Xabier Mikel ERREKONDO

Iraultza inposiblea

Emakumearen eguna da gaur. Esateko modu bat da, egutegian banderatxo morea ezartzea, ze jakina da, aldarri guztiena bezalaxe, egunero beharko lukeela izan emakumeen eguna, eragiteko zein borrokarako eguna, arrakala eta genero-injustizia guztiak apurtzeko ahaleginak eguneroko zereginak baitira.

Munduan, begia non jarri, emakumearen eskubideen egoerak jarraitzen du larri. Aldeak izugarriak dira, halere, eta berdintasunerantz egin beharreko urratsen erritmoak ezberdinak dira, halabeharrez. Europan feminismoak nagusiki berdintasun-eskubideen alde eta indarkeria sexistaren kontra diharduen bitartean, hego Ameriketan, arraza eta klase borrokaz gain, feminizidio gordinari aurre egin behar diote, indarkeria hiltzaile orokortuari, soilik emakume izateagatik.

Ez da zutabearen asmoa eskubideen aldeko borrokaren historia kontatzea, baina obligaziozkoa da erreferentziazko emakume batzuen aipamena egitea: Emmeline Pankhurst, Clara Zetkin, Malala Yousafzai, Rosa Parks, Angela Davis, etab.

Hauek guztiek teoria landu, ipar hainbat ezarri, aldarriak egin eta konpromiso osoa hartu zuten, baina nire ustez azpimarragarriena da arrakala zehatzen batean beren burua ekintza zuzenera eraman zutela. Gehien bat azken horregatik bilakatu dira erreferente.

Gaur ere pauso eraginkorrak emango badira, mugimendu zabalaz gain, esango nuke tokian tokiko emakume erreferenteak behar direla, baina arrakala guztien apurtzea eta egiazko berdintasuna lortuko lukeen iraultza zabal bakarra inposiblea da. Tokian tokiko iraultza txikiak baino ez ditut ikusten posible, arrakalen murru erraldoia zatika eraitsiko luketen iraultza txikiak.

Ze ez dute balio Laboaren ahotsetik kantatu genituen letrak, “Denak ala inor ez, dena ala ezer ez, bakarka ezin da…fusilak ala kateak”, bihotzetik eta erromantizismo sanotik ez bada... •