Gorka Zozaia
Kimikaria
3 BEGIRADA:

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta

Irudian, eguzki eklipse bat.
Irudian, eguzki eklipse bat. (KOLONKO)

Datorren ostegunean, hilak 20, negua eta udaberria banatzen dituen ekinokzioa izango da. Lurraren ardatza Eguzkiarekiko elkarzut egongo delako, ekuatorea marra zuzen bat izango da, adibidez, Merkuriotik begiratzen gaituenarentzat. Modu berean, Eguzkitik gertuago gaudenok, Saturnoren eraztunak ikusteari utziko diogu hilabete batzuetan, maiatzean egongo baita bere ekinokzioan.

Urrian aurreratu nuen astronomia fenomeno hau txoko honetatik, baina akats bat eginez: azken ekinokzioa 1995ean izan zuela esan nuen, baina 2009an izan zen, 15 urtekoa baita Saturnoren periodoaren erdia. Zeruko ordena ziklikoaren adibide, eklipse serie bat datorkigu aurki. Eguzkia, Ilargia eta Lurraren arteko dantzan, “saros” deritzan zikloa betetzen baita: 223 ilargi (hilabete sinodiko) edo 6.585,32 egunen buruan (18 urte pasatxo), astrook posizio berdinetara itzultzen dira. “Saros” ziklo batean 84 eklipse gertatzen dira, beraz, 42 eguzki-eklipse eta beste horrenbeste ilargi-eklipse. Honi Lurraren errotazioa gehitzen badiogu, lurralde jakinetan oso-oso gutxitan gertatzen ahal dira hurrengo urteetan iberiar penintsulan ikusi ahalko ditugun eklipseak. Hasteko eta behin, lerrook idatzi eta gutxira, 14 goizaldean, ilargi-eklipse partzial bat izango da, eta ilargi ziklo erdi beranduago, hilaren 29an, eguzki eklipse partziala izango da. Heldu den urteko abuztuaren 12an, berriz, eguzki-eklipse osoa ikusteko aukera izango da, Euskal Herriko hegoaldean eta mendebaldean ikusi ahalko dena. 2027an, beste eguzki-eklipse oso bat, Gibraltarko itsasartearen inguruan ikusgai izango dena, eta azkenik, 2028an, penintsula erditik zeharkatuko duen eguzki-eklipse anularra!

Badira, hala ere, errepikatzen ez diren zikloak; betiko desagertuko diren fenomenoak. Adibidez, camembert, brie edo gazta urdin zenbait, ez dira gehiago ezagutu ditugun bezalakoak izango, berauek egiten dituzten onddoak desagertzear daudelako. Antza, etengabe klonatu den onddo zepa honek bere ugalketa oztopatzen duten mutazioak jasan ditu eta, hamaika gaztandegi eta laborategitan presente egonagatik, arriskuan jotzen da espeziearen etorkizuna. Esan liteke sexu faltak eramango duela espeziea kolapsora, baina egiari zor, halaxe ekoizten da elikagai andana; helburuaren arabera, ugalketa sexuala baino interesgarriagoa baita klonazioa.

Aipatu onddoaren kasuan, adibidez, gazta hauen xuritasun eta xamurtasuna galtzear den espeziearen ezaugarri omen da eta, beraz, etorkizun hurbilean kolore horixkagoa eta zapore desberdina izango dute gazta ezagun hauek, gaztagileei batere interesatzen ez zaiena. Interesak interes, ikusteke dago ea mehatxua erreala den edo gazta hauen irabazien zikloa handitzeko estrategia komertzial soil baten aurrean ote gauden. Dena dela, espezieak desagertzen ahal direla agerikoa da, eta polita bezain beharrezkoa zaigu biribilgune dirudiena espiral bat dela ulertzea. Beti berria den bira bera, iturri baten ura berria den bezala... Ah! Jana eta zikloak direla, Ramadan mubarak ari zaretenei! •