Eskutik heldu
Postalak idatzi izan genizkion elkarri, urtetan, gabonak zoriontzeko. Bere ahotik ikasi genuen “Ran Rober Ran”, eta bazkalondoan berari kontatzen genion “makaloiak” jan genituela, edo soinean genituen panazko galtzak arrosa “fukkksia” kolorekoak zirela. Berak banatzen zigun behi esnea hamaiketako garaian, eta berarekin margotu genuen Pintto erraldoi hura.
Etxeko habiatik lehenengoz irten, eta egunero beste habia bat goxatzen zuen guretzat andereño Mirarik, gure haurtzaroko lehen irakasleak. Eskutik heltzen zigun gure munduratzean emandako pauso txikietan balantza eginez gero; malkoak xukatzen, belaunak urratuta beregana jotzen genuenean. Bera dago nire memoriaren oroitzapen zaharrenetako batzuetan, nahiz eta, paradoxikoki, bere oroitzapenek aspaldi hartu zuten lo.
Gerora, ez dakit zenbat irakaslek elikatu ote dituzten nire oroitzapenak, zenbat bidelagun izan ote ditudan bizitzaren plazara ateratzeko entrenamendu horretan; batzuk besteak baino gustukoago, batzuk besteak baino habiago.
Eskolaratzearekin batera, haurren bizitza-zatiek ihes egiten dute gurasoen kontrolpetik, eta hori pasatu beharreko dolu bat da. Beste bat. Horregatik estimatzen ditut hainbeste nire erraietako haurrei halako goxotasun, bokazio eta gertutasunez akonpainamendua egiten dieten profesionalak; gure begiak eta belarriak.
Eta horregatik da halako izugarrikeria, halako ankerkeria eta basakeria, haur xalo bat irakasle abusatzaile batek eskatutako isiltasunaren hari fin baina luzearen gainean funanbulistarena egiten aritu behar izatea, ez erortzeko hark eskutik helduko diola pentsatuz. Inork ez du merezi halako oroitzapenak pilatzerik; ezta abusatzaile nazkagarri baten memoriak ere. •

Beñat Olea, euskararen inguruko bideo batetik etorri zaio arrakasta Instagramen

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria
«Woke» lubakiaren sakona erakutsi du Jane Fondak
