoko gaztetxoak, plazan bertan nolako espazioa irudikatzen duten marrazten, parte-hartze prozesuaren barnean. (LEZOKO UDALA)

Oinherri eta Hiritik At 2021ean hasi ziren elkarlanean hirigintza hezitzailea bultzatzen. Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik egiteko liburuxkak sortu zituzten, eta teoria praktikara eraman zuten gero. Bost herrik bere egitasmo parte-hartzailea aurkeztu dute berriki foro batean. Errealitate eta proiektu hagitz ezberdinak deskubritzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera ederra izan da.

Donostiako Tabakalerako txoko ireki batean bildu dira partaideak. Elkar ezagutzeko, izena eta herria errateaz gain, espazio publikoko zein elementurekin identifikatzen den azaldu du bakoitzak. Belarra, iturria, plaza, zuhaitza, bankua, lorategia, trenbide zaharra... halako ideiak eman dituzte Orio, Arrigorriaga, Itziar, Bera, Bergara, Zaldibia edota Asteasuko herritarrek, Oinherriko kideak denak.

Sopela: Aurrekontu parte-hartzaileak

Proiektua partekatu duen lehen herria Sopela izan da. Udal aurrekontuaren atal bat herritarrekin erabaki dute, beren iritzia zuzenean ezagutuz eta gauzatuz, Aztikerren laguntzarekin. «Gardentasun ariketa bat izan da», laburbildu du Guruzne Carrasson alkateak. Erantsi du ordezkari politiko guztiek babestu dutela prozesua eta adostasun hori garrantzitsua izan dela aitzinera egiteko. Bederatzi urtetik gorako herritarrek proposatu eta bozkatu dute; are gehiago, botoen erdia gazteena izan da. Guztira 576 ideia jaso dituzte. Horiek sailkatu eta filtratu ondotik, 23 proposamenekin gelditu dira. Filtroak aurretik ezarriak zituzten, objektiboak izateko.

200.000 euroko aurrekontu partida bat gorde zuten, eta pozarren daude aurrera atera diren sei proiektuek zehatz-mehatz betetzen dutelako kopuru hori. Bozketa «oso arrakastatsua» izan da, alkateak baieztatu duenez, eta egitasmorik bozkatuenak gazteenak izan dira: eskolaren ondoan iturri bat jartzea, argiteria berritzea, gaztelekua eta parkea hobetzea eta bidegorria sortzea. Soilik zuhaitzen planean gailendu dira helduen botoak.

«Emaitzak aztertuta, argi geratu zaigu gazte zein nerabeek hirigintzan eragiteko duten nahia. Gazteak eta umeak entzun behar ditugu», nabarmendu du Carrassonek. Prozesu honetatik informazio ugari atera dute. Hobetzekoen artean aipatu du tailer irekiak egin dituzten arren, ez dituztela materiala eta komunikazioa gazteentzat moldatu. Funtzionatu dutenak ikastetxeetan egindako lanketa eta zuzeneko komunikazioa izan dira.

Markinarrak kaleak denonak izateko herriko prozesuan lanean. MARKINAKO UDALA

Lezo: Parkeen eraldaketa prozesua

Iker Salaberria zinegotziak Lezon egin duten parkeen eraldaketa prozesuaren berri eman du. Datu bitxi bat: 6.000 biztanleko herria izateko, parke mordoa dute. 21 identifikatu zituzten eta proiektua garatzen ari ziren bitartean 22.a sortu zen. Zortzi hautatu zituzten eta ikastetxeetako haurrekin ibilbideak egin zituzten. Tokian bertan marraztu zituzten irudikatzen zituzten guneak.

«Aniztasuna bilatu dugu, estilo eta toki diferenteak. Auzoei bizia emateko modu bat da parke mota bat bertan kokatzea, hala, gustuko dutenak bertara joango dira», azaldu du Salaberriak.

Kontatu du Lezon ez dela aspaldian futboleko aterik egon. Baina herriko espazio dezente erabiltzen dira futbolean jolasteko, bi jertserekin ateak osatuz. «Barne eztabaida sortu zitzaigun: futbolari toki gehiago eman behar diogu ala ez? Hiritik Atekoek eman ziguten erantzuna: eskaera orokorra da eta kirola ona da balioak sustatzeko. Agian, ez diogu eman behar leku zentral bat». Hala diseinatu dute espazio bat, alde batean kirol ezberdinak egiteko kantxa bat duena.

Bi urrats eginen dituzte orain: Euskal Herria parkea estaltzea eta Zubitxo erreka ingurua egokitzea. Erdigunean dago erreka hori eta umeek hankak freskatzeko erabiltzen dute. Uholdeak sortu izan direnez, Ura Agentziarekin moldatzeko aukera dute. Hori aprobetxatuko dute eremua gehiago naturalizatzeko eta hobetzeko.

Ondorio gisa, zinegotziak erran du herri eskaeratik abiatu direla eta adituen kanpo aholkularitza izan dutela lagun. Ikuspegi orokorretik zehatzera egin dute, eta parke artifizialak eta naturalak, denak sartu dituzte proiektuan. Hobetzekoen artean, gidaritza teknikoa izan dute faltan eta parte hartze prozesuak konpasatu beharra sumatu dute, eragileak ez itotzeko.

Gehiago ere bai: «Parte hartze prozesu batean inportantea da dauden aukerak ezagutzea eta ikuspegia zabaltzea. Guri gertatu zaigu tirolina eskatzea, jada badugun arren. Gainera, tirolinan ez dago interakziorik».

Hainbat herritako kideak Donostiako Tabakaleran egindako foroan. Gorka RUBIO | FOKU

Elgoibar: Sallobenteko berdegunea

Aitor Iriondo zinegotziak eta Naiara Martin Kukulaisi aisialdirako topaguneko lehendakariak Elgoibarko Sallobenteko berdegunearen proiektua ekarri dute. Martinek oroitu du Kukulaisik eta Atxutxiamaika aisi hezitzaileak egitasmo bat egin zutela Batxilergoko lehen mailako ikasleekin. Gazteek berdegune baten beharra adierazi zuten.

Izan ere, Lezokoarekin alderatuta, hagitz bertzelako egoera dute Deba Beheko herrian. «Herrigunea urbanizatua dugu eta zaila da berdegune naturalak sortzea. Sallobentekoa bada gune bat, oinez ordu erdira egon arren, irisgarria dena eta erabiltzera ohituta gaudena», azaldu du Kukulaisikoak.

Iriondok oroitu du aurretik bazutela hezkuntza mahai bat, hezkuntza formala, ez-formala eta Udala barne hartzen zituena. Horrek lanak erraztu ditu. Atxutxiamaikak eta Kukulaisik eraman dute aurrera diseinuaren parte-hartze prozesua, ikasleekin eta jubilatuen elkartearekin harremanetan, besteak beste. Halaber, zenbait adituk egin dute lurraren eta egitasmoaren azterketa; GaraiOn Sorginguneak, Kutxa Ekoguneak eta Maïa Permaculturek, hain zuzen. Herriko eragile batzuekin egin zuten lehen topaketa tokian bertan, eta hurbil bizi diren bizilagunen ekarpenak jaso zituzten.

Zinegotziak zehaztu duenez, erabilera publikoa du berdegune honek, baina jabetza pribatukoa da eta oinarrietara bueltatzeko moduko esku hartzea egiteko baldintza jarri zuen jabeak. Horrek baldintzatu ditu pixka bat.

Herri eskolak proiektu gisa garatu du berdegunea, curriculumean txertatuta. Ikastetxe bakoitzak bere proposamenak egin ditu eta ludotekan erabaki da, denen artean, diseinua.

«Herritartasuna lantzeko baliagarria izan da. Umeak ere herritarrak dira eta toki hori eman zaie. Hirigintza irisgarriagoa egitea ere lortu dugu: ‘Aukera duzu zure herrian zer behar duzun esateko. Gainera, kasu egingo dizugu’. Jolasteko eta harremantzeko toki natural bat diseinatu dugu», baloratu dute.

«Beste prozesu batzuetan parte hartzen ez duten familiak gerturatu dira. Parte hartzen duzunean, zeureago sentitzen duzu herria». Inaugurazioan, elkarrekin joan ziren espaziora eta haurrek lana nola egin zuten azaldu zieten helduei. «Ederra izan zen».

Atera duten ikasgaietako bat da garrantzia eman behar zaiola komunikazioari eta prozesua jaso behar dela.

Lezoko haurrak parke batera bidean, lanerako materiala eskuetan. LEZOKO UDALA

Markina-Xemein: Kaleak denONAK

Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkatea eta Ianire de Andres arkitektoa ez dira proiektu bakarra azaltzera etorri, baina izenburuak biltzen ditu denak: “Kaleak denONAK”, denontzat badira, onak direlako. 3.900 ibilgailu pasatzen dira egunero herritik, horietatik %8,7 astunak. Baina saihesbidea egiten ari da Aldundia eta horrek itxaropen argi bat piztu die. Trafikoa berrantolatzeak herri osoa eralda dezake eta, aukera hori baliatuz, genero ikuspuntua, zaintza eta hezkidetza zehar-lerro gisa hartuta, ekin zioten lanari.

«Ez dago aparkatzeko arazorik. Hortaz, ohitura handia dago herri barruan kotxez mugitzeko, distantzia laburrak izan arren. Hori apurtu behar genuen, autoz mugitzeko zailtasunak jarriz», agertu du alkateak. Erantsi duenez, “Debekatuta jolastea” kartelez josia dago herria, eta horrek ere lanketa bat eskatzen du.

Bi prozesu paralelo uztartu dituzte: Umeen eta Gaztetxoen Kontseilua martxan jartzea, eta espazioen diagnostikoa (kaleak denONAK) egiteko prozesua. Emakume migratuen ahalduntze tailerrak ere txertatu dituzte proiektuan, eta aberasgarria izan da.

Umeei dagokienez, «ez dakite» esaten dute batzuek. «Baina ederki dakite, eta enpatia handia dute», azpimarratu du kontseiluan lanean aritu den De Andresek. Gauza ukigarriez aritzeak laguntzen du partaidetza prozesuak abiatzen, eta Zabala plazako garajeetan arazoak zituztenez, berehalako esku hartze bat egin dute.

«Bizikidetza arazo bat zegoen. Askok ez dute nahi parkerik ondoan, ezta umerik jolasean ere. Jolasa zaratarekin lotzen dute batzuek. Parte-hartze berezia egin dugu, saio berean batu ditugulako helduak eta haurrak. Heldu batzuek ez dute hori ondo ikusi eta gazi-gozoa izan da guretzat. Baina umeek ez diote halako garrantzirik eman horri: ‘Batzuek ez dute jarrera egokia izan ez gurekin ez gainerakoekin, baina gutxi batzuk izan dira. Gu gustura aritu gara parte hartzen eta berriro joan nahi dugu’, esan digute. Begirada horrek esperantza piztu digu», adierazi du Lasak.

«Haurrak herritarrak dira. Kontzientzia hori piztu behar dugu ume eta helduengan. Lan handia gelditzen da oraindik». Alde horretatik, proiektu pedagogikoa bultzatu dute.

Iker Salaberria Lezoko zinegotzia egitasmoa azaltzen. Gorka RUBIO | FOKU

Azpeitia: Alde Zaharreko Topagunea

Ander Larrañaga zinegotziak eta Edurne Korta Hezkuntza teknikariak eman dute hirigintza sozialago bat bilatuz Azpeitian egiten ari diren proiektuaren berri. Alde Zaharra terrazaz josia dago, kontsumo eredu bati lotuta. Bada umeen gune bat ere, baina bien artean espazio huts bat dago, banku eta itzal gutxirekin, Done Jakue kaleko plazatxoan. Bertako Gernikako Arbola erori zenean, herritarrekin batera topagune bat sortzea erabaki zuten.

«Zein eragile genituen begiratu, eta gu geu joan gara taldeetara. Haurrak, gazteak, zaurgarriak, aniztasun funtzionala dutenak, emakume migratuak izan ditugu lehentasun», kontatu dute. Ahotsa eman nahi izan diete ohiko esparruetan entzuten ez diren pertsonei. «Beraiek oso eskertuta agertu dira eta guk haien lan egiteko moduak ezagutu ditugu». Jasotakoarekin zirriborro bat egin dute eta ohartu dira ez dela eraldaketa handirik behar: aterpea, gune segurua, aparkaleku batzuk kentzea eta plaza zabaltzea. Funtzionatu duena lantaldea ongi definitzea eta sistematizatzea izan da; kronograma bat osatu eta fideltasuna bermatzea; eta beharretatik abiatzea, ez nahietatik. «Aldaketa ikusgarririk ez da izango; prozesua bera da inportantea», laburbildu dute.