Zure bideari jarraitu

Bost mila pertsonaz betetako gela hartatik mezu honekin atera ginen: «Zuetako bakoitzak gauza bat, aldaketa bat, pauso berri bat egiten badu, hurrena elkartzen garenean beste leku batean egongo gara».
Hori esan baino hamar minutu lehenago, genero berdintasuna noizbait lortuko zela pentsatzen zutenei altxatzeko eskatu berri zien. Erdiak zutik jarri ziren. Oraindik eszeptiko asko daude, behin eta berriz lurretik altxatu diren horiei indarra amaitzen ari zitzaiela esaten zidan nire aldamenean eserita zegoenak. «Egunetik egunera zailagoa da». Aniztasunaren, berdintasunaren eta inklusioaren inguruko iniziatibak bertan behera uzteko Trumpek egin duen kanpaina globalaz ari zen.
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Royal Albert Hall eraikin ikonikoan egindako ekitaldi batean nengoen. Angela Davis zen gonbidatuetako bat, eta bere hitzaldiaren aurretik gela txiki hartara sartu zenean, bere presentzia hutsak beste energia bat pizten zuen han geunden hogeita hamar pribilegiatuontzat. Elegantziaz eta inteligentziaz esandako esaldi bakoitzak, gidoi perfektu batetik baletoz bezala, esfortzu kolektiborako motibazioa eragiten zuen. Nolako ohorea nirea, une hura bizi ahal izatea.
Annie Lennoxek kontatuko karismaz beteriko istorioak, «feminista global» etiketa distirakorra erakusten zuen kamiseta soinean, guztion arreta istantean bereganatu zuen. Harriet Walterrek, aulki batera igo eta gelako argazkia atera zuen, hango energia gorde nahi zuelako nonbait, une berezi hartan. Itxaropena jasoko zuen argazki hark. Posible dela sentitu nuen nik.
Hori esaten zuen atzo Edurne Pasabanek. Nire lantokian antolatu nuen ekitaldi bat bere istorioa gurekin parteka zezan. Espektatiba ezberdinekin etorri ziren ehunka langile. Ordubete iraun zuen hitzaldian, gai asko ukitu zituen Pasabanek: determinazioa, pasioa, erresilientzia, talde lana, anbizioa, ez amore ematea, laguntza eskatzea, zaurgarritasuna erakustearen garrantzia. Bere esperientziaren eta edozeinen ibilbide profesionalaren arteko analogiak indar berezia izan zuen; finean, denok dauzkagu-eta gure K2-ak gure bizitzetan, zortzi mila metro ez dituzten arren. Eta bi bide ezberdinez aritu zen: bat, gehiengoak aukeratzen duen hori, errazena dena, konformismoarena; eta bestea, norberaren bidea, bihotzak eskatzen diguna. Posible delako. Betiko arrastoa utzi zuen Pasabanek gela hartan, arratsaldean jendeak bidali zizkidan mezuek hori erakusten zuten.
Royal Albert Hallen edo atzoko gela hartan, lezio bera ikasi genuen. Behin eta berriz oztopoak jartzen dizkiguten mundu honetan, bide berriak aurkituko ditugu, azpitik, buelta emanez, ahal den bezala. Mila esker, Edurne. •


Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta
