Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Gaixotasuna negozio, Sagardui aberats

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak sektore pribatura jauzi egin zuen urtarrilean. COVID-19aren pandemian hartutako neurrien arduradun nagusietakoa izan zenak, kargua utzi eta sei hilabete eskas igarota, Gasteizko Vithas San Jose klinikako zuzendari mediku postua lortu du. Tratamenduaren zain itxaron zerrendetan dauden guztien partez, lan-baldintzen etengabeko okertzea bizi duten osasun langileen partez eta Osakidetzaren pribatizazioaz kezkatuta gauden herritar guztien partez: zorionak zure soldata igoeragatik, Gotzone!

Sagarduiren enplegatzaile berria, Vithas, Goodgrower inbertsio taldearen parte da. Talde horrek osasun pribatuan duen presentzia etengabe hazi da azken urteotan. 2012an sortu zenetik, 20 ospitaleren eta 39 osasun-zentroren jabe egin da, eta milioika pazienteri zerbitzua eskaintzen die. Vithas-en hazkundea ez da kasualitatea, baizik eta, Gobernu-kontratuak eta aseguru-etxeekin egindako akordioak baliatuz, sektore publikoarekin harreman estua bermatu duen negozio-estrategiaren emaitza.

Goodgrowerren negozio-eredua argia da: gaixotasuna etekin ekonomiko iturri gisa ulertzen dute eta, osasungintza publikoaren ahultzea baliatuz, diru-sarrerak maximizatzea dute helburu. Hori guztia, betiere, instituzioen laguntzarekin, osasungintza publikoa deuseztatzeko dirulaguntza eta abantaila publiko ugari jasoz. Are gehiago, ez dute ezta zergarik ordaintzen ere. 2012an, Goodgrowerreko akziodun nagusiak, Gallardo anaiak, Montororen amnistia fiskalaz baliatu ziren paradisu fiskal ezberdinetan ezkutatzen zituzten 113 milioi euro zuritzeko.

Dakigunez, gure osasunarekin espekulatzen duten mafioso horien enpresen egoera asko hobetu zen pandemiaren ostean, osasungintza publikoaren baliabide faltak aseguratzaileen bidezko osasun zerbitzu pribatuen eskaera handitu zuenean. Hori ikusita, zilegia da galdetzea ea pandemian osasungintza publikoaren arduradun nagusietakoa zen Sagarduik Jaurlaritzan izandako egonaldia probestu zuen Osakidetza indartzeko edo berbera kaltetu eta Estatuko osasun pribatuaren bigarren enpresa handienean postu garrantzitsu bat lortzeko.

Etika publikoko batzordea sortu zen 2014an, agintariek kargu publikoa utzi ondorengo bi urteetan enpresa pribatuetan jarduteko zuten ezintasuna bermatzeko, batzordea osatzen zuten bost kideetatik hiru gobernu barnekoak izanik. Hala ere, Alberto Martinez egungo Osasun sailburuak adierazi duenez, Sagarduiren kasuan ez da inolako bateraezintasunik, Vithas klinikarekin “harreman komertzialik” ez dagoelako. Interpretazio horrek, berriro ere, zalantzan jartzen du ate birakarien gain dagoen kontrola eta Jeltzalez osatutako Etika publikoko batzordearen eraginkortasuna.

Sagarduirena ez da osasun publikoaren arduratik osasun pribatura jauzi egiten duen EAJko kargudun baten lehenengo kasua. Bere lankide izandako Mikel Sanchez Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak ere hiru hilabete behar izan zituen kargu publikoa utzi eta Mutualiarentzat lanean jartzeko. Jon Darponek, Sagarduiren aurreko Osasun sailburuak, 2019an dimisioa eman ondoren, Keralty Health aseguru-etxe pribatuan amaitu zuen lanean. Ibon Etxebarria, Darponen lantaldeko kidea, berriz, Osakidetzaren anbulantzien kontratu nagusiena zen, eta kudeaketa okerragatik kanporatua izan zen Grup La Pau enpresako gerente bihurtu zen. Benetan noren mesedetan ari dira lanean kargu publiko horiek? Osasungintza publikoa hobetu nahi dute edo etorkizuneko karrera pribatuak bermatzea dute helburu? Aipatutako kasuek erakusten dute ez dela salbuespena, baizik eta eredu bat: politikari neoliberalek sektore publikoa baliatzen dute ondoren lanpostu bat emango dien negozio pribatuak sustatzeko.

Jaurlaritzak gaixotasuna negozio errentagarri bihurtu nahi du, baina hori ekiditeko ez da nahikoa oposizioko alderdiek Jeltzaleen etika falta kritikatzea. Herritarrok Osasungintza publikoaren alde egiten dugu: manifestazio etengabeak hiriburuetan, kontzentrazioak anbulatorioetan, sindikatuen kanpainak... Ezkerreko politikariek zuen lana egiteko ordua da, ate birakariak benetan debekatzen dituzten legeak aurrera ateratzekoa. •