ERRALDOIGILEAK

Artisauen neguko lan isila, udan erraldoi eta buruhandiek distira egin dezaten

Erraldoi eta buruhandiak ezinbesteko osagaiak izaten dira Euskal Herriko ia edozein jaietan. Baina egun berezi horiek iritsitakoan dena prest egon dadin, beharrezkoa da aurrez artisauek egiten duten lana. Artisau horietako batzuekin izan gara, beren jardunaren nondik norakoak hobeto ezagutu eta balioan jartzeko.

Ruben Platero, Arren duen lantokian. Orain dela gutxi Estafeta 47 souvenir denda historikoa ere hartu du, eta bertan saltzen ditu bere gomazko panpina ezagunak.
Ruben Platero, Arren duen lantokian. Orain dela gutxi Estafeta 47 souvenir denda historikoa ere hartu du, eta bertan saltzen ditu bere gomazko panpina ezagunak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Uda izaten da erraldoi eta buruhandien garaia. Herrietako jaien jiran, etxeko txikienak erabat liluratzen dituzte, eta helduei ere irribarrea ateratzen diete haien dantza eta jolasekin. Baina uda partean eder eta distiratsu egoteko, ezinbestekoa da neguan zehar hainbat artisauek mimoz egiten duten lana. Horregatik, artisau horietako batzuen lana hobeto ezagutu nahi izan dugu.

Iruñerrian egiten dute lan, esaterako, Gigantes Platero eta Eskuartean enpresek. Erraldoigileak dira, baina bestelako artisautza lanak ere egiten dituzte. Eta bien kasuan, txikitatik zetorren afizioak bultzatu zituen bertako arduradunak ofizio horretara.

«Ni gomazko panpinekin hasi nintzen, eta ‘Gigantes Platero’ izena hor hasi zen ezaguna egiten», dio Ruben Platerok, Arren duen lantegitik. «Apurka-apurka beste lan batzuk egiten hasi nintzen, eta horrela iritsi nintzen azkenean erraldoiak eraikitzera. Hasieran proiektu apalak ziren: erraldoi txikiren bat partikular batek eskatuta, buruhandi bat... Jauzitxoak ematen joan nintzen, erraldoi handiak egiteraino. Udalentzat, konpartsentzat edo elkarteentzat, beti gomazko erraldoien produkzioarekin batera. Horrez gain, nik badut erraldoiekiko afizioa. Erraldoiak dantzatzen ditut Faltzesen. Niretzat "Verano azul" herria da Faltzes, nire aita bertan jaio zelako eta bertan pasatzen nituelako udak. Eta afizio horrek ere bultzatu ninduen ofizio honetan hastera».

Eskuartean proiektua Imanol Urabayen, Christian Azcona eta Josean da Costak osatzen dute, eta Beriainen dute egoitza. «Ofizioa bere horretan ez da existitzen ofizialki. Ez dago epigraferik erraldoi egileei dagokiena, eta legez ez dago araututa. Gure kasuan, Nafarroan jaioak gara, erraldoi eta buruhandien tradizio handia dago, eta txikitatik ezagutu dugun mundu bat da. Hortik abiatuta, beste arlo batzuk ere interesatu zaizkigu: antzerkia, txotxongiloak, arte plastiko desberdinak... Txikitatik izan dugu margotzeko edo figuratxoak egiteko zaletasuna, segur aski tradizio hori erakutsi zigutelako. Gauzatxoak egiten joaten zara eta apurka konturatzen zer gustatzen zaizun eta zer ez. Gure kasuan, beti gustatu izan zaigu margoekin saltseatzea, adibidez, eta interesatzen joaten zara, eta horren inguruko ikastaroak bilatzen», azaldu digu Christian Azconak.

«Txikitatik gustatu izan zaizkigu erraldoiak, beste haur askori bezalaxe, baina batzuk adinarekin interes hori galtzen joaten diren moduan, gure kasuan areagotzen joan da: nola egiten diren, zer materialekin... Modu nahiko autodidaktan joaten zara ikasten. Eskulan zaleak izan gara, alde horretatik», gehitu du Azconak, konpartsen mundua ere ezagutzen dutela argituz: «Gu hiruron kasuan, artisautzan hasi aurretik, mundu hau konpartsen barrutik ezagutu dugu: erraldoiak dantzatzen, buruhandiekin... Konpartsakide bat gehiago izateak ere eraman gaitu interesa areagotzera. Besteek zer egiten duten ikusi, gehiago ezagutu...»

HEDATZEN DOAN ZALETASUNA

Nabarmena da azken urteotan erraldoiekiko zaletasuna areagotu egin dela, batez ere Euskal Herri mailan ezagutza hori hedatzen joan delako. «Nafarroan tradizio idatzia XII. mende ingurutik daukagu, modu alegoriko samarrean izan arren. Corpus Christiko ospakizunak, galdu ziren Iruñeko katedraleko erraldoiak... Eta egia da, batez ere Gipuzkoara, zaletasun hori eta Nafarroako kultura hori hedatzen ari dela. Ez bakarrik erraldoiekin. Gaita edo dultzainarekin ere gertatu da. Musika instrumentu hori Lizarran sortu zen eta Nafarroan eta Euskal Herrian zabaltzen joan da. Eta egia da azken urteotan sare sozialek eragin handia izan dutela erraldoiekiko zaletasun hau zabaltzeko. Aldaketa handiak daude 1990eko eta 2000ko hamarkaden artean eta, batez ere, 2010etik aurrera. Nafarroan ere bai. Erraldoiekiko eta dultzainarekiko zaletasuna handitzen joan da azken hamarkadan», baieztatu du Christian Azconak.

Ezkerretik eskuinera: Imanol Urabayen, Christian Azcona eta Josean da Costa, Eskuartean proiektuko kideak, Beriainen duten lantokian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Asko entzuten dugu Nafarroa erraldoien lurraldea dela. Ni oroitzen naiz txikitan betidanik ikusi izan ditudala Iruñekoak eta Faltzesekoak. Gipuzkoan agian zaletasun gutxiago egon izan da, baina gogoratzen naiz Donostiako Alboka artisau dendako Maite eta Itzurun konpartsako kideak nola jarri ziren nirekin harremanetan erraldoien gomazko panpinak egiteko, afizioa sortzen joan nahi zutela esanez. Zaletasuna agian bazegoen, baina ez zen gaur egun bizi dugun bezainbestekoa. Konturatzen naiz Gipuzkoan erraldoiekiko zaletasuna ikaragarri hazten ari dela. Nik batez ere gomazko panpinen eskaeran nabaritzen dut. Eta Udalen eskaeretan ere bai», berretsi du Ruben Platerok.

Alde horretatik, Rubenek eskerrak eman nahi dizkio Xabier Garate erraldoigile irundarrari, Gipuzkoako lan eskaerak bideratu dizkiolako. «Aipatu behar dut Xabier Garaterekin oso harreman estua dudala, eta berak erretiroa hartu duenez, berarekin lan egiten zuten Udalei eta bere lan egiteko modua gustatzen zitzaienei nire telefonoa eman ziela. Xabier Garate erreferente bat da niretzat, eta berari esker lan asko egin dut Gipuzkoako herriekin. Hasieran Nafarroako bezeroekin egiten nuen lan batez ere, baina gerora eremu hori zabaltzeko aukera izan dut. Udal askotatik deitzen didate, bai figurak egiteko, bai errestaurazio lanak egiteko».

Ezagutzan sakontze horrek artisauen ikuspegitik ere baditu bere abantailak, egindako lana gehiago baloratzen delako, Azconaren esanetan. «Lehen lan hau ez zen artistikoki behar bezala baloratzen, baina urteak igaro ahala erraldoiek eta buruhandiek atzean duten lana gehiago baloratzen da: nongoak diren, nola egin diren, nork egin dituen... Eskatzen duten mantentze lanaz ere kontzienteago da jendea. Ez dela festetan kalera atera eta listo, baizik eta urtean zehar ardura bat eskatzen dutela ongi zaintzeko».

ESKAERA OSO KONKRETUAK

Ruben Platerok aipatzen duenez, gaur egun jasotzen dituzten eskaerak oso konkretuak izaten dira. «Garai batean erraldoi guztiak oso antzekoak izaten ziren. Aurpegi berdina izaten zuten herri desberdinetakoek, nahiz eta gero agian jantziak edo xehetasun batzuk aldatu. Gaur egun ohikoagoa da herri bakoitzak erraldoi bereizgarriak izatea, herri horren ezaugarriren bat ordezkatuko duena. Burura datorkit, adibidez, Guardiako erraldoien adibidea. Katximorroa eta Dantzaria nahi zituzten, herriko sinboloak direlako. Horregatik, normalean ideiak oso argi izaten dituzte: ‘pertsonaia hau nahi dugu gure herria ordezkatzen duelako’. Castro Urdialesen, adibidez, Marinelen Auzoan egiten duten jaian erabiltzen duten jantzi tipikoa nahi zuten. Eta are gehiago, zenbait kasutan pertsona jakinen erraldoiak egiten dira. Herrian lan asko egin dutelako, edo jaietan antolakuntzan ibili direlako, omenaldi moduan erraldoia egiten zaie».

Eta joera horrek, erabiltzen diren materialekin batuta, erraldoiak egiteko modu jakin bat ekarri du. «Garai batean langintza honetan aritzen ziren artisauek kartoiarekin egiten zuten lan, guk ‘carton fallero’ bezala ezagutzen dugunarekin, ‘mache’ kartoia edo harri-kartoia delakoarekin. Eskaiolarekin molde bat egiten zen eta molde hori kartoi horrekin betetzen zen. Erraldoiak egiteko modurik puristena dela esango genuke, tradizionalena, baina badira urte batzuk jada erraldoi gehienak beira-zuntzez eta poliester-erretxinarekin egiten direla. Zergatik? Ba alde batetik pisuarengatik, beira-zuntza askoz arinagoa delako, eta bestetik hezetasuna jasateko gaitasunagatik. Kartoia hezetasun xurgatzaile handia da eta kartoizko erraldoi batek, nahiz eta oso ongi gordeta eduki, hezetasuna hartzen amaitzen du. Urteen poderioz aurpegien formak galtzen joaten dira, lepoak okertzen...»

«Garai bateko eskaiolazko molde horiek berrerabilgarriak izaten ziren, eta erraldoi bat baino gehiago egin zitezkeen molde berarekin. Gaur egun, Udalek oso erraldoi jakinak nahi dituztenez, egiten diren erraldoiak bakarrak izaten dira, ‘molde galduan’ egiten direnak. Aurpegia zizelkatzen da, beira-zuntza bota, eta hortik ‘positibo’ deitzen duguna atera. Eta moldea edo guk ‘ama’ deitzen duguna suntsitu egiten da. Horrek esan nahi du aurpegi hori bakarra dela, ez dela existitzen berdinik munduan. Antzekoak egon daitezke, baina berdinik ez», gehitu du Platerok.

Eta erreportaje hau ez litzateke ongi osatuta egongo jostunen lana nabarmenduko ez bagenu. «Jostun bat daukagu. Eta bere lana ere izugarri gustatzen zait -onartu du Rubenek-. Azkenean, sormen lan bat egiterakoan, beti eduki behar da ‘ero’ puntu bat. Askotan eskatzen dizute pertsonaia bat egiteko, eta ikertu egin behar duzu zer arropa mota erabiltzen ziren garai horretan. Edo argazki batzuk bidaltzen dizkizute, eta dituzun aukeren artean egokiena iruditzen zaizuna hautatu behar duzu. Behin, buruhandi batzuk eskatu zizkiguten, herrian ‘los berzas’ deitzen zieten pertsonaia batzuk irudikatuko zituztenak. Eta aza bat nola jantzi behar dugu? Ba jostunak esan zidan lasai egoteko, eta azkenean AEBetatik ekarri zuen tela bat aza irudiz betea, eta pontxo moduko bat egin zuen, besoak jasotakoan gorputz biribil bat sortzen zuena. Eta horregatik, argi dut hobe dela bakoitzak bere arloa lantzea».

KONPONKETA LANAK

Mantentze lanak neguan pilatzen ote diren galdetuta, Christian Azconak dio ez dutela izaten egutegi jakinik, eskaeren arabera aldatu ohi delako. «Gure lana oso gorabeheratsua izaten da, eta denboraldiak ere bai. Apirilean hasten dira herrietako lehen jaiak, eta azkenekoak urrian izaten dira ia. Kasik urte guztian izaten dira jaiak, eta jai patronalak ez badira ere, neguko jaiak izaten dira, inauteriak, gabonak... Beraz, urritik otsailera gehiago egoten gara herrietako jaietan irtengo diren figurak prestatzen. Eta apiriletik urrira bitartean, erraldoiak kalean gehiago ibiltzen direnez, gehiago izaten dira konponketak eta antzekoak. Baina gure lan kopurua iristen zaizkigun enkarguen araberakoa izaten da batez ere».

Josean da Costa, oraindik margotu gabe dagoen buru batekin lanean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

«Kartoizkoek mantentze lan gehiago behar dute, aipatu dugun hezetasunagatik, batez ere. Poliesterrezkoen kasuan, mantentze-lana batez ere ohiko erabilerarekin lotuta legoke: kalean joan eta kolpe bat hartu du, erorikoren bat... Noski, kolpe txiki bat bada konponketa ere txikia izango da, erorketa handia izan bada eta aurpegiak lurra jo badu, konponketa ere konplikatuagoa izan daiteke, agian aurpegia osorik berrosatu beharko da, berriz margotu, bizkarrezurra apurtu den... Izan kontuan 35 eta 45 kilo arteko figurez ari garela, lurrera erortzen bada, kolpea gogorra izan daiteke», ohartarazi du Platerok.

Azkenaldian ugaritzen ari diren erraldoi topaketek ere areagotu dute kolpeak izateko arriskua. «Erraldoiak ez dira beren herrian bakarrik irteten. Kasu gehienetan beste herrietako topaketetara ere mugitzen dira. Eta mugimendu horrek bere arrisku puntua dauka beti. Kamioian sartu, muntatu eta desmuntatu, erorikoren bat, kolperen bat... Mila faktore daude ezusteko konponketa eskatu dezaketenak», dio Azconak.

Zorionez, eta antzeko beste ofizio batzuetan gertatzen ez den bezala, erraldoigintzan dabiltzan artisau gazteak badira, orain arteko tradizio horiei jarraipena emateko prest, gu guztion gozamenerako.



Xabier Garate: «1980ko hamarkadaren hasieran festetako ohitura asko berreskuratu ziren, eta ni ere olatu horretara igo nintzen»

Xabier Garate, bere lantokian, 2019an ateratako argazki batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Xabier Garate Etxarri (Irun, 1960) izan da azken hamarkadetan Euskal Herriko erraldoigile nagusietako bat. Erabat autodidakta, Nafarroan errotuagoa zegoen tradizioa Gipuzkoan zabaltzen joan da ilusioz beteta. Aurten hartu du erretiroa, eta bi hitz egin ditugu berekin.

1980ko hamarkadaren hasieran heldu zenion ofizio honi. Zer oroitzapen dituzu garai hartaz?

Gipuzkoan tradizio hau dena bazterrean utzia zegoen. Erraldoiren bat geratzen zen nonbait, baina ezer gutxi. Baina “Trantsizioa” deitu izan den epe horretan, festetako ohitura eta tradizio asko berreskuratzen joan ziren. Eta ni ere olatu horretara igo nintzen. Pertsonaia mitologikoak aurkezten genituen: Basajaun, Mari... Garai bateko errege-erreginak baino zerbait bertakoagoa. Edo herrietako ofizio tradizionalak: errementariak, arrantzaleak... Ideiak harrera ona izan zuen eta, gauza hauek oso ikusgarriak direnez, alboko herrikoek ere berehala galdetzen zuten: “Aizu, hau nork egin du?” Nahi bezainbeste informazio bidali dezakezu Udaletara, baina benetako erakusleihoa kalea da. Inauteriak ere berreskuratu ziren leku askotan. Oso urte intentsoak izan ziren. Nik olatu hura hartu nuen eta ia gaur arte, hilabete honetan hartu dudalako erretiroa.

Ofizio hau ez da unibertsitatean ikasten. Zu nondik zentozen?

Ni ikasketetan asmatu ezinik nenbilen. Administrazio ikasketak egin nituen, Delineazio ikasketak ere bai... Esku ona nuen marrazketarako, baina ez nuen argi ikusten nirea hori zenik. Kale antzerkia egiten nuen taldetxo batekin eta antzezlanetarako gauzak egiten hasi nintzen: maskara batzuk, zankoak... Eta hor pentsatu nuen agian izan nezakeela aukeraren bat hortik bizitzeko, hori izan zitekeela nirea. Gogoratzen naiz nire lehen lanetariko bat Oiartzungo Udalarentzat egindako bi buruhandi izan zirela, eta garaian agian ez zen oso ongi ulertzen. Gogoan dut udaltzain batek esaten zidala: “Joe, gu hemen gabiltza aspalditik jertse berriak eskatzen eta ez dago modurik, eta orain zuei hori enkargatu...” Niri ilusio handia egiten dit jendearen poza ikusteak. Aurreko batean Beasaingo ezagun batzuek komentatzen zidaten: “Gogoratzen naiz umetan hemen ibiltzen nintzela eta orain nire semea dabil, jada 9 urte ditu”. Belaunaldiz belaunaldi jarraitzen duen zaletasuna da.

Jarraitu bakarrik ez, indartu egin dela esango nuke.

Gaur egungo afizio handi horretan hondar ale bat jarri badut, ni pozik. Ikuskizun herrikoiak dira, doakoak, ez duzu inolako ikasketa berezirik behar apreziatu ahal izateko... Horri balio handia ematen diot. Eta jendeak lotura hori egiten du: hauek “gureak” dira, gure herrikoak, eta beste herrietakoak ere ezagutzen joaten zara. Nik “ikonografia paganoa” dela esan ohi dut. Ez dakit zer herritako birjina edo santua ezaguna den moduan, hau beste debozio mota bat da, baina pasio antzekoarekin. Eta hori agian Nafarroa aldetik gehiago datorren arren, harrobia lantzeko modu bat da. Ez da batere erraza herriko jaietan erraldoiak dantzatuko dituen jende gaztea topatzea. Gau osoa parrandan ibili eta goizeko 9.00etan erraldoiak dantzatzera? Ba zorionez badaude batzuk. Eta ez dira erraldoiak bakarrik: musika, dantzak...

Hasiera hartan kartoiarekin egiten zenuen lan?

Nik ia hasieratik poliesterrarekin egin dut lan. Lagun bat nuen itsasontzi bat egin zuena eta hark eman zizkidan lau azalpentxo beira-zuntzarekin eta poliester-erretxinarekin nola lan egin jakiteko. Eta ni buru-belarri sartu nintzen horrekin, asko esperimentatuz. Azkenean, kartoiaren arazoa hemen hezetasuna izaten da. Asko sufritzen du eta azkar izorratzen da. Aldiz, beira-zuntzarekin askoz gehiago iraungo duen zerbait egin dezakezu, eta itxura bera duena. Arinagoa ere bai. Zumea ere erabili izan dugu, baina zumeari sitsa egiten zaio. Eta horren arina ere ez da. Aluminiozko egiturak ere egin izan ditugu, baina egurrak beste malgutasun bat dauka, beste ukimen bat. Aukerak ematen genituen bakoitzak aukeratzeko. Eta egur desberdinak probatzen ere joan ginen: lizarra, pagoa...

Inauteriak igaro berriak dira, eta Irungo zanpantzar famatua egin duzu aurten ere. Irundar bezala, berezia izango zen, ezta?

Bai. 39 urte dira berez, baina pandemiako urte bat kendu beharra dago. Asmoa ez zen tradizio bat sortzea, ezta gutxiago ere, baina horrenbeste urteren ondoren, tradiziotzat hartu beharko dugu. Gure asmoa kultura herrikoi horri beste osagai bat gehitzea izan zen. Gaur egungo gazteak ez ziren jaio ere egin orduan. “Zanpantzarra betidanik egin da”, esaten dizute. Betidanik zuretzat, 19 urte dituzulako (barreak).