Astegun buruzuri batekoa
Asteko egunik txarrena ez da astelehena. Inon irakurgai ez dagoen baina nik asmatu dudan ikerketa baten arabera, aitzitik, baliteke egunik onena izatea. Edo jendeak, uste duenaz bestera, egiaz gehien estimatzen duen eguna. Nik ere uste nuen, jendeak bezala, lan munduan astelehena dela asteko egunik txar eta kaskarrena ez ezik, kaltegarriena ere. Eta hala ez bada, zein ote da?
Ikerketa horren arabera, igandea da zorigaiztoko egun hori. Kontuz, baina: igande arratsaldea. Igande goiza besterik baita, literatura lekuko: narrazio gehienak nola hasten diren ikusi besterik ez dago: «Igande goiz eguzkitsua zen...». Igande arratsaldea, berriz, goibela da definizioz. Hori du epiteto, goizak “eguzkitsu” nola. Zergatik eta, hara nahastea, biharamunean astelehena delako. Astelehenaren hurbiltasunak eragiten du bazkalostean hasten den beldurra, nahigabea, existentziaren zentzugabea.
Igande arratsaldeko ondoez hori, baina, ez dugu astelehenean nabaritzen. Astelehena ez baita egun txarra, ona baizik, katartikoa. Hori da arestian esandako ikerketa zorrotz horren ondorio nagusia. Alderantzizko prozesuan, astelehenean modu inkontzientean sumatzen dugun lasaitasuna igande arratsaldearen hurbiltasunak eragiten du. Hura atzean utzi izanak ematen digun bozkarioak bizi izaten gaitu lanaren, errutinaren babespean.
Hala, ohi bezala aste honetan ere, astelehenarekin normaltasuna iritsi zen; lanak eta egunkariek ekartzen diguten normaltasuna, araua berresten duten salbuespenekin: “Europako Batasuneko Zerga Behatokiak aberatsenei % 2ko zerga ezartzea proposatu du, Defentsan inbertitzeko”. Aitor dut pixka bat ikaratu nintzela hori irakurrita, baina lasaitu ederra hartu nuen berehala, 100.000 milioi baino gehiago dituztenei eragingo liekeela jakinda. Banekien hortxe-hortxe ibiliko nintzela.
Edonola ere, ezustea izan zen albistea, uste bainuen Emmanuel Macronek duela aste bi egin zuen eskaintza atomikoa nahikoa izango zela defentsa premiak asetzeko. Antza denez, ez da hala, ordea. (Macronen eskaintzaz ari garela, Vladimir Putinek ere astindu zuen mehatxu nuklearra gerraren hasieran, haren eromen hiltzailearen eta abarren erakusgarri, kontatu zigutenez. Macronek bere armategi nuklearra partekatzea eskaini zuenean, aldiz, ez zirudien inolako armamentuz ari zenik, hainbat informazioren arabera: «Frantziaren aterki nuklearra» eskaini zuen; hori bai, kasu honetan disuasio neurri gisa).
Erasoa gauza sinplea da; defentsa, berriz, oso konplexua, milaka milioi euroren konplexutasuna du. Hala ere, herritarren bizimodu duinak ez bezala, ez du defizitik eragiten, edo agintari eskudunek ez dute halakotzat joko. Gainera, gastu militarrari esker arrazoia izango dugu, orain arte bezala; baita, halako batean, zerga sistema pitin bat bidezkoagoa ere.
Asteleheneko lasaitua eta euforia inkontziente hori desagertu egiten dira astearterako; hala ere, normaltasun sentsazioak badirau: «Israelek [egun bakar batean ere errespetatu ez duen] su-etena lehertu du Gaza bonbardatuta: 404 hildako gau batean», ohartarazi zigun NAIZek lehen orduan. Gaza normaltasunera itzultzen hasi zen astelehen gauean. Bonbek, goseak eta gaixotasunek ez bezala, ustekabean harrapatu zituzten gazatarrak; -beharbada biharamunean bizirik segituko ote zuten pentsatzeak eragingo zien egonezina, igande arratsaldeko ohiko goibeltasunari gehituko zitzaiela kontuan hartuta- hala programatu baitzituzten Israelgo agintariek astegun zital batean, zapatuko otoitzen osagarri. •

Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta
