«Berastegin bost artzain gazte asko direla pentsa daiteke, baina lehen agian 50 ziren»
Artzain kulturari eskainitako BE! asteburua ospatzen ari dira Berastegin. Artzaintzarekin harreman berezia duen herria da, eta bertako artzain gazte baten bizipenak ezagutu nahi izan ditugu.

Gaur eta bihar Berastegira gerturatzen direnek artzaintzaren mundua hobeto ezagutzeko aukera izango dute BE! jardunaldiei esker. Guk 20 urte besterik ez dituen eta lehen pausoak ematen ari den Iraitz Garaiburu bertako artzain gaztearen esperientzia ezagutu nahi izan dugu.
Nola hasi zinen artzain lanetan? Familiatik datorkizu edo zure ekimena izan zen?
Niri familiatik datorkit, betidanik ezagutu dut. Askok esaten dute honetarako jaio egin behar dela, baina ikasteko norbaitek irakatsi egin behar dizu. Nire kasuan anaiak eta aitaren osabak asko irakatsi didate azken urteotan. Txikitatik haien ondoan ibili naiz eta denborarekin, tira eta tira, zaletasun hori sortu zait. Ardiekin lan egitea gustatu egiten zait.
Artzain eskolan ikasitakoa ez zara, beraz.
Nire kasuan etxetik jasotakoarekin joan naiz ikasten. Badakit artzain eskolak badirela eta aukera oso interesgarria iruditzen zait. Nik neuk ez ditut ezagutzen, baina oso garrantzitsua dela uste dut. Hemen alde batetik etxeko lanak daude, baina beste kontu asko ere badira artzaintza munduan hobetzeko, ardien bizimodua hobetzeko adibidez. Oso inportantea da etxetik kanpoko jakinduria hori zabaltzea.
Kanpoan ere egiten duzu lan. Nola uztartzen duzu?
Une honetan lan jardunaldi arrunta egiten dut eta arratsaldean etxera etorritakoan ardiekin aritzen naiz. Hauek, guk bezalaxe, egunero jan eta edan egiten dute, eta gainean egon beharra dago. Orain arte ikasketak lanarekin uztartzen aritu naiz, “dual” deitzen duten sistema horretan, eta gogorra zen. Ikasi, gero lanera joan, eta etxean ere berriz lan. Egia da nik etxekoari ez diodala “lan” deitzen erabat. Lana da noski, baina gustura egiten dudanez, ia “hobby” bat balitz bezala hartzen dut. Batzuk futbol entrenamendura joaten dira, besteak gimnasiora, eta niri hona etortzea gustatzen zait. Ordu asko sartu behar dira, fisikoki ere asko eskatzen du. Alde horretatik bada bi lan uztartzea. Jendeak esaten dit, “orain lan batetik beste lanera”. Nik ez dut horrela hartzen, baina ulertzekoa da.
Zaletasunetik ari zara, beraz, ez zaitu inork derrigortu.
Gogorik ez baldin badaukazu, hemen ezin da aritu. Egunero egon behar duzu, eta askotan 24 orduko guardiak egiten ariko bazina bezala [mikrofonoz kanpo kontatu digu ume egiteko garaian gauez ere ardiak zaindu behar direla badaezpada]. Hori gogorik edo zaletasunik gabe ezin da egin.
Anaiarekin aritzen zara batez ere. Bakarrik ezinezkoa litzateke errutina horri eustea?
Eskerrak anaiari! Nik dakidan ia guztia berak erakutsi dit eta oraindik ere ni baino askoz gehiago daki honetaz. Eta berak esan ohi du oraindik asko daukala ikasteko, beraz, pentsa zenbat urte behar diren mundu honetan trebatzeko.
Nahiko zenuke artzaintza izatea zure lanbide nagusia?
Bai, noski. Esan badizut nik hau “hobby” bat bezala hartzen dudala, pentsa zer litzatekeen “hobby” hori izatea nire lanbidea. Baina ez dago batere erraza. Inbertsio handiak eskatzen ditu. Baina ahalko balitz, gustatuko litzaidake.
Zuen kasuan esnearen salmenta da diru-iturri nagusia?
Ardi arrazaren arabera izaten da. Batzuk esnetarako egokiagoak dira, beste batzuek esne gutxiago ematen dutenez, arkumea hazteko gehiago. Gu batez ere esne produkziora dedikatzen gara: esnea jetzi eta saldu egiten dugu. Artzaintzatik bizi diren artzain gehienek esnea jetzi eta gazta egiten dute. Guk, kanpoan lan egiten dugunez, gazta egiteko denborarik ez dugu, gaztagintzak ere ordu asko eskatzen dituelako. Arkumea ere produzitzen dugu, ardiak esnea emateko arkumea egin beharra daukalako, baina arkumea oso prezio baxuan egon da, ez zitzaion prezio duin bat jartzen, eta ez zen etekinik ateratzen.
Inguruko artzain gehienen diru sarrera nagusia gaztagintza izaten da, ezta?
Bai. Artzaintzaren produktu nagusiak gazta eta arkumea dira, horiek dira etekin gehien ematen dutenak, baina azken urteetan arkumearen prezioa horren baxu egon denez, jendea gaztagintzan zentratu da. Asko irauten duen produktua da, salmenta erraza duena, manejablea... Arkumea ez da horren manejablea, eta garai jakin bat duenez, zailtasun gehixeago egoten dira.

Arkumea gabon garaian edo urte hasieran ezagutu izan dugu batez ere...
Arkumea jaiotzeko ardiak barruan egon beharra dauka, goxotasunean, eta horretarako urtaro onena negua izaten da. Behin arkumea eginda, hasi beharra daukazu ardiak kanpora ateratzen, esne produkziorako onena delako, esne gehiena kanpoan jaten duenarekin ematen duelako. Eta kanpora ateratzeko eguraldi onak behar dituzu. Hori udaberriarekin batera izaten da. Horregatik hartzen da arkumea negu garaiko edo gabonetako produktutzat. Baina, berez, arkumea urte osoko produktua izan daiteke baserrian horretara jarriz gero.
Udan mendira eramaten dituzue ardiak.
Behin arkumea kendutakoan eta esnea jezteari uzten diogunean, antzutu esaten diogu une horri, ardiak mendiko larreetara eramaten ditugu. Eremu zabaletan egoten dira, belarra jaten, behi eta behorrekin batera, ongi moldatzen direlako. Gu tarteka joaten gara, baina ez egunero. Ez dira jetzi behar, ez dute arkumerik... Ongi daudela erreparatzera joan behar da, herrenak eta horrelakoak, mendian libre dabiltzalako. Eta bitartean, behean beste lanetan ibiltzen gara, negurako belarrak egiten eta abar.
Erraza izaten al da mendian libre dabiltzan ardiak biltzea?
Artzain desberdinen ardiak larre berberetan ibiltzen dira, baina ez dira erabat nahasten, taldeka ibiltzen dira. Eta artzainaren edo jabearen txistua eta ahotsa berehala ezagutzen dituzte, azkar etortzen dira.
Zuek zenbat ardi dituzue?
Artzainek hori ez omen dute esaten (barreak). Guk 120 bat.
Hemen inguruan kopuru hori izaten da ohikoena?
Hemen Berastegin bai. Etxe asko daude eta bakoitza kopuru horietan ibiltzen da. Beste leku batzuetan, artzain gutxi geratzen direnez, herri batean artzain bat edo bi baldin badaude hortik bizi direnak, 500 edo 600 izan ditzakete. Ez bazara artzaintzatik bizi, 100dik gora jada kopuru handia da.
Hor badago desberdintasun handi bat artzaintzatik bizi nahi izanez gero.
Gaur egun 100 ardirekin ezin duzu artzaintzatik bizi, gehiago jarri beharra dauzkazu. Gehiago produzitu beharra daukazu. Noski, denbora gehiago izango duzu lanak egiteko, baina etekinak ere handiagoa izan beharko du. Denbora gehiago pasako duzu ardiak jezten, baina esne gehiago izango duzu, gazta gehiago egingo duzu... Aldiz, kanpoan lan egiten baduzu, etxeko lanak egiteko denbora ere horren arabera neurtu beharko duzu.
Berastegin artzain gazte dezente daudela dirudi, guk lauzpabosten berri izan dugu. Artzaintza biziberritzen ari dela esan daiteke?
Biziberritzen ez nuke esango, Berastegin garai batean artzain mordoa zegoelako. Horien oinordetza hartu dugu gazte batzuek, baina haiekin alderatuz oso gutxi gara. Artzain askoren hurrengo belaunaldiek ez dute bide hori jarraitu. Herrian artzaintza asko jaitsi dela esaten dugu: garai batean 6.000 arditik gora izan ziren eta orain 3.000 daude, artzain kopurua ere asko jaitsi da... Bost gazte asko direla pentsa daiteke, baina lehen agian 50 ziren. Esango nuke beste leku batzuekin alderatuta hemen afizio edo jarraipen gehixeago dagoela, baina garai bateko kopuruekin alderatuta, oso gutxi.

Zein da jaitsiera horren arrazoia? Zer aldatu beharko litzateke zure ustez?
Nik ikusten dudan arazo nagusia da guk produzitzen duguna ez dela behar bezala baloratzen. Gure lana behar bezala baloratuko balitz, horrek beste motibazio bat emango liguke aurrera jarraitzeko. Ikusiko genuke posible dela honetatik bizitzea. Guk ez dugu eskatzen dirulaguntza gehiago, pentsuaren edo elektrizitatearen prezioa jaistea... Pentsuaren prezioa igo baldin bada, zerbaitegatik izango da, garia gehiago kostatzen delako adibidez, ba guri ere esnea produzitzea gehiago kostatuko zaigu. Eta ikusten duzu esnearen prezioa zerbait igo dela, baina ez gastuen proportzio berean.
Uste duzu BE! asteburuak balio dezakeela zuen lana ezagutarazteko?
Uste dut baietz. Batetik, herrian bertan badaudelako gazteak artzain mundua askorik ezagutzen ez dutenak, eta bestetik, kanpotik jende asko etortzen delako gure lana ezagutzera. Udaletxea eta Josu Ozaita hau antolatzen hasi zirenean egin ziguten lehen galdera izan zen ea beharrezkoa ikusten genuen, eta guk baietz esan genien. Eskertzekoa da udalak gure lana eta produktua behar bezala balora daitezen emandako laguntza. Esango nuke asteburu hau egiten denetik herrian ere ardiak beste modu batera ikusten direla.
Zaila da zerbait baloratzea ezagutzen ez bada.
Hori da. Zuk nola baloratuko duzu produktu bat ez baldin badakizu ez nondik datorren, ez zer den, ez zer lan dagoen horren atzean? Jakiekin, adibidez, oso argi ikusten da. Zuk jaki baten atzean dagoen lan guztia ezagutzen baduzu, hori jaterakoan beste era batera baloratuko duzu. Niri lantokian galdetu izan didate noizbait: “Gazta bat egiteko zenbat denbora behar da ba, astebete?” Egin agian egun batean egingo duzu, baina gero ongi garbitu behar da, buelta eman, prozesuari ongi erreparatu, enbasatu... Urte erdiko lana da. Hori jakinda, ziur hurrengo egunean gazta jaterakoan beste era batera baloratuko duzula.

«Gurea ahalduntze mugimendua da. Sistema hau irakasleekin eraiki behar da, eta ez irakasleen aurka»

Elkarrekin ikasi eta irakasteko metodologia berritzailea
«Askapenaren eguna»
