Urtzi URRUTIKOETXEA
MANIFESTARIAK DEPORTATZERA?

Mahmud Khalil ikasle palestinarraren atxiloketak alarmak piztu ditu AEBetan

Mahmud Khalil palestinar errefuxiatuaren atxiloketak, New Yorken, alarma guztiak piztu ditu eskubide zibilen aldeko elkarteetan. Columbia unibertsitateko palestinar ikasle horrek agiri guztiak legez ditu eta estatubatuar batekin ezkonduta dago, baina, hala ere, deportatzeko asmotan da Trumpen gobernua.

Mahmud Khalilen atxiloketa eta balizko deportazioa salatzeko Times Square-n, Manhattanen, egindako manifestazioa.
Mahmud Khalilen atxiloketa eta balizko deportazioa salatzeko Times Square-n, Manhattanen, egindako manifestazioa. (Jimin KIM | EUROPA PRESS)

Donald Trumpen agintaldiko lehen bi hilabeteek ezustekoetarako tarte gutxi utzi dute dagoeneko, baina badira herrialdean oso errotuta dauden oinarriak ere astintzen dituztenak. Adierazpen askatasuna, kasu. AEBetako herritartasuna lortu aurretik etorkin batek izan dezakeen migrazio-estatusa gorena izanda ere, deportatzeko asmoz atxilotu duten palestinar baten kasuak ezinegona zabaldu du. Erabateko ziurgabetasuna dakar ustez AEBetan seguru samar zeudela uste zuten askorentzat, eta beren iritziak plazaratzea eta kalean adieraztea -luzaroan beste herrialdeen aldean estatubatuarrek harro azpimarratu dituzten eskubidea- ekintza arriskutsu bihurtu dela agerian geratu da.

Mahmud Khalil Sirian jaiotako palestinar bat da. Ikasketak New Yorkeko Columbiako unibertsitatean egin ditu. Horretarako, bisarekin iritsi zen duela urte batzuk, eta erabat errotu da Estatu Batuetan. Estatubatuarra du emaztea, eta dagoeneko beharrean Green Card edo txartel berdea dauka, hau da, AEBetako herritartasuna (nazionalitatea) lortu aurretik egin ohi den agiria. Baina Khalilek, iaz Columbian egin ziren protesta eta kanpaldietan nabarmendu zenez geroztik, mehatxuaren fokua gainean izan du. Trumpek berak ohartarazi zuen «Hamasen aldeko» manifestari atzerritarrak deportatzeko asmoa zuela; zaku horretan Palestinaren aldeko edozein elkartasun-ekintza, protesta edo adierazpen egon liteke.

Duela aste bi, ICEko (migrazioko) agenteak unibertsitateko ikasle-egoitzan agertu ziren bera atxilotzeko. Ez dago argi horretarako eskubiderik edo unibertsitatearen baimenik ote zuten, baina atxilotu egin zuten. Larunbatez izan zen, zortzi hileko haurdun dagoen emaztearekin etxera sartzen ari zela. Atxiloketa-unean argudiatu zuten Khalili bisa erretiratu ziotela. Haren emazteak gogora ekarri zien ez zuela bisarik, legez AEBetan mugagabe bizitzeko den Green Card-a baizik. Hala zela frogatzen zuten agiriak atera zituenean, horrek berdin zuela erantzun zieten. Txartel hori ere baliorik gabe geratu zela baino ez zieten esan, Khalil eskuburdinak jarrita eraman aurretik.

Berehala Louisianako atxilotze-gune batera eraman zuten, New Yorketik bi mila kilometro baino gehiagora. Giza eskubideen elkarteei esker, hasierako asmoak geldiaraztea eta deportazioa eragoztea lortu dute. Martxoa amaitu aurretik beste agerraldi bat izango du epailearen aurrean Khalilek, kanporatzeko agindua betetzen den jakiteko. Bere abokatuek gutxienez atxiloaldia New Yorken bertan izatea eskatu dute, emaztea erditzear egonik.

ADIERAZPEN-ASKATASUNA KOLOKAN

Barne-segurtasuneko sailak dioenez, «erakunde terrorista izendatutako Hamasi lotutako ekintzak» egitea leporatu diote Khalili. «Administrazio honek ez du onartuko gure herrialdean ikasteko pribilegioa izatea pertsonek, eta gero estatubatuarrak hil dituzten erakunde terroristen alde egitea», ohartarazi zuen Karoline Leavitt Etxe Zuriko prentsa idazkariak.

Baina Khalilek ez dauka inolako auzibiderik zabalik bere aurka, ez diote inolako delitu zehatzik egotzi. Azken batean, protestatzeko eskubidea -eta protesta horien aurka kritika egiteko eskubidea- adierazpenen eremuari dagokio. Ez dute atxilotu deliturik egiteagatik, Gobernuak Khalilen adierazpenak eta jarrera politikoak gaitzesten dituelako baizik.

Trumpek «Hamasen aldeko ikasle atzerritar erradikala» izatea leporatu dio Mahmud Khalili. Palestinaren aldeko ekintzaileen kontrako gurutzada hasi du presidente estatubatuarrak. (Chris KLEPONIS / EUROPA PRESS)

«Legezko bizilagun/egoiliar iraunkorra den Khalil atxilotu izanak disuasiorako mezua bidaltzen die herrialde osoko pertsonei, unibertsitateko campusetan zein kanpoan, eta ohartarazten die bere eskubideak erabiltzen dituenak errepresioa, atxiloketa eta urruntzea jasateko arriskua duela», esan du Paul O'Brienek, AEBetako Amnesty Internationaleko zuzendari exekutiboak. Izan ere, AEBetako Konstituzioak, sarritan aipatzen den lehen emendakinean, adierazpen askatasuna bermatzen du.

Protestarako eta adierazpen librerako eskubidea Europako leku gehienetan baino modu zabalagoan ulertzen da AEBetan (herrialdeko bandera erretzea ere adierazpen librean sartzen dela onartu dute epaileek). «Ikasle baten aurka jotzea Konstituzioaren aurka doa, eta mezu negargarria igortzen du, adierazpen askatasuna ez dagoela babestuta esanez», salatu du New Yorkeko Immigrazio Koalizioak. «Karta berdea epaile batek baino ezin du atzera bota. Argi dago Trumpen administrazioak legeari entzungor egiten diola beldurra hedatzeko eta bere agenda arrazista sustatzeko».

Trumpen Gobernuak, atxiloketa eta deportazio-prozesua defendatzeaz gain, Khalilen kasua abiapuntua baino ez dela dio, eta gehiago etorriko direla atzetik. Horretarako, Adimen Artifiziala ere baliatzen ari dira. AAn oinarritutako webgune batek Helyeh Doutaghi Arabiar ikertzaileak Palestina Askatzeko Herri Frontearen alde diharduen elkarte batekin lotura duela ondorioztatu du programa horrek. Yaleko unibertsitateak berehala kargugabetu du Zuzenbide-ikasketetako proiektu batean zeukan arduratik.

BELDURRA ZABALDU

Argi dago Etxe Zuria iazko protestetan parte hartu zuten pertsonen aurkako neurriak hartzen hasi dela, katebegi hauskorrenetik: estatubatuar naziotasuna ez daukatenekin.

Atzerritarrek beste herrialde batera joateko edo bertan bizitzeko dituzten bisak, azken batean, ez dira prozesu administratibo edo burokratiko soilak. Herrialde baten erabaki politikoa ere bada nori uzten zaion sartzen eta nori ez, inolako argibiderik eman gabe. Baina sarrera onartu zaion, bertan legez dagoen eta herritarra izan ez arren eskubide konstituzionalak badagozkion pertsonak atxilotu eta kanporatzea, inolako deliturik egin gabe, oso muturreko neurria da. ACLUk, Eskubide Zibilen elkarte historikoak, gogor salatu du gertatutakoa, eta McCarthysmoaren usaina daukala gaineratu du.

Manifestari bat New Yorken. (Milo HESS / ZUMA PRESS / DPA via EUROPA PRESS)

«Argi dago administrazioa Khalil selektiboki zigortzen ari dela ikuspegi disidenteak adierazteagatik. Horrek modu beldurgarrian sakontzen du palestinarren aldeko adierazpenak erreprimitzeko jarreran, eta immigrazio-legearen abusu gogorra da», nabarmendu du.

Iazko protesten harira, berehala hasi ziren ordezkari politikoak unibertsitateen aurka ere. Zenbait errektorek dimisioa eman behar izan zuten, eta orain Trumpek xantaia gogortu du ikastetxeen aurka: Columbiari, esaterako, 400 milioi dolarreko laguntza eten dio, «antisemitismoaren aurkako neurriak» hartu arte. DEI deritzon unibertsitatera sartzeko bidea ere ezabatzea nahi du Trumpek; gizon zuriak nagusi izan diren lekuetan ikasle beltz, latino edo emakume gehiago egotea sustatzen duten programak, alegia. Columbiaren mehatxu bera dute herrialdeko beste 60 unibertsitatek. New Yorkeko ikastetxeak iazko protesta eta kanpaldietan parte hartu zuten zenbait ikasle kaleratu ditu, eta campusean ibiltzeko baimena eman dio ICEri (migrazio-poliziari). Khalilek bi mila kilometrora jarraitzen du prozesua, eta disidentzia aspaldiko garestiena bihurtu da Estatu Batuetan.