Gatazkak biolentzia sexuala areagotu du, biktimen artean urtebeteko umeak daude
Unicefek kaleratu berri duen ikerketa baten arabera, haurren bortxaketak nabarmen igo dira Sudanen, RSF Azkar Laguntzeko Indarrak eta Gobernuaren arteko gerraren testuinguruan. Datu izugarriak eman ditu aditzera. 2024tik pasa den urtarrilera arte, 221 bortxaketa dokumentatu ditu. Horietatik 16k bost urte baino gutxiago zituzten, eta lauk urtebete besterik ez.

Sudango gatazka armatuaren testuinguruan, gobernuz kanpoko erakundeek eta Nazio Batuek giza eskubideen urraketa larriak salatu dituzte. 2023ko apirilean RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren eta Armadaren arteko gatazka hasi zenetik, 11 milioi pertsonak ihes egin behar izan dute, beraien herriak eta etxebizitzak atzean utziz. Gerrak krisi humanitario larria eragin du herrialdean. Nazio Batuetako Giza Eskubideen buruak, Volker Türkek, berriki ohartarazi duenez, ehunka mila pertsona gehiago hil daitezke datozen hilabeteetan gosetearen eta laguntza humanitarioaren murrizketen ondorioz.
«Amildegirantz goaz. Agentzia humanitarioek adierazi dutenez, gerrari amaiera jartzen ez bazaio, laguntza humanitarioaren sarbidea errazten ez bada, eta nekazaritza ekoizpena berrekiteko jarduten ez bada, ehunka mila pertsona hilko dira», nabarmendu zuen Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluan.
Türkek gogorarazi zuen Sudango bost eremutan gosetea deklaratu dela, gatazkak eragindako desplazatuen eremu handienetako bat barne (Zamzam, Darfur iparraldean), eta beste 17 ere egoera hori jasateko arriskuan daudela.
«Nire langileek Khartumen (Sudango hiriburuan) eta Omdurmanen gosez hil diren pertsonen testigantza izugarriak ezagutu dituzte», helarazi zuen. Gatazkan, nazioarteko aktoreak esku hartzen ari direla gaineratu zuen, erdigunean baliabide naturalak eta eremu estrategikoen kontrola baitago. Behatzaile batzuen arabera, Arabiar Emirerri Batuak dira Azkar Laguntzeko Indarrak (FAR) talde paramilitarraren arma hornitzaile nagusia, eta Errusiak, berriz, zuzenean edo Wagner taldearen bidez, gatazkan esku hartzen duten bi aldeei armamentua ematen die.
Türkek azpimarratu zuen Sudango gerra munduak gaur egun bizi duen «hondamendi humanitariorik handiena» dela; barne desplazatuen exodorik handiena, 8,8 milioi, eta inguruko herrialdeetara ihes egin behar izan duten 3,5 milioi errefuxiatu gehitzen zaizkio goseteari.
Eskubide urraketa larrien artean, ospitaleetako eta eskoletako bonbardaketak, zibilen aurkako exekuzio sumarioak, izaera etniko eta tribaleko erasoak, gorroto-diskurtsoak eta sexu-indarkeria aipatu zituen. Zigorgabetasuna oso zabalduta dagoela ere salatu zuen.
Urraketa guztiak mekanismo independente eta inpartzialen bidez ikertzeko eskatu zuen. «Sudan bolborategi bat da, kaosean are gehiago lehertzeko zorian dago. Krimen lazgarriak eta goseak eragindako heriotzak areagotzeko arriskuan dago», esan zuen Türkek.

Testuinguru horretan, Unicef-ek haurren kontrako sexu erasoak nabarmen igo direla ohartarazi du. 2024 hasieratik 2025eko urtarrila bitarte, 221 haur-bortxaketa dokumentatu dira Sudango bederatzi estatuetan. Horietatik, %66 (147) neskatoak ziren, eta %33 mutikoak. Bereziki eskandalagarria den datu bat eman zuen aditzera Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak. Bortxatuak izan ziren adin txikikoen artean, 16 haurrek bost urte baino gutxiago zituzten, eta horien artean, urtebete besterik ez zuten lau umetxo zeuden. «Talde armatuek urtebeteko haurrak bortxatzeak edonor hunkitu beharko luke, eta berehala jardutera behartu», plazaratu zuen Catherine Russell Unicef-eko zuzendari exekutiboak. «Bortxaketak eta beste sexu-indarkeria mota batzuk gerra-taktika gisa erabiltzen dituzte eragile armatu desberdinek. Milioika haur sexu biolentzia pairatzeko arriskuan daude. Datu horiek ez dute biolentziaren benetako dimentsioa islatzen, lagin txiki bat besterik ez dira», plazaratu zuen. Askotan, biktimek eta haien familiek ez dute gertatutakoa salatu nahi izaten estigmarengatik, beldurragatik edo komunitateak bortxatuak izanagatik baztertu ez ditzan. Beste batzuek ez dute salatzeko modurik gerra frontean daudelako edo mediku zerbitzurik ez dutelako gertu.
Noiz eta non gertatu ohi dira sexu erasoak? Eragile armatuak hirietan nahiz herrietan sartzen direnean eta, batez ere, etxeak miatzen dituztenean; ihesaldian; biktima atxikituta dagoen bitartean; galdeketa garaian; janariaren edo bestelako oinarrizko hornigai batzuen truke; eguneroko bizitzako jarduerak egitean, adibidez, uraren bila edo merkatura joatean. Ondorengo jokabide-ereduak atzeman ditu Unicefek: taldean eginiko bortxaketak, baita ezkontzaren barnean ere; bortxaketa saiakera edo sarpen baginalik gabeko biolentzia sexuala; eraso fisikoak eta hilketak - askotan sexu-indarkeriarekin batera- ezkontideen, seme-alaben eta gainerako senideen aurka; tratu txar psikologikoak eta mehatxuak; eta lapurretak.
Sexu biolentziaren ondorioak askotarikoak dira: trauma psikologikoak, estigma, isolamendua, familiaren arbuioa, bortxazko haurdunaldia, sexu-transmisiozko gaixotasunak, hepatitisa eta giza immunoeskasiaren birusa barne, zauri fisiko larriak...
«Esperientziarik beldurgarriena bortxaketa da. Malkoak besterik ez dira geratzen. Ez da besterik geratzen. Atzo gertatu balitz bezala gogoratzen dut gertakari hura». Bizirik atera zen emakume heldu baten lekukotasuna da. Etxe batean beste emakume eta neska batzuekin batera eduki zuten.

Mariam -segurtasunagatik aldatutako izena- bi neska neraberen ama da. Bere amesgaizto okerrenak errealitate bihurtu ziren gerra bere hiriraino iritsi zenean. Istant batean, beraien bizitzak errotik aldatu ziren. Bere bi alabak bahitu eta gatibu hartu zituzten, «nigandik urrunduz. Ahalegin guztiak egin nituen alabak aurkitzeko, oinazeak larriki gaixotu ninduen arte. Baina ez nituen alabak aurkitu. Hilabete batzuk geroago, auzoko batek esan zidan ondo zeudela, baina gizon armatuek bortxatu egiten zituztela. Ez pertsona bat, ez bi. Alaba txikiena bere buruaz beste egiten saiatu zen eskumuturrak moztuz. Alaba nagusia odola bota arte jipoitu zuten. Ez zieten jaten ematen eta 24 orduz lan egitera behartzen zituzten, lisatzen, garbitzen, eta abar».
Gizon armatuengandik ihes egin ondoren, hiri berri batera ihes egin zuten Mariamek eta alabek. Alaba zaharrenak, Yarak, barne zauriak zituen eta ospitaleratu egin behar izan zuten. Familiak Yara eta arreba, Dana, haurdun zeudela jakin zuen. «Gertatutakoa ez da bere errua, beraz, ez dut arrazoirik umearekin haserre sentitzeko», dio Yarak, erditu eta egun gutxira. «Espero dut beste inork pairatu behar ez izatea nik sufritutakoa».

Emakumeen borrokak utzitako zazpi irudi esanguratsu

«Beatrizena bezalako istorioek bestelako errealitate bat irudikatzea baimendu digute emakumeoi»

«Zaintza lanak emakumeek egiten ditugulako dira ordaindu gabeak, ez afektiboagoak direlako»
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik
