Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista
[ASTEARI ZEHARKA BEGIRA]

Nolakoa izango da kartzelarik gabeko mundua?

Espetxerik gabeko mundu bat ezinezkoa dela uste dutenentzat, agian baliagarria da gogoraraztea espetxerik gabeko mundu bat existitu zela. 1600. urtetik aurrera hasi ziren mendebaldeko zibilizazioak askatasun gabezia, gatibatzea, zigor moduan erabiltzen, eta mende bat beranduago jarri ziren martxan kartzela modernoak. Aurretik, delitu gisa zehaztutako ekintza egin zuen horren kontra kolpeak, torturak, gorputz atalen zatitzeak, erbestea edo heriotza erabiltzen ziren zigor gisa, besteren artean.

Zeinen asmakizun onbera espetxearena, zibilizazio hobe baten tenplu; azkenean, torturak eta gisakoak atzean utziko zituen sistema -ja!-. Geroztik, kartzelen eta zigor sistemaren argi-koroa habitatuko zuten pertsonak gizatiarragoak izango ziren, Barrionuevoren tankerakoak, erarik garbienean gizartearen segurtasunaren alde lan egingo zutenak. Barrionuevo es una zona especial…

Espetxearen abolizioaren aldeko hainbat autorek, aldiz, kartzelen eta zigor sistemaren bestelako alde bat erakusten dute. Diotenez, espetxeek ez zuten ekarri Erdi Aroko zigor ankerren arintzea, baizik zigorraren profesionalizazioa. Bestela esanda, egintza odoltsuenak baztertuz edo herritarren begien bistatik kenduz, presoei min berbera egitea.

Martxoko albistea da Zaballako presondegian 35 urteko gasteiztar bat hil dela. Arabako Salhaketak jakinarazi zuenez, pertsona hori medikazio psikiatrikoa jasotzen ari zen eta, antza, suizidioen aurkako protokoloa aplikatu zioten. Kartzeletako heriotza ez da, baina, martxoko esklusiba: Lakuako Gobernuak 2021ean espetxeen eskumena hartu zuenetik, bederatzi preso hil dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Bederatzi lau urtetan. Eta gasteiztarraren kasuan suizidioa konfirmatzeke dagoen arren, ez litzateke izango espetxean bere buruaz beste egin duen lehenengoa.

Paz Frances Lecumberrik eta Diana Restrepo Rodriguezek “¿Se puede terminar con la prisión?” liburu argigarrian azaltzen dute espetxeak eta giza eskubideak ez direla inoiz bateragarriak izango. Teorian, delitugilearen mugimendu askatasuna ezabatzeko funtzio soila betetzen dute kartzelek, baina hori baino askoz gehiago egiten dutela defendatzen dute autoreok: intimitaterako eskubidea, lana eta soldata duin bat izateko eskubidea, askatasun erlijiosoa, borroka edo helburu baten alde elkartzeko eskubidea, ideiak zabaltzeko eskubidea, hezkuntza, osasun fisikoa eta mentala… Eskubide horiek guztiak eta gehiago urratzen ditu espetxeak, gatibu denaren bizitza, maizegi, jasanezin bilakatzeraino.

Horri guztiari gaineratzen bazaio, Salhaketak adierazi zuen modura, espetxeetako mediku-laguntza «urria, azalekoa eta eskuratzen zaila» dela… Sokaren korapiloa bakarrik lotzen da.

Espetxeen aurreko mundua ankerra zen, gaiztoa da zigor sisteman oinarritzen den egungo gizartea, nolakoa izango da kartzelarik gabeko mundua?

Inork ez daki esaten, baina horrek ez du esan nahi egiteari utzi behar zaionik. Horrela diote Paz Frances Lecumberrik eta Diana Restrepo Rodriguezek: «Arriskutsua da justizia penalaren eta kartzelaren ontasuna eta beharrizana baieztatzea, anomaliei erantzuteko beste alternatibarik ez dagoela uste dugulako. Delituak murrizteko zigorraz besteko alternatibarik ez dagoela esateak bizitzeko modu oso hau onartzea dakar berekin». •