Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Otsemea

Otseme bat ikusi dut Larhunen. Sendoa, argia, bizi indarra bezain boteretsua, bizi emailea. Lurraldeaz kontziente, mugimendu etengabean dabil.

Desmuntatu eta sakabanatutako eskeleto batetik jaio zen. Bada zahar bat, bera ere Otseme deitua, arimaren ezkutaleku batean bizi dena. Hezurrak biltzea da bere zeregina, galtzeko arriskuan dena jaso eta mantentzea, eta otsoak dira bere espezialitatea. Hezurdura bat osatu duenean, suaren ondoan jarri eta kanta bat abestu dio. Orduan, hezurrak haragiz estali dira eta ilea hazi zaio animaliari. Bertze kantu bat, eta bizia hartu du; goiti biratu zaio buztana, arnasten hasi da. Hain ozen abestu du Otsemek, ezen zoruak dar-dar egin baitu. Piztiak begiak zabaldu ditu eta korrika egin du eskapo.

Lasterka doala, abiada bizian, zapaldu duen putzu baten plisti-plasta, eguzki izpi bat edo argitzen duen ilargia dela medio, otsoa emakume bilakatu da. Libre eta irri ajaka doa aitzinera...

Otseme izeneko istorio hau “Women who run with the wolves” (1992) liburuan jasotako ipuinetako bat da. Duela urte dezente gomendatu zidan elkarrizketatu batek, lanean hasi berri nintzela. Clarissa Pinkola Estesen lana lagun izan nuen garraio publikoan egiten nituen bidaia anitzetan, eta gaur berreskuratu eta topoan irakurtzen hastea gozagarria izan da. Martxoaren 8a geure burua oroitzeko data ona izan daiteke. Edozein egun da aproposa horretarako. Liburu honetako ipuinak sendagarriak dira. Barne mundua argitzen dute eta bueltan eramaten gaituzte emakume jakintsu eta basatien bizira.

Pinkolak dioenez, emakume denongan bizi da emakume basa eta guztiok dugu haren irrika. Harekin bat egiten dugunean sormena loratzen da, harreman esanguratsu, sakon eta osasuntsuak sortzen dira, eta gure zikloetara itzultzen gara, sexuan, sormenean, lanean zein aisian. Senez dakigu noiz hil behar duten gauzek, eta noiz bizi behar duten; badakigu nola urrundu eta nola egon. Gure sena baieztatzen dugunean, gau izartsu bat gara: infinitu begirekin ikusten dugu mundua. •