EMAKUMEAK ZIENTZIARA TENTATZEKO AHALEGIN ETENGABEA
Badira hamar urte UPV-EHUko Donostiako Informatika Fakultateko e-makumeak taldearen eta GAUR8ren bideak txirikordatu zirela. Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten presentziarekin kezkatuta dago e-makumeak, eta hilero ekartzen du GAUR8ra adituen ekarpena. Zientzia emakumeena ere badelako.

Martxoaren 8aren bueltan, dena bihurtzen da more koloreko. Batzuetan fatxadako pintura baino ez da, egun pare bat “tapatzeko” baino balio ez duena. Ez da e-makumeak taldearen kasua. UPV-EHUko Donostiako Informatika Fakultatean sortu zen 2000. urtean, kezka bat akuilu: fakultatera gero eta neska gutxiago gerturatzen ziren. Geroztik, etengabeko ahaleginean ari dira jendarteari mezua helarazteko: Informatikako ikasketetan eta zientzian orokorrean bada emakumeentzako tokia.
Horretarako, hiru norabidetan banatu dute erronka: lehena, informatikaren historian ezagun izan diren emakume informatikarien erreferentziak biltzea. Bigarrena, emakumeek informatikaren irakaskuntzan eta lan-esparruan duten presentzia aztertzeko, analisi estatistikoak eta kuantitatiboak egitea. Eta hirugarrena, informatikari buruzko ikasketak aukeratzeko unean, neskek aurkitzen dituzten oztopoak ezagutzeko asmoz, azterketa kualitatiboak egitea.
«Uste dugu informatikariaren inguruan estereotipo maskulino bat sortu dela gizarte mailan, lanean modu isolatuan eta zeregin ilunen batean ari den gizonezko zuri, betaurrekodun eta bakartiaren irudia. Estereotipo hori informatikarien lan-esparru errealetik oso urruti dago, eta neskentzat ez da batere erakargarria. Neskek informatika zer den hobeto ezagutuko balute eta eguneroko jardunean informatikariek zer-nolako erronkei aurre egiten dieten jakingo balute, gure ikasketetara errazago gerturatuko liratekeela uste dugu. Garai batean horrela izan zen, informatikako ikasketak sortu zirenean, neskak eta mutilak kopuru berdintsuetan sartzen ziren», nabarmendu dute taldetik.
Datua argigarria da. Garai batean Informatikako fakultatean %50 ingurukoa zen emakumeen presentzia. 2000. urtearen bueltan, %18ra jaitsita zegoen kopurua. «Mundu mailako gertaera izan zen. Zerikusia izan dezake Informatika ingeniaritza bihurtu izanarekin, informatikaria zer den ulertzen denarekin eta horren inguruan eraiki den estereotipoarekin», iritzi diote.
Bide horretan abiatuta zegoen e-makumeak taldea 2014. urtean GAUR8rekin topatu zenerako. Hortaz, estereotipoak deseraikitzeko eta emakumeak zientziara gerturatzeko erronka horretan, astekariaren orrialdeetan topatu dute beste espazio bat azken hamar urteotan. Hilabetean behin, e-makumeak taldeko irakasle eta ikerlariek gaurkotasun beteko gaiak modu pedagogikoan eta argian ekartzen dituzte GAUR8ren Teknologia izeneko txokora. Elkarlanaren ondorioa euskaraz adituek idatzitako aparteko erreportaje sorta bat da, informatikaren aurpegi oso desberdinak eta oso gaurkoak biltzen dituena.
Aurten, txartelak eta bideoak
Urtez urte, martxoaren 8aren inguruan, era batera edo bestera saiatu dira e-makumeak taldetik GAUR8n egindako ekarpenari zabalkundea ematen. Elkarlanean argitaratu dituzte lau bilduma paperean: 2014-2015, 2016-2017, 2018-2019, 2020-2021. Azken urteetan argitalpen digitalak egin dituzte, eta aurten beste urrats bat gehiago egin dute dibulgazioa ahalik eraginkorrena izan dadin.
Martxoaren 8aren bueltan, fakultateko ikasgeletako ateetan marrazkiz eta QR kodez atondutako marrazkiak paratu dituzte, bakoitza galdera batekin: “Adinekoen zaintzan nola lagun gaitzake teknologiak?”, “Teknologiak lagun gaitzake elikagaiak modu arduratsuagoan kontsumitzen?”, “Humanitateetan eta gizarte-zientzietan euskaraz ikertzeko azpiegiturek zertan lagun gaitzakete?”, “Pentsaera konputazionalarekin trebatzeak zein gaitasun garatzen laguntzen die haur eta gazteei?”, “Nola lagun dezake Adimen Artifizialak emakumeen eta nesken kontrako indarkeria-zantzuak aurkitzen?”. Era horretako galderak dira ikasleen jakin-mina piztu nahi dutenak, eta QR kodearen bitartez, galderaren erantzuna jasotzen duen GAUR8ko testura irits daitezke. Horrez gain, 2024. urtean zehar GAUR8n argitaratutako bost artikuluren bideo bana ere sortu dute, sare sozialetan zabaltzeko. Egunotan ikusgai izango dira sareetan bideo horiek.
Emakumeak zientziara erakartzeko ahalegin etengabea da e-makumeak taldeak egiten duena, urteko egun guztietan. Estereotipoak birrintzea ez da erraza, harri gogorrez daude eginak. Horiek haustea eta emakumeak Informatika fakultatera erakartzea obsesio bihurtu zaie. Informatika bizitzako eremu guztietan beharrezkoa dela eta bizitza bizigarriagoak egiteko tresna baliagarria dela nabarmendu dute irakasle eta ikerlariek. Eta ideia hori zabaldu nahian jarraituko dute lanean aurrera begira ere.

Beñat Olea, euskararen inguruko bideo batetik etorri zaio arrakasta Instagramen

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

Josefa Albisu, martxoak 8 batean gizonak menderatu zituen emakume pilotaria
«Woke» lubakiaren sakona erakutsi du Jane Fondak
